Berriak Osasuna
qrcode

Hernanik bat egin du Etxeko Laguntza Zerbitzuko erabiltzaileen artean medikamentuen erabilera hobetzeko programarekin

2018-03-06
  • Osasun Saila, Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoa eta Hernaniko Udala elkarrekin arituko dira medikamentuen erabilera eta tratamenduekiko atxikipena hobetzeko Etxeko Laguntzaren Udal Zerbitzuko erabiltzaileen artean
  • Hernani gehitu direlarik, Gipuzkoan dagoeneko 35 udalerrik egin dute bat programarekin, eta Lurralde osoan kreditatutako farmaziak 261 dira (guztien %91)
  • Euskadin, 144 udalerri eta 325 farmazia ari dira programan parte hartzen, eta 800 paziente inguru dira onuradunak

 

Eusko Jaurlaritzako Farmaziako zuzendari Iñaki Betolazak, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Xabier Lertxundik eta Gipuzkoako farmazialarien Elkargo Ofizialeko lehendakari Angel Garayk hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean, Hernaniko Udalean, zeinaren bitartez Gipuzkoako udalerriak bat egiten duen Etxeko Laguntza Zerbitzuko erabiltzaileen artean medikamentuen erabilera hobetzeko programarekin.

Programaren helburua da medikamentuak eskuratzeko modua erraztea eta tratamendua zuzen betetzea, baita etxeko laguntzailearen edo zaintzailearen lanean laguntzea ere, botikak erosi, kontserbatu eta administratzeari dagokionez.

Horretarako, dosifikatzeko sistema pertsonalizatuak erabiltzen dira, non pazienteak eguneko une bakoitzean hartu behar dituzten konprimituak jartzen diren, dosia zuzen emateko beharrezko informazioarekin batera. Udal bakoitzeko Gizarte Zerbitzuetako zuzendaritzak aukeratzen ditu parte hartuko duten erabiltzaileak, eta haiek, Programan sartu aurretik, oniritzia eman behar dute.

Ondoren, erabiltzaileak farmazia aukeratzen du, eta elkarrizketa bat egiten zaio, fitxa bat betetzeko, hartzen duen medikazioari eta dituen osasun arazoei buruzko informazio guztiarekin. Hamabostean behin edo astean behin, farmazialariak medikazioa entregatzen du, dosiak pertsonalizatuta.

Eusko Jaurlaritzako Farmazia zuzendari Iñaki Betolazak azpimarratu duenez, horrelako programak oso garrantzitsuak dira tratamendu farmakologikoaren segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzeko, pazienteen eta senideen mesedetan, kontuan hartuta kalkulatzen dela gaixotasun kronikoak dituzten adinekoen %50-%60k ez dutela tratamendua egoki betetzen.

Halaber, Betolazak gogorarazi duenez, horrelako programak “Euskadin bultzatzen ari garen arreta eredu soziosanitario berrian sartzen dira; bere oinarrian dago gizarte eta osasun zerbitzuen arteko koordinazioa, eta pertsona jartzen da sistemaren ardatz nagusian, gizarte gero eta zahartuagoa izanik, eta gero eta gaixotasun kroniko gehiago eta mendetasun maila handiagoa egonik, sortzen diren beharrei eta arazoei erantzuteko”.

Bere aldetik, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Xabier Lertxundik oso positibo baloratu du Hernanik programarekin bat egin izana. “Etxez etxeko zerbitzua zerbitzu publikoa da eta Hernaniko Udalaren lehentasuna da herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzea. Gure ustez, programa honek bide horretan laguntzen du”.

COFGko lehendakari Angel Garay konbentziturik agertu da: “pazientearengana zuzendutako zerbitzuetan zentratutako farmazia baterantz jo behar dugu, eta etxeko laguntzako erabiltzaileen medikazioa hobetzeko programa horren erakusle ona da”. Garayk gehitu duenez, Gipuzkoako Elkargoaren apustua da “medikamentuak erabiltzen dituzten pertsonen osasuna egiazki hobetzen lagunduko duten zerbitzuak ezartzea, tratamendua betetzen laguntzeko eta, gainera, baliabide ekonomikoak liberatzeko”.

 

EAEko 144 udalerri eta 712 farmazia egiaztatuta

Gipuzkoari dagokionez, Hernani gehituta, dagoeneko 35 udalerri ari dira programan parte hartzen, eta Lurraldean 261 farmazia dira egiaztatu direnak (guztien %91); horietatik 115ek 320 gipuzkoarrentzako medikazioa prestatzen dute. Programak Gipuzkoako Lurraldean 2018rako duen aurrekontua 155.000 € da.

Hernanirekin batera, guztira 144 euskal udalerrik parte hartzen dute programan, eta 695 farmazia daude egiaztatuta, horietatik 325 pazienteekin. Gaur egun, etxeko laguntza zerbitzuen 800 erabiltzaile baino gehiago ari dira medikazioaren erabilera hobetzeko programaz baliatzen, guztira 352.200 €-ko aurrekontuarekin 2018rako.

 

Hernani, 2018ko martxoaren 6a

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko