Eu

Eusko Jaurlaritzaren ustez, Euskadik zerga-saihestearen aurka diharduten Europako foroetan parte hartu beharko luke

2018.eko martxoak 07
  • Ogasuneko sailburuorde Itziar Agirrek UPV-EHUk antolatutako “Ekonomia Ituna eta BEPS” jardunaldia inauguratu du
  • Lurralde historikoek beren araudia BEPS proiektura eta zerga-saihestearen aurkako zuzentarauetara egokitu dute

 

Ogasuneko sailburuorde Itziar Agirrek “Ekonomia Ituna eta BEPS” jardunaldia inauguratu du gaur Donostian. Bertan adierazi duenez, nazioarteko tratatu eta hitzarmenen arabera, euskal erakundeek parte har lezakete Europar Batasuneko Ekonomia eta Finantzetako Ministroen Kontseiluan (Ecofin) eta zerga-saihestearen aurka diharduten Europako foro guztietan.

Nazioarteko zerga-ikuspegia goitik behera aldatu da azken urteetan, eta nazioarteko sozietate-egitura konplexuak sortu dira. Egitura horietan, nazioartean koordinatuta jardun beharra dago. Ildo horretan, zerga-oinarrien beherakada arrisku handia da zerga bidezko diru-sarreretarako, zerga-burujabetzarako eta zerga-ekitaterako.

2015eko urrian, ELGEk BEPS (Base Erosión and Profit shifting– Zerga Oinarrien Murrizketa eta Etekinen Lekualdaketa) Ekintza Plan zabal eta asmo handikoaren barruko ekintzak onartu zituen.

Agirrek azaldu duenez, helburua nazioarteko zerga-sistemarekiko konfiantza berrezartzea eta etekinei dagozkien zergak balioa sortzen duten jarduera ekonomikoak egiten diren jurisdikzioan ordaintzen direla ziurtatzea da. 2018ko otsailean, 112 herrialdek hartzen dute parte BEPS Planean. Plan hori nazioarteko fiskalitatearen parte da dagoeneko, eta euskal fiskalitatearen parte ere bai, Batzar Nagusietan izapidetzen ari diren arau-proiektuek BEPS proiektuko zerga-saihestearen aurkako neurriak jasotzen baitituzte.

Gainera, gardentasunari dagokionez, 2011/16/EB Administrazio Lankidetzako Zuzentarauak BEPS proiektuko ekintzak txertatu ditu, hala nola tax-rulinga edo herrialdez herrialdeko informazioa. Lurralde Historikoek, nolanahi ere, adierazitako zuzentarauaren aldaketek informazioaren elkartrukean sortu dituzten estandar berri guztietara egokitu dute beren araudia.

Gaur egun, harremana Zerga Administrazioko Estatu Agentziaren bitartez bideratzen da, baina Agirreren ustez, zuzentarauak berak eskaintzen ditu administrazio-lankidetzaz arduratutako zerbitzu nazionalen edo tokiko zerbitzuen (gure kasuan, euskal erakundeen) arteko harreman zuzenagoa ezartzeko tresnak.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak