Lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritzak “erabateko” konpromisoa duela Ertzaintzarekin, Euskadiko polizia integrala den heinean
Urkullu lehendakaria egun hauetan Zornotzan egiten ari den Delituaren Prebentziorako Analisi Kriminalaren Nazioarteko I. Mintegian izan da
Iñigo Urkullu lehendakaria, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediarekin batera, egun hauetan Zornotzan egiten ari den eta ikerketa kriminalari lotutako nazioarteko aditu ugari bildu dituen Delituaren Prebentziorako Analisi Kriminalaren Nazioarteko I. Mintegian izan da. Bere hitzaldian, lehendakariak adierazi du Eusko Jaurlaritzak “erabateko” konpromisoa duela segurtasunarekin eta Ertzaintzak polizia integral gisa betetzen duen zereginarekin, eta gogorarazi du “euskal gizarteak errespetatzen eta estimatzen duen” instituzioa dela.
Mintegiaren bigarren jardunaldia Bonneko Rheinische Friedrich-Wilhelms Unibertsitateko Gizarte Antropologiako doktore Patricio Tudelaren hitzaldiarekin hasi da. Tudelak analisi kriminalak delituaren prebentziorako eta justiziaren prestasunerako politika publikoetan betetzen duen zeregina landu du. Zornotza Aretoko instalazioetara, halaber, honako hauek hurbildu dira: Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiaga, Ertzaintzako zuzendari Gervasio Gabirondo, Ertzaintzako buru Jorge Aldecoa, Inteligentzia Bulego Nagusiko buru Jon Ziarsolo eta Inteligentzia Bulego Nagusiko Inteligentzia Kriminaleko buru Juan Vicente Bilbao. Hain zuzen ere, azken horrek bideratu du ekitaldia.
Hitzaldiaren ondoren, lehendakariak hartu du hitza, eta adierazi du mintegia bide berria dela Euskadin dugun hurbileko polizia integralaren eredua finkatzen jarraitzeko. “Bat nator Ertzaintzaren betiko ezaugarri bereizgarriak izan diren konpromiso instituzionalarekin eta pertsonei zerbitzua eta hurbiltasuna eskaintzeko bokazioarekin", gaineratu du. Azaldu duenez, Ertzaintzaren polizia-ereduaren funtsak, konpromisoa, estrategia eta helburuak finkatu ahal izango dira mintegiari esker.
Lehendakariaren ustez, Ertzaintza polizia integrala da, eta “bitarteko eta baliabide profesional nahikoak” ditu Euskadin gertatzen den edozeri erantzuteko. “Herritarrek segurtasun publikoa bermatuta egongo dela pentsatu behar dute”, gaineratu du. Halaber, adierazi du Eusko Jaurlaritza prest dagoela Ertzaintzako langileek parte hartzen duten barne-foroetan elkarrizketa eta akordioa bultzatzeko. Adibidez, lan-baldintzei lotutako gaiak lantzeko foro egokia akordio arautzailearen jarraipenerako mahai paritarioa da, eta Ertzaintzaren Kontseilua, bestalde, atzo bildu zen eta brigada mugikorra modernizatzeko Planaren garapena landu zuen.