Berriak Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa

Euskadik bere turismo-eskaintza erakutsiko du handituz doan Alemaniako merkatuan, turismo-azokarik garrantzitsuenetako batean

2018.eko martxoak 06
  • Alemaniatik Euskadira iritsitako turisten kopuruak % 50eko gehikuntza izan du 2011. urteaz geroztik.
  • 2017. urtean, Alemaniako 106.000 turista baino gehiago iritsi ziren Euskadira. Alemania nazioarteko hirugarren merkatua da Euskadirentzat

 

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Alfredo Retortillo Berlingo ITB Azokara joango da bihar, Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari Harkaitz Millánekin batera. Euskadik gune bat izango du bere askotariko eskaintza (hiriburuak, Arabako Errioxa eta gainerako top turistikoak) Alemaniako merkatuan sustatzeko.

ITB Azoka bihar inauguratuko da, eta turismoaren sektoreko mundu osoko profesional nagusiak bilduko dira bertan. Egun hauetan, azokara joango diren euskal enpresa eta erakundeek hainbat bilera egingo dituzte Euskadiko gunean. Gainera, sailburuak eta Basquetourreko zuzendariak hainbat bilera egingo dituzte beste autonomia-erkidego eta erakunde batzuetako homologoekin.

Alemaniatik heldutako turismoaren balantzea

2017. urtean, Alemaniako 106.643 turista etorri ziren Euskadiko turismo-establezimenduetara.

Euskadi bisitatu duten Alemaniako turistak Ipar Renania-Westfaliatik (% 20), Hessetik (% 15) eta Berlinetik (% 13) etorri dira.

Alemaniarrek Euskadira etortzeko izan dituzten arrazoi nagusiak honako hauek dira: gastronomia eta ardoak (% 21), hiriko turismoa (% 19), touringa (% 18) eta kultura- eta ekitaldi-turismoa (% 18).

Alemaniako turisten % 67 hegazkinez iritsi dira Euskadira, % 18 ibilgailu pribatuan, eta % 8 autobusez. Euskadiko egonaldian, azpimarratu beharra dago Alemaniako turisten % 85 oinez mugitu direla, % 60 garraio publikoan eta % 19 ibilgailu pribatuan.

Alemaniako turista batek Euskadin egunean egindako gastua 100,2 euro izan da. Gastuaren tipologiari dagokionez, gastuaren % 27 ostatuan erabili da, % 18 gosari, bazkari eta afarietan, % 36 garraioan, % 5,2 gastronomia-jardueretan, % 6 beste jarduera batzuetan eta % 6 erosketetan.

Alemaniako turisten % 51ek adierazi dute Euskadi izan dela bidaiaren jomuga bakarra, % 32k beste ostatu-gau batzuk eman dituzte Euskadira iritsi aurretik, % 11k Euskadira iritsi aurretik eta ondoren, eta % 5ek Euskadira iritsi ondoren. Euskadiko batez besteko egonaldia 5,1 gauekoa izan da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)