Berriak Justizia eta Herri Administrazioa
Eu

José Manuel Fínez, Justizia Arloko Manuel de Irujo Sariaren 2010eko saritua

2011.eko urtarrilak 04

Hil osteko Saria emateko ekitaldia, datorren urtarrilaren 17an, Guggenheim Bilbao Museoan izango da eta horren buru Justiziako ministroa izango da

Justizia arloko Manuel de Irujo Sariaren 2010eko epaimahaiak saria José Manuel Fínez jaunari (Mielan de Gers -Frantzia-, 1962; Bilbo, 2010) ematea erabaki du. Epaile hau, Eusko Jaurlaritzako Justiziako sailburuorde karguan aritu zen 2009ko maiatzetik aurreko urriaren 15ean hil zen arte. Saria emateko ekitaldia datorren urtarrilaren 17an, astelehenean, Guggenheim Bilbao Museoan izango da eta horren buru Francisco Caamaño Justiziako ministroa izango da.

Antolatzaileek Euskadiko Justizia Administrazioa eraberritzeko prozesuaren alde Fínezek egin zuen ekarpen garrantzitsua azpimarratu dute baita kideen, herritarren eta politikarien ahobatezko aintzatespen eta mirespena sortu izana ere. Sailburuorde kargua hartzen zuen lehenengo epailea bilakatu zenean, saritua Bilboko Lehen Auzialdiko 13 zenbakiko Epaitegiko magistratua eta Kantabriako Unibertsitatean Zuzenbide Zibileko irakasle titularra eszedentzian zen.

Deustuko Unibertsitateak izendatutako Zuzenbideko doktorea, Jueces para la Democracia elkarteko kidea zen, eredu judizialak idazteko Batzordearekin lankidetzan aritu zen eta dozena bat liburu argitaratu zituen. Halaber, Zuzenbide arloko hainbat eta hainbat aldizkaritan parte hartu ohi zuen.

Manuel de Irujo Sari honen bidez, publikoki goraipatu nahi da beren jardunbide pertsonal edo profesionalen bidez Justiziarekiko eta haren balioekiko konpromisoan eredugarri diren eta Zuzenbidearen edozein diziplina edo espezialitate garatzen eta sustatzen duten pertsonen eta taldeen jarduera. Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak urtero ematen duen saria da eta Nestor Basterretxea eskultore ospetsuaren lan batez, aintzatespen publikoko ekitaldi batez eta 15.540 euroko diru-kopuruaz osatuta dago. Aurreko urtean, 1995 eta 2009ko maiatzaren bitartean Eusko Jaurlaritzako Justizia Saileko Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako zuzendaria izan zen Inmaculada de Miguel jurista izan zen saritua.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan