
Akitania-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak 5 proiektu finantzatu ditu aeronautika, osasuna, nekazaritza eta itsasoko baliabideen eremuetan
Euroeskualdeko Lantalde Eragilea 2017ko Akitania-Berria Euskadi Nafarroa Proiektu Deialdiko lehenengo saioan aukeratutako proiektuen zerrenda hautatzeko elkartu da. Lehenengo saio honek 300.000 euroko aurrekontua du. Bost proiektu aukeratu dira aeroespaziala eta fabrikazio aurreratuaren, osasuna/bio-osasunaren, nekazaritza eta nekazaritzako elikagaien industriaren eta itsasoko eta kostaldeko baliabideen eremuetan, 2014-2020ko Plan estrategikoan jarritako lehentasunak.
Euroeskualde-estrategiari esker, Akitania-Euskadi gunean lankidetza garatzeko 6 sektore ekonomiko gakoak identifikatu ziren: Aeroespaziala eta fabrikazio aurreratua; Osasuna/Bio-osasuna; Nekazaritza eta nekazaritzako elikagaien industria; Eraikuntza iraunkorra, egurra; Energia berriztagarriak; eta Itsasoko eta kostaldeko baliabideak.
Asmoa da gunearen finantza-baliabideak sektore gako horietara bideratzea, eta batik bat lankidetza- eta integrazio-maila txikiagoa dutenetara.
Hala, Euroeskualdeak erabaki du euroeskualde-lankidetza estrategikoak finantzatzea, sektore horietako eragileek aukera izan dezaten elkartzeko, bat egiteko, osagarritasunak aurkitzeko eta euroeskualdean nolabaiteko «masa kritikoa» lortzeko, helburua izanik sinergiak sortzea eta erronka berriei batera aurre egitea: ikerlanak, berrikuntza-proiektuak, nazioartekotze-egitasmoak, europar deialdiak prestatzea…