Eu

Arriola sailburuak Europar Batasuneko Ingurumeneko Ministroen Kontseiluan parte hartu du Bruselan

2018.eko martxoak 05
  • Euskadik zuzenduko du seihileko honetan autonomia-erkidegoek Europar Batasuneko Ingurumeneko Ministroen Kontseiluan duten ordezkaritza 
  • Ministroen Kontseiluak Europako Erkidegoak proposatutako ekonomia zirkularreko pakete berria landu du 
  • Euskal Industriaren Ekonomia Zirkularrari buruzko Diagnostikoaren arabera, Euskadiko industria-sektoreak 46,5 milioi tona lehengai kontsumitzen ditu urtean, eta hondakin guztien % 72 sortzen ditu 
  • Arriola sailburuaren ustez, ekonomia zirkularrago baterako trantsizioak aukera handiak eskaintzen dizkio Euskadiri

Euskadik zuzenduko du seihileko honetan autonomia-erkidegoek Europar Batasuneko Ingurumeneko Ministroen Kontseiluan duten ordezkaritza Hori dela eta, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak Bruselan egin den Ministroen Kontseiluan hartu du parte. Kontseilu horretan, Europako Erkidegoak proposatutako ekonomia zirkularreko pakete berria eta erkidegoek horren inguruan adostu duten posizioa landu dira, besteak beste.

Ildo horretan, Arriola sailburuak adierazi du erkidegoen arteko adostasuna handia eta bizkorra izan dela; izan ere, “ekonomia zirkularra aurrerapen jasangarriaren faktore gisa garatzeko asmoa orokorra eta partekatua da, eta, gainera, trantsizio horretan eskualdeek protagonistak izan behar dutela uste dugu”. Kalkulatutakoaren arabera, baliabideen erabileran efizientziak % 1eko hobekuntza izango balu, Europar Batasuneko enpresek 23.000 milioi euro aurreztuko lituzkete, eta 200.000 enplegu sortu ahal izango lirateke.

Sailburuak Euskadik eta, zehazki, Ingurumen Sailak ekonomia zirkularrarekin, ekodiseinuarekin eta ekoberrikuntzarekin duen konpromisoa azpimarratu du. “Izan ere –adierazi du–, Euskal Industriaren Ekonomia Zirkularrari buruzko Diagnostikoa amaitu berri dugu, eta, bertan agerian utzi denez, Euskadiko industria-sektoreak 46,5 milioi tona lehengai kontsumitzen ditu urtean, eta hondakin guztien %  72 sortzen ditu (horietatik, % 42 zabortegira eramaten dira); bi alderdi horiek direla eta, euskal ekonomiak lehiakortasuna galtzen du”.

Euskal Industriaren Ekonomia Zirkularrari buruzko Diagnostikoak adierazten duenez, lehengaiak produzitutako ondasunen kostuaren % 61 dira euskal enpresetan, eta soluzio berritzaile zirkularragoak aplikatuz gero, lehengai horien kontsumoaren % 6ko aurrezpena lor liteke batez beste (hau da, 2.000 milioi euroko aurrezpena urtean). Aurrezpena metalaren eta mugikortasunaren sektoreetan lortuko litzateke batez ere, aurrezpen potentzial horren % 49 gertatuko bailitzateke sektore horietan.

Ingurumen Sailaren ustez, ekonomia zirkularrago baterako trantsizioak aukera handiak eskaintzen dizkio Euskadiri. Merkatuetan hazteko aurreikuspenak handiagoak dira ekonomia zirkularreko produktu edo negozioen kasuan ohiko produktuen kasuan baino. Ildo horretan, produkturik “berdeenetan” aurreikusitako salmentek % 46ra bitarteko gehikuntza izatea espero dute euskal enpresek 2025. urterako.

Arriola sailburuak adierazi duenez, trantsizio horretarako “euskal industria-sektorearen zati handi baten konpromisoa dugu; horren erakusgarri ditugu dagoeneko ekonomia zirkularraren arloan diharduten eta ekonomia zirkularreko eta bizi-zikloaren azterketako irizpideen arabera landutako produktuetan 2.800 milioi euro fakturatzen dituzten 150 enpresa baino gehiago. Era berean, ez da kasualitatea Espainiako ekodiseinuko ziurtagirien % 50 Euskadin biltzea.

Gaineratu duenez, soluzio berritzaileei buruzko jakintza handia, tresna publikoen mix bat, agente espezialisten sare bat eta lankidetza publiko-pribatuko kultura finkatu bat lortu ditu Euskadik azken urteetan, eta kemen handiz erabiltzen ari dira euskal industria-sarea produkzio-eredu berri horretarantz bideratzeko. Izan ere, gogorarazi duenez, “jasangarritasunaren aldeko apustua dagoeneko ez da aukera bat, ingurumenean, gizartean eta ekonomian ondorio garrantzitsuak dituen betebeharra baizik”.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @IngurumenEJGV
    2018.eko martxoak 05

    Comentario de Twitter:
    Arriola sailburuak Europar Batasuneko Ingurumeneko Ministroen Kontseiluan parte hartu du Bruselan... https://t.co/D4nKfpJgnX

  • @IngurumenEJGV
    2018.eko martxoak 05

    Comentario de Twitter:
    El consejero Arriola participa en el Consejo de Ministros de Medio Ambiente de la Unión Europea en Bruselas... https://t.co/AoCW4gNsKA

Ekitaldiko kargudunak