Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak berdintasun-politikekin duen konpromisoa agertu du Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruan egindako adierazpenean

2018.eko martxoak 06

Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan, Erkoreka bozeramaileak dei egin dio euskal gizarteari terrorismoaren biktimei elkartasuna adierazteko datorren larunbatean Bilbon egingo den ekitaldian parte har dezan

Eusko Jaurlaritzak berdintasun-politikekin duen konpromisoa berretsi du, emakumeek jasaten duten desparekotasunari aurre egiteko “tresnarik onena” dela uste baitu. Halaber, dei egin dio gizarte osoari, bakoitzak, “bere jarrera, ekintza eta erabakien bidez”, berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko ekarpena egin dezan. Horixe jaso du martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta egindako adierazpen instituzional batean. Adierazpena Josu Erkorekak eman du ezagutzera gaur, Gobernu Kontseiluaren ondoren.

Adierazpenean emakumeek desparekotasun estrukturala mundu osoan jasaten dutela onartzen da, eta desparekotasun hau hainbat esparrutan islatzen dela: soldata-arraila, botere- eta erabaki-eremuetara iristeko zailtasuna, lanaldi bikoitzak (zaintza-zereginak eta etxeko zereginak emakumeen eta gizonen artean banatzean ikusten den desoreka handiaren ondorioz), lan-merkatuan txertatzeko zailtasun handiagoak eta emakumeen aurkako indarkeria. 

Datorren martxoak 8a, erreibindikazio-eguna izango dela jasotzen da. Eta, baita ere, historian oinarrizko eskubide batzuk lortzeko hainbeste eman zuten emakume guztiak gogoratzeko eta esker ona agertzeko eguna. Komunikabideek galdetuta, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi du “ulertezina, desegokia eta tokiz kanpokoa” izan dela Donostiako gotzain Juan Ignacio Munillak datorren ostegunerako deituta dagoen grebari buruz egin duen adierazpena. “Ez dut uste euskal gizartean bizi den inork adierazpen horren zentzua uler dezakeenik, ezta eliza-elkarteak, oro har, harekin bat datorrenik ere”, ziurtatu du. 

TERRORISMOAREN BIKTIMEN EUROPAKO EGUNA

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ekitaldi publiko baterako deialdia egin du datoren martxoaren 10erako, larunbata, Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna dela eta. Ekitaldiak honako goiburu hau izango du: Fue Injusto. Gizartea eta biktimak, elkarrekin oraina eta etorkizuna eraikiz. Ordu-erdiko kontzentrazioa izango da, Bilboko Indautxu plazan, eta Iñigo Urkullu lehendakaria izango da bertan. Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak dei egin dio gizarteari terrorismoaren biktimei elkartasuna eta esker ona adierazteko ekimen horretan parte har dezan.

Eusko Jaurlaritzak onartu du alderdi bakoitzak ekitaldian parte hartzeko duen askatasuna, baina aurreratu du “absentziak deitoratuko" dituela, halakorik gertatzen bada. Bozeramailearen ustez, aukeratutako goiburua –hau da, “bidegabea izan zela” esatea– ez da kapritxoa, “bistakoa, egia biribila baizik, eta erreparazio-konnotazio nabarmena dauka”. “Ez dugu ulertzen zergatik ez den integratzailea”, adierazi du bozeramaileak.

Halaber, Ertzaintzaren Kontseiluak gaur arratsaldean egingo duen bilerari buruz galdetu zaio, eta Erkorekak berriz ere azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzarekin duen konpromisoa. Ildo horretan, langileek Sailaren erabakietan parte hartzeko aukera antolatzeko aldizka biltzen diren barne-foroak aktibatzen ari da orain.

 

2018-03-07 gai-zerrenda

Prentsa-txostena

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)