Eu

Artolazabal: “gizarte-zerbitzuetako behatokiak sustatzen ditugu, haur eta nerabeen politika komunitarioetarako funtsezko tresna gisa”

2018.eko martxoak 02
  • “Arindu egin da esku hartzeko prozesua, eta udal- eta lurralde-eremuen arteko koordinazio hobea sustatzen dugu, umeek bizi ditzaketen egoera kezkagarriak prebenitu, saihestu eta horiek bizi dituztenei arreta emateko”

 

VG 02 03 18

Beatriz Artolazabal sailburuak gaur goizean azaldu du Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak “sustapen berezia egiten duela Gizarte Zerbitzuen eremuko behatokien alde, haur eta nerabeentzako politika sozial eta komunitarioak zehazteko funtsezko tresna gisa”, eta esan du horiek egun batzuk barru aurkeztuko direla.

 

“Haur eta Nerabeen arloaren birformulazio eta koordinazio honetan, Haur eta Nerabeei Arreta emateko Batzorde Iraunkor Sektorialarekin lankidetzan dihardugu; bertan, egungo errealitatera hobeto moldatzen den adierazle-sistema berria aurkeztu da. Hura oinarri hartuta, Euskadin haur eta nerabeen egoerari buruzko txostenak prestatuko dira”, esan du Artolazabal sailburuak Eusko Legebiltzarrean.

 

Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, 2018ko aurrekontuetan, berrogei mila euro bideratu ditu Haur eta Nerabeen Behatokirako azterlanak egiteko, eta bertan aurreikusten da ebaluazio-txostena egitea. Txostenean, gomendioak jasoko dira, etxean eta familian umeen eta nerabeen aurka egiten diren indarkeria-egoerak (tratu txarra, sexu-abusua, sexu-esplotazioa, haur-pornografia, haurren salerosketa etab.) prebenitzeko, arin detektatzeko, arreta eta babesa emateko eta konpontzeko politikei buruzkoak. Halaber, hezkuntza-sistemaren, lantokiaren, erkidegoaren eta babes-sistemen eta nerabeen zigor-erantzukizuneko sistemen inguruko azterlanak egingo dira.

 

Artolazabalek gogoratu du Zeuk Esan laguntza-zerbitzuak egiten duen kudeaketa; berehalako asistentzia telefonikoa eskaintzen du. Zerbitzu horren buru dira langile profesionalak eta  edozein zalantza edo arazori arreta emateko kualifikatuak.

 

 “Horren harira, zenbait proiektu ditugu abian, lotura segurua bilatzen dutenak.Jakina da gurasoen eta haurraren arteko lotura sustatzeak prebenitu egiten duela haurren tratu txarra familia-eremuan”, esan du Artolazabalek.

 

Zeuk Esan (telefono-zenbakia: 116111), doako zerbitzua eta anonimoa da, eta ez da telefono-fakturetan ageri. Haur eta nerabeei entzuten die, bai eta adingabeetan arrisku-egoerak antzematen dituzten helduei ere. Zeuk Esan finkatzen ari da, euskal herritarren artean baliabide eta zerbitzuen katalogoan ezagunagoa delako.

 

“Gure ekimenen bidez, besteak beste, Haur eta Nerabeen Behatokia indartzen dugu; eduki eta gaitasun gehiago eta hobeak ematen dizkiogu. Euskadin ume eta nerabeen premiak ezagutzeko eta aztertzeko mahai teknikoa eratzeko lanetan dihardugu. 2018ko aurrekontuetan “Haur eta Nerabeen behatokirako azterlanak kontratatzeko” aurrekontu-partida erreserbatu dugu”, esan du sailburuak.

 

“Halaber, tresnak behar ditugu, adingabeek abusu-egoerak bizi ez ditzaten, eta tresna arinak, horiek babesteko. Eta horretan ezinbestekoa da erakundeen arteko lankidetza. Horrela, eguneratu egin da Euskal Autonomia Erkidegoan haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko udal- eta lurralde-mailako gizarte-zerbitzuetan arrisku- eta desanparo-egoeren larritasuna balioesteko BALORA tresna arautzen duen Dekretua.

 

Artolazabalen hitzen arabera, “besteak beste, esku hartzeko prozesua arindu da eta udal- eta lurralde-eremuen arteko koordinazio hobea sustatu da. Umeek bizi dituzten hain egoera larriak prebenitu, saihestu eta horiek bizi dituztenei arreta ematea guztion kezka da, eta Sail honek, horretan, xehetasunez dihardu lanean”.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak