Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak eta udaltzaingoek erregistratutako arau-hauste penalek % 1,46 egin zuten gora 2017an

2018.eko martxoak 07

Legebiltzarrean gaur aurkeztu den delinkuentziaren memorian Ertzaintzak eta 25.000 biztanle baino gehiagoko udaletako udaltzaingoek jakin dituzten delituak biltzen dira

Ertzaintzak eta Euskadiko udaltzaingoek egindako delinkuentziaren memorian 107.957 arau-hauste penal jaso dira 2017an eta aurreko urtean, berriz, 106.402 jaso ziren, horrek esan nahi du iaz baino 1.555 delitu gehiago jaso direla, % 1,46 gehiago, alegia.Mila biztanleko delitu-tasari dagokionez, iaz 49,20ra iritsi zen, eta 2016an, berriz, mila biztanleko 48,20ko delitu-tasa izan zen. Behera egin dute hilketek, etxebizitzetako lapurretek eta beldurra erabiliz egindako lapurretek, eta gora sexu-erasoek eta familia barruko tratu txarrek.

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburua, Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea eta Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendaria Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Gobernantza Batzordearen aurrera agertu dira eurak eskatuta,  2017ko ekitaldiko delinkuentzia-memoriaren berri emateko.

“Iaz ahalegindu ginen Euskadin egindako arau-hauste penalen ahalik eta erradiografiarik zehatzena egiten, eta horretarako jaso genituen dokumentu berean Ertzaintzaren eta 50.000 biztanletik gorako udalerrietako udaltzaingoen datuak. Aurten beste ahalegin bat egin dugu, eta delinkuentzia-memorian 25.000 biztanletik gorako udalerrietako udaltzaingoen datuak jaso ditugu” azpimarratu du Segurtasuneko sailburuak, eta, bide batez, balioetsi du “Ertzaintzak eta udaltzaingoek EAEko udalerrietan ezarritako Koordinazio Batzordeen bidez egiten duten lankidetza eta koordinazio lan handia”.

Analisi bateratu honen datuek agerian jartzen dute 2017an 107.957 arau-hauste penal erregistratu zirela, 2016an baino 1.555 delitu gehiago, alegia, urte horretan 106.402 erregistratu baitziren, eta igoera, beraz, % 1,46koa izan da. Datu horrek delitu-tasan du bere isla, mila biztanleko 48,60koa izatetik 49,20koa izatera pasatu baita.

Delitu estrategikoen artean, adierazi behar da deliturik larrienek, hilketek, alegia, behera egin dutela, 2016an 6 kasu izan baitziren eta 2017an 4, eta adierazi behar da guztiak argitu zirela eta delitugileak epailearen esku jarri zituela Ertzaintzak. Indarkeria eta beldurra erabilita egindako lapurretek % 7,83 egin dute behera, etxebizitzetako lapurretek % 2,52 eta beste leku batzuetan egindako lapurretek, berriz, % 2,65. Ohikoak diren eta ohikoak ez diren tratu txarrek, ordea, % 4,33 egin dute gora, lesioek % 8,45 eta sexu-erasoek % 30, aurreko urtean 140 kasu izan baitziren eta iaz 182.

Ondarearen kontrako egintzak delitu guztien % 76,95 izan dira, eta atal horretan % 0,39 jaitsi dira ondarearen kontrako arau-hausteak. Gauzetan indarra erabilita egindako lapurretak % 2,92 gutxitu dira, eta guztira 15.642 erregistratu dira. Gutxitu egin dira etxebizitzetan indarra erabilita egindako lapurretak ere, eranskinetan, garajeetan eta trastelekuetan egindakoak ere barne direla, eta beherakada % 2,52koa izan da, 4.779tik 4.678ra, alegia.

Lurralde historikoen arabera, etxebizitzetako lapurretak % 13,25 jaitsi dira Gipuzkoan, 1.706tik 1.480ra; Bizkaian, %  2,11, 2.514tik 2.461era; eta Araban, berriz, % 27,29 igo dira, 579tik 737ra.

Ebasketak dira ondarearen eta arlo sozioekonomikoaren kontrako lapurreten ataleko arau-hausterik ugarienak, eta horiek ere % 2,66 jaitsi dira 2017an: aurreko urtean 40.230 delitu erregistratu ziren eta iaz 39.158. Era berean, % 8,33 egin dute behera motordun ibilgailuen lapurretek ere.

Segurtasun kolektiboaren kontrako arau-hausteak ere % 0,41 jaitsi dira, eta horien barruan droga-trafikoa % 0,68 jaitsi da, eta alkoholdun eta drogen eraginpean gidatzeagatik egindako arau-hausteak % 3,47. Beste arau-hauste penal gisa sailkatutakoak, berriz, % 12,12 igo dira.

Lurraldeen arabera, Gipuzkoan % 0,08 jaitsi dira arau-hausteak, eta Bizkaian % 1,05 eta Araban % 5,12 igo dira.

Ziberdelituak eta gorroto-delituak

Delinkuentziaren memoriak Ertzaintzak 2017an Euskal Autonomia Erkidegoan jakin eta ikertu dituen Internet bidezko delituei eta gorrotoarekin lotzen diren delituei buruzko atal bat ere badu.

Ertzaintzak iaz 9.217 delitu kontabilizatu zituen, eta aurreko urtean, berriz, 7.772, igoera, beraz, % 18,53koa izan da. Lurraldeen arabera, Bizkaian 4.846 kontabilizatu ziren, Gipuzkoan 2.807 eta Araban 1.564.

Ziberdelituen barruan bereziki nabarmentzen dira iruzurrak, guztira 8.218 delitu kontabilizatu dira, ziberdelitu guztien % 89, 2016an baino 1.463 kasu gehiago. Atal honetan sartuko lirateke, besteak beste, kreditu-txartel bidezko iruzurrak, banku-kontuetan egindako iruzurrezko karguak eta on lineko erosketetan gertatutakoak.

Lurralde historikoen arabera, lehenengo lekuan, intzidentzia kontuan hartuta, Bizkaia dago (4.230 iruzur), bigarren lekuan Gipuzkoa (2.572 kasu) eta ondoren Araba (1.406 kasu).

Ziberdelituekin lotuta nabarmendu beharko liratekeen beste delitu-mota batzuk biktimen egoera babesgabeez baliatzen direnak dira, eta biktimei ondorio larriak eragiteaz gainera  gizartean alarma handia sortzen dutenak. Horrela, 2017an sexu-askatasunaren kontrako 34 delitu jakin ziren, tratu laidogarrien 8 kasu, eskola-jazarpena edo bullying kasuak barne direla, eta familia barruko tratu txarren 28 kasu.

Bestalde, 2017an guztira 129 gorroto-delitu kontabilizatu dira (87 Bizkaian, 32 Gipuzkoan eta 10 Araban), eta aurreko urtean, berriz, 124. Esparruaren edo testuinguruaren arabera, nabarmendu behar da 71 arrazakeriarekin/xenofobiarekin lotuta zeudela, 32 sexu-orientazioarekin edo sexu-identitatearekin, 16 ideologiarekin, 7 sinesmenekin edo erlijioarekin, 2 desgaitasunekin eta 1 aporofobiarekin.

Ertzaintzaren erruztapenak

2017an gora egin dute arau-hauste penalen ustezko egileen erruztapenek (atxilotuak edo ikertuak), guztira 26.964 egin dira eta % 3,59ko igoera izan da, beraz; 2016an, berriz, 26.029 egin ziren.

Ondarearen eta maila sozioekonomikoaren kontrako delituetan 10.818 erruztapen egin dira, aurreko urtean baino % 2,87 gehiago, alegia, erruztapen-kopuru handiena duen delitu-mota izanik.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @AJEPLE_EUBE
    2018.eko martxoak 07

    Comentario de Twitter:
    RT @rgartzia: Ertzaintzak eta @udaltzaingoak erregistratutako arau-hauste penalek % 1,46 egin zuten gora 2017an https://t.co/9tu282vual htt…

Ekitaldiko kargudunak