Berriak Osasuna
Eu

2017-2020rako Osakidetzako Pazientearen Segurtasun Estrategiak sei ekintza ildo berri jaso ditu, pertsonentzako arriskuak ahalik eta gehien murrizten jarraitzeko

2018.eko martxoak 05
  • Hainbat eremuri heltzen zaie, besteak beste, gorabeheren kudeaketa, bigarren eta hirugarren biktimen arreta, Larrialdietako zerbitzuak, desnutriziorako arriskuarekin ospitaleratzen diren pazienteak, gernu-ihesaren prebentzioa edo antibiotikoekiko erresistentzia
  • Aurreko estrategiaren ildoei eusten zaie, izan ere, lorpen handiak ekarri dituzte, besteak beste: osasun-asistentziari lotutako infekzioen beherakada, esaterako aireztapen mekanikoari lotutako pneumonia, zeina herenera murriztu baita, 2013aren eta 2016aren artean

 

Ezarritako ekintza-ildoek eta proiektuek aurrera jarraitzen dutela bermatzea eta, horretarako, azken urteotan lortu den ikaskuntza txertatzea eta erronka berriak hartzea da 2017-2020rako Pazientearen Segurtasun Estrategia berriak lortu nahi duen helburua. Estrategia gaur aurkeztu du Jon Darpón Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Andoni Arcelai Osakidetzako Osasun Asistentziako zuzendariarekin eta Enrique Peiró Osakidetzako Osasun Publikoko eta Segurtasuneko Programen koordinatzailearekin batera.

Osasun sailburuak berak azaldu duen bezala, honako hauek dira jaso diren berrikuntza nagusiak:

Segurtasuneko gorabeheren kudeaketa

Pazientearen Segurtasuneko jakinarazpen- eta ikaskuntza-sistemaren garapen kuantitatibo eta kualitatiboan, erabat helduko zaio Segurtasuneko gorabeherak kudeatzeari, bermatzeko, batetik, ahalik eta ehuneko gehiena aztertzen dela eta, bestetik, ikaskuntza, pazientearentzako minik gabeko Segurtasuneko sorabeheren jakinarazpenetik ez ezik, mina eragiten dutenen (gertaera kaltegarriak) jakinarazpenetik ere abiatuta.

Bigarren eta hirugarren biktimei arreta

Segurtasuneko gorabeheren eremu berean, funtsezkoa da arretara bideratutako gomendio zorrotzei jarraitzea, ez bakarrik eraginpean dauden pazienteei -horiek, hala eta guztiz ere, lehentasunezkoak dira-, baita tartean diren profesionalei (bigarren biktimak) eta gorabehera horien lekuko izan diren erakundeei (hirugarren biktimak) ere.

Pazientearen segurtasuna Larrialdietako Zerbitzuetan

Larrialdi-zerbitzuak eremu berezia da eta, bertan, segurtasun-gorabeherak izateko aukera handiagoa da. Hori dela eta, problematika horri ikuspegi korporatiboarekin helduko zaio, betiere xedea unitate horietan arreta jasotzen duten pertsonen segurtasun-maila sendotzea izanik.

Jardunbide egokiak desnutriziorako arriskuan ospitaleratzen diren pazienteetan.

Jakingo duzuenez, paziente talde batzuk, hainbat faktorerengatik -besteak beste adina, elkartutako patologia jakinak-, bereziki ahulak dira desnutriziorako egon daitekeen arriskuaren aurrean. Osakidetzan, esperientzia aitzindariak daude arrisku hori prebenitzeko. Gure asmoa, orain, proiektu horiek orokortzea da eta, horretarako, Euskadin ospitaleratutako pertsonetara iristea.

Jardunbide egokiak gernu-ihesaren prebentziorako

Ildo honen helburua da pazienteen egoera funtzionalaren balorazio egokia egiteko bide ematea, bai eta ospitaleratzean pixa egiteko behar dituzten laguntzen balorazio egokia egiteko bide ematea ere. Abiapuntu hori kontuan izanik, asmoa izango litzateke ospitaleratzean xurgatzaileak desegoki erabiltzearen ondoriozko ihesa saihestea.

Ekintza-plana antibiotikoekiko erresistentzietan

Etapa berri honetarako, antibiotikoak preskribatzeko optimizazio-programak (PROA) orokortzea planteatzen da, beharrezkoak diren antibiotikoak preskribatzera bideratuak, eta, horrela, funtsezkoak ez diren tratamenduak saihestea eta kasu bakoitzean egokiena dena hautatzea.

 

Proiektu horiek, Osasun sailburuak esan bezala, “prestakuntzako ekimenen bidez segurtasunaren kultura sustatzen eta zabaltzen jarraitzeko dugun gaitasunaren” arabera gauzatuko dira. Horrela, Osakidetzako plantilla erdi inguruk dagoeneko egin duen onlineko oinarrizko ikastaroa profesional-kopuru gehiagori zabaltzeko ahalegina bikoiztuko dela jakinarazi du eta, gainera, proiektu bakoitzari buruzko ikastaro bereziak sustatuko dira. Sailburuak esan duenez, asmo handiko estrategia hori zabaltzeko, gure profesionalen lankidetza eta inplikazio aktiboa behar da; “horiek bilakatu dute aurreko estrategia arrakastatsu eta eraginkor, eta orain, beren ahaleginarekin, etengabeko hobekuntzan eta gorabeheren arriskuaren murrizketan aurrera jarraitzea lortuko dute”.

 

2013-2016RAKO AURREKO ESTRATEGIAREN EMAITZAK

 

2013-2016rako Pazientearen Segurtasun Estrategiak 13 ekintza-ildo zituen eta, aldi berean, proiektu ugari. Emaitzen ebaluazioak, funtsezko estrategia berria prestatzeko abiapuntu gisa, honako hauek egiaztatu ditu lorpen nabarmenetan:

 

  • Pazientearen Segurtasunaren inguruko Jakinarazpen eta Ikaskuntza Sistema, Osakidetzako langileen eskura dagoena, tresna garrantzitsua dela erakutsi da, ez bakarrik etengabeko hobekuntzarako, baita Osakidetzak sustatzen duen segurtasunaren kultura bera sendotzeko ere. Horrela, 2013an 1.604 gorabehera jakinarazi ziren eta, 2017an, 4.361; bost urte horietan 16.000 gorabehera jakinarazi dira. 
  • Osakidetzaren sare osoan erakunde-besokoa jartzea; horrek bermatu egiten du paziente guztien kanpo-identifikazio argia.
  • Herritarren historia klinikoan erradiazio ionizatzailea duten miaketa diagnostikoetan (OTA, mamografiak…) jasotako dosien metaketa sartzera derrigortzen duen Europako legeria aurretiaz betetzea (zehazki, 2013ko urtarrilaren 1etik); legeria hori ez da indarrean sartu 2018ko otsailera arte. 
  • Osasun-asistentziarekin berarekin lotura duten infekzioak prebenitzeko eta kontrolatzeko eremuan lortu diren funtsezko aurrerapenak. Oso bereziki, aireztapen mekanikoari lotutako pneumoniaren kasuan; 2013tik 2016ra intzidentzia-tasa murriztu egin da, herenean.
  • Segurtasun Kirurgikoaren Egiaztapen Zerrendaren erabilera orokortzea, ebakuntzen aurretik, horiek egin bitartean eta ondoren aplikatzen den check-list estandarizatua; 2018ko urtarrilean ebakuntza kirurgikoak 2017ko hil berean baino % 25 gehiagora zabaldu ziren (2017ko urtarrilean, % 41; 2018ko urtarrilean, % 66).  

 

Badaude, bestalde, nabarmentzeko beste hainbat aurrerapen, eta, kasu askotan, aitzindariak Estatu osoan, besteak beste: pertsonak beren segurtasunean inplika daitezen sustatzeko egin den kanpaina; Osakidetzako ospitale guztietan ezarritako segurtasun-protokoloa, jaioberri guztiak une oro lagunduta egotea bermatzen duena; edo Gricode segurtasun transfusionalaren sistema euskal osasun-sistema publikora osora zabaltzea.

Lorpen horien guztien bidez, Jon Darpónek berak gogorarazi duenez, Pazientearen Segurtasun Estrategia Europako egiaztagiri bidez aitortu da, UNE arauaren bitartez. “Osakidetzako profesionalen merezimendu argia, egunero egiten duten lanaren eta ahaleginaren ondoriozkoa. Oso pozik gaude horrekin; izan ere, sail honek beti ulertu izan du gure profesionalen artean eta gure erakundeetan Pazientearen Segurtasunaren kultura orokortzea lortzeko ezinbestean erraztu behar dela, ahalik eta gehien, erakunde-laguntza, etengabe pertsonak oinarri dituen ikuspegiarekin”.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @Avca_Akeb
    2018.eko martxoak 05

    Comentario de Twitter:
    Irekia - La Estrategia de Seguridad del Paciente de Osakidetza 2017-2020 incorpora seis nuevas líneas de acción... https://t.co/ihxLRrKynH

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Enrique Peiró - Osasun Publikoko eta Pazientearen Segurtasuneko programen koordinatzaile