Berriak Herrizaingoa
Eu

Ertzaintzak lanpostuen esleipenean erabiltzen duen sistema berretsi du erabaki judizial batek

2011.eko urtarrilak 03

EAEANren epai batek arrazoia eman dio beste behin Herrizaingo Sailari Ertzaintzaren sindikatuek aurkeztutako auzietan. Epailearen erabakiak atzera bota du oraingoan CCOO sindikatuaren errekurtsoa, Herrizaingo Sailak Ertzaintzako lanpostuak esleitzeko erabiltzen duen sistemaren aurka jarritakoa.

Joan den azaroaren 30eko data duen epaiak CCOOen planteamendua guztiz gaitzesten du. Herrizaingo Sailaren Dekretu baten aurkako jarrera aurkeztu zuen sindikatuak aipatutako helegitean. EAEko Poliziaren Hautaketa eta Trebakuntza Araudia berritzeko irizpideak biltzen dituen Dekretu hartan lanpostuen izendapen askea arauz kontrakoa zela salatu zuen sindikatuak.

Magistratuak bere erantzunean argi utzi du. Lehenbizi egungo legeak "ez dituela ohiko sistemak eta sistema bereziak ezberdintzen" eta ohiko sistemen baitan daudela "lehiaketa bidezko hautaketa eta izendapen askea". "Izendapen askea lanpostuak esleitzeko ohiko sistematzat jo da beti, baina berezia da (ohikoa beti ere lehiaketa bidezkoa baita)", hala ezartzen du epaileak bere erabakian.

Bestalde, epaiak hau gaineratzen du, Herrizaingo Sailak zerbitzu eginkizunetako lanpostuak esleitzeko erabiltzen duen prozesuari dagokionez: zerbitzu eginkizunetarako, behin-behinean eta aldi baterako hornitzeko sistemarako, eta zerbitzu batzordeak esleitzeko irizpideetarako (faktore objektiboak dira eta ezin da esan, hortaz, zerbitzu eginkizunak hautamenez esleitzen direla) jardunbidea ezartzen da. Halaber, amaitzeko, "ezin da esan langilez hornitzeko beste modu hauen arabera egindako lanpostu ezarpenak hautamenez edo oinarri horiek bete gabe egindakoak direla esan", eransten du testuak.

Sindikatuen aurkako bosgarren epaia

Ertzaintzaren sindikatuaren planteamenduaren errefusatze judizial berri hau, beste lau epai berriei gehitzen zaie; hauek ere Herrizaingo Sailaren lan-antolamenduko prozeduraren aldekoak eta sindikatuen errekurtsoen kontrakoak.

EAEANk CCOO sindikatuaren errekurtso bat bota zuen atzera aurreko irailean. Ertzaintzaren merezimendu bidezko lehiaketetan berdintasun egoeretan emakumeak faboratzearen kontra egiten zuen errekurtsoak. Epaiak formula hori erabat legezkoa zela zioen, eta Berdintasunaren Legeak eta Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen kartak babesten du.

Beste epai batek CCOO sindikatuaren beste errekurtso bat bota zuen atzera urrian; norberak hartzeko jaiegunen arautzea Ertzaintzara helarazteko moduaren aurka egiten zuen. Magistratuak argitzen zuen arabera, Herrizaingo Sailaren prozedura Negoziaketen Mahai Nagusiak ezarritako akordioarekin bat dator, eta Sailak egindako interpretazioa "berdintasun-printzipioarekin hoberen bat egiten duena da".

Bestalde, SIPE sindikatuak errekurtso batek kale egiten zuela ikusi zuen. Hau ere "egun moscoso"en erregulazioaren kontrakoa zen. EAEANren aurreko iraileko epai batek onartu zuenez, Herrizaingo Sailaren interpretazioak "EAEko Aurrekontu Orokorren Legean orokorki zehazten diren baldintzak baino baldintza onuragarriagoak onartu ditu Ertzaintzako agenteentzako".

ELA sindikatuak azken porrota jasan zuen aurreko azaroan, EAEANk ertzainek, pentsioen % 100az gain, hirurogei urterekin aurre-erretiroa hartzeagatik ordain-sariak jasotzea lortu nahi zuen errekurtso bat onartu ez zuenean. Horretarako, sindikatuak Herrizaingo Sailak agenteen lan-baldintzak langileen ordezkariekin negoziatzeko beharra ez betetzea alegatzen zuen. Horren aurka, epaiak argi uzten zuen: "administrazioak fede onez negoziatzeko zuen beharra bete egin duela, negoziazio batzordeen aurrean aurkeztu baitu bere proposamena; ezin da ziur esan bertan ziren sindikatuek gauza bera egin zutenik".

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan