Eu

Antonio Aiz: "Trena funtsezko elementua da Euskadiren garapen sozio-ekonomikorako, aurrerapenerako, gizarte berdintasunerako eta lehiakortasunaren hobekuntzarako"

2018.eko martxoak 01
  • Eusko Jaurlaritza etorkizuneko garraiorako prestatzen ari da, Euskal Y-a zerbitzuan jarriz eta bere trenbide sarea modernizatuz
  • Aizek adierazi duenez, 2023an Euskadi Europarekin eta penintsulako gainerakoarekin loturik egongo da, egungo trenbide isolamendua gaindituz eta trafiko mistoetarako loturak eskainiz

Antonio Aiz, Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak gaur Irunen adierazi duenez, “Trena funtsezko elementua da Euskadiren garapen sozio-ekonomikorako, aurrerapenerako, gizarte berdintasunerako eta lehiakortasunaren hobekuntzarako”. Horrela, Euskal Y-a zerbitzuan jartzea eta Euskotrenek ustiatzen duen trenbide sarea modernizatzea Eusko Jaurlaritzaren oinarrizko helburuak dira, euskal herritar guztiei kalitatezko garraio lehiakorra eskaintzeko helburuz.

Aizek, gaur goizean Euskal Kostaldeko Nazioarteko Azokan (Ficoba) ospatu den “Trena Irunen” IX. Komunikazio Jardunaldiaren barruan egin ditu adierazpen horiek. Ekitaldi horretan Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Irungo Udaleko ordezkariek ere hartu dute parte, eta baita logistikaren eta trenaren munduarekin loturiko enpresetako kideek ere.

Aizek indar osoz defendatu du Eusko Jaurlaritzak trenbidearen alde egin duen apustua, abiadura handiko sarearen eraikuntzaren bitartez: “ezaugarri horiek dituen sarearen diseinuan eta egikaritzean zuzenean parte hartzen duen Europako lurralde bakarra gara”, 140 urte bete berri dituen kontzertu ekonomikoari eta kupo sistemari esker, beste arrazoi batzuen artean.

Gogorarazi duenez, “pertsonen eta merkantzien trafiko mistoetarako sarea izango da, pixkanaka trenbiderako aldaketa modala bultzatuko duena, autobide sareak jasaten duen pilaketa arinduz. Gaur egun, penintsulatik Europara doazen merkantzien %1 baino ez doa trenez, eta Europako herrialde aurreratuenetan, berriz, ehuneko hori %18koa da”.

Ratio horiek hobetzeko, errepidea-trenbidea trantsizioa bideragarri eta erakargarri egingo duten azpiegiturak behar ditugu. Lille eta Jundiz arteko trenbide autobideak eta Lezoko Plataforma intermodala zerbitzuan jartzeak “helburu hori lortzen lagunduko digute”.

Azpiegitura eta Garraio sailburuordeak adierazi duenez, 2023an Euskadi Europarekin eta penintsulako gainerakoarekin loturik egongo da, egungo trenbide isolamendua gaindituz eta trafiko mistoetarako loturak eskainiz, “euskal hiriburuetarako abiadura handiko sarbide berriekin, iparralderantz loturak izango dituen sarearekin, Frantziako sareak UIC zabalera baitu, eta baita hegoalderantz eta Mediterraneo ingururantz egongo direnekin ere, Gasteiz-Burgos eta Iruñea loturekin”.

Eusko Jaurlaritzak bere sarea hobetzeko egin dituen inbertsioak ere azpimarratu ditu Aizek, Topoan batez ere, 246 milioi euroko inbertsioarekin, geltoki berriak eta trenbide bikoitzeko saihesbideak eraikitzeko. Horrez gain, duela denbora gutxi hasi dira Donostia erdialdetik igaroko den eta bertan hiru geltoki berri izango dituen Lugaritz-Easo saihesbidearen eraikuntza lanak.

Irungo hiriari dagokionez, Jaurlaritzak mugako hiriaren alde egin duen apustua nabarmendu du Aizek, etengabeko inbertsioak eginez trenbideko azpiegituretan, Irun Colon, udalerriak dituen hiru geltokietako bat, topoko hirugarren geltokia bilakatuz erabiltzaile kopuruari dagokionez.

 “2017an, 645.163 bidaiarik aukeratu zuten topoa, hau da, aurreko ekitaldian baino %11,3 gehiagok”, azaldu du Aizek.

Amaitzeko, “Topoaren zerbitzuaren hobekuntza” azpimarratu du, “15 minutuz behingo maiztasunak eskainiz”, eta baita “Renfe-Euskotren arteko lankidetza ere, erabiltzaileek bien arteko zerbitzuak alda ditzaten, hirugarren erraila instalatzeko lanek irauten duten bitartean”. Hazkunde garrantzitsu hori bultzatzen duten arrazoietako batzuk dira.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Jose Antonio Santano, Irungo alkatea. Marisol Garmendia, Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako diputatua.​