Eu

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak Egin egunkariaren dokumentu-funtsak Euskadiko Artxibo Historikora mugitzeari ekin dio, gaurtik hasita

2018.eko martxoak 01

Helburua da horiek ez suntsitzea eta ikertzaileen eta gainerako interesdunen zerbitzura jartzea.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza Egin egunkariaren dokumentu-ondarea Hernanin zeukan erredakziotik Euskadiko Artxibo Historikora, Bilbora, mugitzen hasi da. Audientzia Nazionalaren baimena jaso ondoren, Eusko Jaurlaritza egingo da itxitako egunkariaren dokumentu-ondarearen kargu, eta material hori “behin-behinean” gordeko da Artxiboan.

Dokumentu-funts horiek gaur goizean hasi dira eramaten, eta tokialdaketa datozen egunotan ere luzatuko da. Prozesu hori Kultura Ondarean Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarenak, Audientzia Nazionalari Orain SA sozietatearen –1998ko uztailaren 15ean itxi zen EGIN egunkaria argitaratzen zuen enpresa– argazki-funtsaren eta dokumentu-artxiboaren egoeraren gainean zeukan kezka adierazi ondoren hasi zen. 

Kultura Ondareak funts horiek erabat ez suntsitzeko neurriak hartu behar zirela adierazi zuen, eta horiek Euskadiko Artxibo Historikoan gordetzeko aukera eskaini zuen. “Gure iritziz, ondarearen ikuspegitik, interesa dauka Egin egunkariaren dokumentu-funtsak, batez ere ikertzaileentzat, historialarientzat… Zegoen moduan suntsitzeko bidean zegoen eta gerta zitekeen ez egotea atzera bueltarik; hori dela eta, uste dugu interesgarria izan daitekeela behin-behinean Artxibo Historikoan gordetzea. Han, jatorri ezberdinetako hainbat funts daude eta, zalantzarik gabe, leku egokia da hori ere han egoteko”, azaldu du Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendariak.  

Egin egunkariaren itxiera

Egin egunkaria eta Egin Irratia ETArekin lankidetzan jarduteaz akusatu zituzten, eta itxi egin ziren, Garzón epailearen aginduz (1998ko uztailaren 21a), “pertsiana operazioa”ren esparruan. Auzitegi Gorenak nulu adierazi zuen 2009an Egin egunkariaren itxiera; Orain SAk bahituta jarraitzen du. Itxi eta jarduerak etetean, epaileak Hernaniko Eziago industrialdean nabea poliziaren zaintzapean geratzeko agindu zuen.  Eraikinak 1.500 metro koadroko azalera du eta 2.600 erabilgarri, garaiera bikoitza baitu; 278,75 milioi pezetako balioa zeukan, 1,67 milioi eurokoa.

Pabiloian egunkariaren erredakzio nagusia, irratia eta administrazioa zeuden.  Bertan, beste ondasun batzuen artean, prentsa birakaria, idazketako eta administrazioko sistema informatikoa, fotokonposizioko ekipoak, prozesamendu-sistema, bobinetan bildutako paper-prentsaren tonak, altzariak, artxibategia, fonoteka, estudioko ekipoak, irrati-emankizuneko ekipoak eta komunikazio-talde batean ohikoa izaten den bestelako dokumentazioa zegoen.

Itxi zenetik, pabiloia eta ondasunak suntsitzen joan dira, pixkanaka, eta, kasu batzuetan, horrek ez dauka atzera bueltarik. Neurri horren helburua da argazki-funtsa eta dokumentu-artxiboa ez suntsitzea eta horrek atzera bueltarik ez izatea, ondare-ikuspuntutik duen balioagatik.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak