Elkarlan Sariak
Berriak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua
qrcode

Eusko Jaurlaritzak guraso-baimenak parekatzeko eta besterenezin bihurtzeko proposamena aurkeztu die Funtzio Publikoko sindikatuei

2018-03-01
  • Testua gaur aurkeztu zaie Funtzio Publikoaren Mahai Orokorreko sindikatuei, eta hiru baimen mota hartzen ditu kontuan Euskadiko administrazio publikoetan lan egiten dutenen berdintasuna, errespetua eta lan-bizitzaren eta familia-bizitzaren uztartzea bultzatzeko
  • Baimen horiek bi gurasoetako edozeinek eskatu ahal izango ditu, sexua eta familia-eredua edozein izanik ere
  • Funtzio Publikoko Sailburuorde Andres Zearretak azaldu duenez, “proposamen aitzindaria da, eta egungo gizarte-errealitate eta familia-errealitate guztiak errespetatzen ditu”

 

Eusko Jaurlaritzak etorkizuneko Euskal Enplegu Publikoaren Legearen zirriborro berri bat aurkeztu die gaur Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean ordezkatuta dauden sindikatuei. Testuak baimen-sistema berri bat proposatzen du euskal administrazio publikoetan lan egiten duten pertsonen bizitza pertsonala, familia-bizitza eta lan-bizitza uztartzeko. Funtzio Publikoko Sailburuorde Andres Zearretak adierazi duenez, “proposamen aitzindaria da, egungo gizarte-errealitate eta familia-errealitate guztiak errespetatzen dituena”, eta hiru helburu ditu:

  • Langile publikoen lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzeko aukera bultzatzea
  • Emakumeen eta gizonen erabateko berdintasunaren arloan jauzi kualitatibo bat egitea eta, era horretan, seme-alabak zaintzeko zereginak bi sexuen artean era desberdinean banatzeak dakarren desoreka zuzentzen laguntzea. Andrés Zearretak bere egin du Emakunderen mezua, eta, adierazi duenez, “administrazio publikoek eragile izateko zeregina bete behar dugu, eta gizonak ere etxeko lanez ardura daitezen sustatu behar dugu”. Ildo horretan, Funtzio Publikoko Sailburuak gogorarazi duenez, “frogatuta dago gizonak seme-alaben zaintzan inplikatzea funtsezkoa dela emakumeak ahalduntzeko eta haien garapen eta ongizaterako; gainera, jaiotzak sustatzen ditu, gizonen ongizate emozionalean laguntzen du, eta funtsezkoa da genero-indarkeriaren prebentzioan”.  
  • Familia-eredu berriak errespetatzea eta sexuagatik edo generoagatik diskriminatzen duen hizkuntza desagerraraztea. Hori dela eta, “baztertu egin ditugu ‘amatasun’ eta ‘aitatasun’ kontzeptuak, eta ‘gurasotasun-baimen” kontzeptua planteatzen dugu”, aurreratu du Andrés Zearretak.

BAIMEN MOTA BERRIAK

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako testuak hiru baimen mota proposatzen ditu arlo honetan, eta bi gurasoetako edozeinek eskatu ahal izango ditu, sexua eta familia-eredua edozein izanik ere (jaiotza, adopzioa, harrera edo subrogazioa). Honako hauek dira:

  • Guraso-baimenak: bikotea osatzen duten bi pertsonei eman ahal izango zaizkie, baldintza berdinetan. Baimen ordainduak eta besterenezinak izango dira %100ean.
  • Hamabi hilabetetik beherako semea edo alaba zaintzeko baimena: guraso-baimenari gaineratuko zaio, eta bikotea osatzen duten bi pertsonetako edozeinek eskatu ahal izango du, sexua edozein izanik ere. Orduka eskatu ahal izango dute, edota lanaldi osoetan metatu ahal izango dute; nolanahi ere, guztira segidako 150 ordu gehitu ahal izango zaizkio gehienez guraso-baimenari. Baimen horrek “edoskitze-baimen” deitu ohi dena –eta orain arte gizonei oso kasu gutxitan aitortzen zitzaiena– ordeztuko du. 
  • Lehen mailako senideak zaintzeko baimena (aita-ama, seme-alabak): aita, ama edo seme-alabekin kontsulta, tratamendu edota azterketa medikoetara joan behar duten edota gaixotasun larriak dituzten seme-alabak zaindu behar dituzten enplegatu publikoei emango zaie. Baimen berri horren bidez, administrazio publikoetan lan egiten duten pertsonek lanaldia murriztu ahal izango dute beren familiaren osasun-arazoak direla eta.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)