Eu

Bilbon jokatuko diren errugbi finaletarako sarreren salmentek aurreikusitakoa gainditu dute

2018.eko otsailak 28

Bi hilabete baino apur bat gehixeago falta da Bilbon Europako taldekako errugbiko bi final handiak jokatu arte: Champions Cup eta Challenge Cup eta sarreren salmentak gainditu egin ditu hasieran EPCRk zituen itxaropenak. Orain arte, Champions Cup finala ikusteko 36.000 sarreratik gora saldu dira salmenta plataforma ofizialaren, Espainiako eta Euskadiko errugbi federazioen, Bilbao Rugby Cluben eta Athletic Cluben bitartez.

Horrelako partidetan ohikoa den bezala, sarrerak gorde zaizkie finala jokatuko duten taldeen zaleei -apirilaren 21ean jakingo da nor diren-, EPCRri eta sarrerak saltzen dituzten beste agentzia batzuei. Hala ere, garbi dago maiatzaren 12an kirol horretako zalez beteko direla San Mameseko harmailak. Duela bi mende baino lehenagotik egiten da errugbian Europan, eta tradizio handia du Erresuma Batuan eta Frantzian.

Norgehiagoka horretarako sarreren % 54 estatuan saldu dira, batez ere Euskadin, eta % 46 Europako beste herrialde batzuetan. Horietatik, bost sarreratik bat Ingalaterran saldu da, eta Frantzian sarrera guztien % 18 erosi dira. 

SARRERA GEHIAGO DAUDE CHALLENGE CUP FINALERAKO

Oraingoz, final horretarako 20.000 sarrera saldu dira sareko salmenta plataforma ofizialaren bitartez: http://www.epcrugby.com/bilbao2018.php. Champions Cup finalaren kasuan bezala, sarrerak gorde zaizkie finalera iristen diren taldeen zaleei; horrenbestez, aurreikusi da erraz gaindituko dela aurreko finalean bertaratutako jende kopurua. Edinburghen jokatu zen azken final hori, eta 24.500 pertsonak ikusi zuten.

Champions Cup finalaren kasuan bezala, Euskadi aparte utzita,  Ingalaterran eta Frantzian erosi dira sarrera gehien, % 25,85 eta % 13,79, hurrenez hurren.

Partida horren maila Champions Cup jokoarenaren antzekoa da, eta abantaila da merkeagoa dela ostiralean jokatuko den partidaren kasuan. Hain zuzen, Challenge Cup finaleko sarrerak 25 eta 55 euro arteko prezioan eros daitezke.

AURREKARIRIK GABEKO EKITALDIA BILBON, INSTITUZIOEN ARTEKO ELKARLANARI ESKER

Gertakari historikoa da EPCRk Bilbo aukeratu izana Challenge Cup eta Champions Cup antolatzeko, gaur arte ez baitzen Europako maila goreneko finalik egin Ingalaterratik, Irlandatik, Eskoziatik, Galesetik edo Frantziatik kanpo. Bertakoak dira errugbi liga garrantzitsuenak.

European Professional Club Rugbyk, egoitzaren erabakia hartzeko, honako hauek balioetsi ditu: San Mameseko estadioaren baldintzak, bikain kalifikazioa jaso dutenak; garraio sarea, osoa eta ondo konektatua, hiritik eta lurraldetik azkar eta erraz mugitzeko aukera ematen duena; eta kirol ekitaldi handiak kudeatzen aurretik izandako esperientzia. 2014an saskibaloiko munduko txapelketaren egoitzetako bat izan zen Bilbo, eta xakeko munduko txapelketak antolatu ditu. 2016an badmintoneko munduko junior txapelketa antolatu zuen, eta Euro2020ko egoitzetako bat izango da.

Bilbo final horien egoitza gisa aukeratzeko modu positiboan baloratu den beste alderdi bat izan da kirol ekitaldi handi hori antolatzen aritzen diren eragile guztiekin izan duen instituzioen arteko elkarlan sendoa: Eusko Jaurlaritzarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Espainiako Errugbi Federazioarekin, Euskadiko Errugbi Federakundearekin, Athletic Clubekin eta EPCRrekin berarekin.

2018, URTE HISTORIKOA BILBORENTZAT, BIZKAIARENTZAT ETA EUSKADIRENTZAT

2018 urte berezia izango da Bilboren, Bizkaiaren eta Euskadiren nazioarteko proiekziorako, hirian eta lurraldean izango diren ekitaldi handiak direla eta. European Rugby Championship eta European Rugby Challenge Cup txapelketen finalez gain, maiatzean bertan beste kirol ekitaldi handi bat ere egingo da Bizkaiko hiriburuan: 2018 Bilbao Triathlon, triatloiaren festa handi bat. Espero da mila atleta inguruk parte hartzea. Kirol ekitaldien artean nabarmendu behar da Red Bull Cliff Diving probak hirira itzultzea. Ekainaren 30ean jokatuko dira, Salbeko zubian. Azpimarratu behar da Txirrindularitza Itzuliaren etapa bat Bizkaian egingo dela.

Ekainean, Bizkaian izango dira gastronomiako Oscar sariak: The World’s 50 Best Restaurants, Restaurant aldizkariak urtero munduko 50 gastronomia establezimendu onenekin argitaratzen duen zerrenda. 

Musikaren esparruan, Bilbo aukeratu dute MTV Europe Music Awards sarien 25. urteurrena antolatzeko. Ekitaldi handi horretan urteko musika arrakastatsuena saritzen da, eta munduko artista garrantzitsuenetakoen ikuskizunak ikus daitezke bertan. 2018 MTV EMA sariketa azaroaren 4an, igandean, izango da, Bilbao Exhibition Centerren (BEC!),  eta zuzenean ikusi ahal izango dira MTVren kanalen eta plataforma digitalen bitartez.

Horrez gain, enpresei eta profesionalei dagokienez, nabarmentzekoak dira Routes kongresua, BECen apirilean egingo dena; CEMRk berdintasunari, aniztasunari eta inklusioari buruz egingo duen konferentzia, ekainean Euskalduna jauregian egingo dena; eta Gizarte Ekonomiaren Munduko Foroa GSEF 2018, urrian kongresu jauregian egingo dena.

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak