Elkarlan Sariak
Berriak Eusko Jaurlaritza XI. leg
qrcode

Kontroleko osoko bilkura (2018/03/02)

2018-03-02

Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek erantzuna eman diete legebiltzarkideek Kontrolerako Osoko Bilkuran eginiko galderei eta interpelazioei.

Galdera, Unai Urruzuno Urresti EH Bildu taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, PPk Katalunian darabilen jokabideari buruz. 

Iñigo Urkullu Lehendakariak azpimarratu du 155. artikuluaren aurka dagoela, eta artikulu hori hauteskunde batzuen ondoren aplikatuz gero, ziurtatu duenez, “hautsi egiten da kontratu soziala” Kataluniako hautesleen eta hautatuen artean. Hortaz, artikulu hori indargabetzea izango da "normaltasun demokratikoa berreskuratzearen adierazle irmoena”, adierazi du. Lehendakariaren ustez beharrezkoa da Generalitateko Gobernu “egonkor eta sendo” bat izatea, bere Autogobernuko instituzioak berreskuratuko dituena eta “elkarrizketarako garai berri” bati hasiera emango diona, oraingo blokeoa gainditzen laguntzeko.

Bestalde, Kataluniako gotzainen komunikatuaren alde agertu da Urkullu. Bertan, besteren artean aitortzen zuten Katalunian "lehen mailako arazo politiko bat” dagoela; hausnarketa bat eskatzen zuten espetxeratzeen inguruan; dei bat egiten zuten ahaleginak egiteko elkarrekiko konfiantza leheneratzeko, eta parlamentuko kide hautetsiei eskatzen zieten mekanismo demokratikoak bultzatzeko gobernu berri bat sortze aldera.

Galdera, Eukene Arana Varas Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak lehendakariari egina, Familiaren eta Haurtzaroaren aldeko Ituna izenpetzeari buruz.

Iñigo Urkullu Lehendakariak adierazi duenez, berdintasunaren bidetik aurrera egitea da Eusko Jaurlaritzaren "lehentasun" bakarra. Bere ustez, Familien eta Haurren aldeko Ituna "aurrerapauso handi bat da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean, kontziliazioan eta erantzukidetasunean”. Itun horrek, ziurtatu duenez, “instituzio guztiak” sartzen ditu barruan.

Lehendakariak gogora ekarri du itun horrek aukera eman duela garrantzizko zenbait ekimeni heltzeko, guraso-baimenen proposamen berriei, besteren artean. Ituna sinatu zuten instituzioetako ordezkarien artean zeuden, Urkulluk azaldu duenez, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua eta sailburuordea, hiru foru diputatuak eta Eudeleko zuzendaria, Euskal Familia Kontseiluko kide diren elkarte eta erakundeetako ordezkariez gain.

Lehendakariak azpimarratu du ekintzetan aditzera ematen dela konpromiso instituzionala. Hala, gogora ekarri du Euskadi aitzindari dela 1988an Emakunde sortzean, 2005ean Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko lehenengo Legean eta, orain, zazpigarren Berdintasun Plana lantzean.

Galdera, Alfonso Alonso Aranegui Euskal Talde Popularreko legebiltzarkideak lehendakariari egina, langile autonomoei buruz. 

Iñigo Urkullu Lehendakariak ziurtatu duenez, Euskadin ekintzailetza babestea “ez da egiteko dagoen zeregina, zeregin etengabea baizik”. 2017. urtea 173.000 autonomorekin itxi zen; 2008an lortutako maximo historikoaren % 10 baino gutxiago bakarrik. Horrek, adierazi duenez, ez du zertan arazo bat izan, errenta-maila handiena duten herrialdeak, ehun industrial eta ekonomiko lehiakorrena dutenak, baitira autonomo gutxiago dituztenak termino erlatiboetan. Lehendakariaren iritziz, “logikoa da autonomoen kopuruak behera egitea besteren konturako langileen kontratazioak gehitzen ari diren enpresa industrialen eta produktiboen ekonomia batean”, eta gogora ekarri du 1.091 langabe gutxiagorekin itxi dela otsaila.

Dena dela, gogorarazi duenez, azkeneko GEM azterlanak adierazitakoaren arabera, autonomia erkidegoen aitzindaritzan da Euskadi ekintzaileen babes-adierazleetan. Izan ere, joan den urtean Instituzioarteko Ekintzailetza Plana 2020 onartu zen. Lehendakariak Eusko Jaurlaritzak hartua duen konpromisoa adierazi du, enpresa berriak sortzea ahalbidetzeko neurriak proposatzen jarraitzearen alde, batik bat gazteek sortutakoak. Hala, espero du lan autonomoaren 2017ko Erreformaren Legean planteatutako hobekuntza fiskalak lagungarriak izatea euren enpresak sortzera animatuko diren pertsonen kopurua gehitzeko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)