Berriak Segurtasuna

Trafiko Zuzendaritzak gogoratzen du kamioiek debekatuta dutela ezkerreko erreitik zirkulatzea, elurra kentzeko makinek eta larrialdietarako ibilgailuek elurrak eragindako gorabeherei erantzun ahal izateko

2018.eko otsailak 27

Hiru hiriburuetan eta itsasertzean egingo du elurra bihar, asteazkena, goizaldeko 3etatik aurrera

Iragarpenen arabera elurra oso behean egingo duenez –hiru hiriburuetan eta itsasertzean egitea espero da–, Trafiko Zuzendaritzak eskatu du ahal den neurrian errepideko joan-etorriak saihestea, kontuz ibiltzea eta Ertzaintzaren aginduei jaramon egitea, eta gogoratu du ezkerreko erreia libre utzi behar dela elurra kentzeko makinek eta larrialdietarako ibilgailuek Euskadiko errepide-sarean izaten diren gorabeherei erantzun ahal izateko eta bideak garbi mantentzeko. Era berean, Segurtasun Sailak kamioi-gidariei eskatzen die ez zirkulatzeko bihar, asteazkena, goizeko zazpietatik bederatzietara, errepideetan zirkulaziorik handiena izaten den eta prezipitazio ugarienak izango diren ordu-tartean, gorabeherak eta auto-ilarak sortzea saihesteko eta, era horretara, zirkulazio orokorra errazteko.
 

Neguko Bidezaintza Plana Koordinatzeko Organoa gaur elkartu da Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzak deituta eta Euskalmeten abisua dela eta, bihar, asteazkena, hilak 28, goizeko 03:00etatik 12:00etara alerta laranja aktibatuta egongo denez. Aurreikuspenen arabera, elurra egin dezake itsas-mailan, eta prezipitaziorik ugarienak goizeko 7etatik 9etara izango dira. Gaur arratsaldeko 18:00etatik aurrera Neguko Bidezaintza Planaren informazio- eta jarraipen-fasea egongo da aktibatuta, eta bihar, asteazkena, goizaldeko 00:00etan, fase operatiboa aktibatuko da.

Eguerditik aurrera elurrik ez duela egingo uste bada ere, Arabako hainbat eskualdetan eta, zehazki, Lautadan eta Arabako Errioxako hegoaldean, arratsaldetik aurrera, elur-maila igotzen hasten denean, tenperaturak oso hotzak izango dira eta izotz beltza ere egin dezake. Trafiko Zuzendaritzak gomendatzen du oso kontuz ibiltzea Arabako errepideetan.

Gomendio orokorrak

Elur-prezipitazioen ondorioak saihesteko eta arintzeko, elurrez estalita dauden errepideak erabili behar dituzten pertsonei gomendatzen die kontu handiz ibiltzeko, Ertzaintzaren patruilen aginduei arreta berezia eskaintzeko eta ezkerreko erreia libre uzteko, batez ere kamioiek, elurra kentzeko makinek eta larrialdietarako ibilgailuek bideak garbi mantendu ahal izateko eta Euskadiko errepide-sarean izaten diren gorabeherei erantzun ahal izateko.

Bestalde, Trafiko Zuzendaritzaren gomendioa da beharrezkoak ez diren joan-etorriak saihestea eta arreta handiz gidatzea, abiadura moteltzea, aurretik doazen ibilgailuekiko segurtasun-distantziak handitzea eta kasu guztietan errepidearen egoeraren arabera gidatzea, adierazi bezala abiadura motelduz eta zuhurtasunez. Era berean, eskatzen du ahal den neurrian mendateetatik ez zirkulatzeko eta, edozein egoeratan, mugikorraren bateria beti kargatuta izateko.

Gogoratzen du, gainera, errepidean elurra dagoenean, neguko pneumatikoek segurtasuna eta mugikortasuna hobetzen dutela. Trakzio, frenatze-ahalmen eta kontrol hobea eskaintzen dute zoruan ura, izotz zuria, izotza eta elurra dagoenean. Neguko pneumatikoak muntatu ez badira, elurte-garaietan behar-beharrezkoa da ibilgailuetan kateak eramatea eta jartzen jakitea.

Nolanahi ere, gomendio orokorra da goietan joan-etorriei ekin aurretik errepideei eta egoera meteorologikoaren egoerari buruzko informazioa eskatzea Eusko Jaurlaritzaren trafiko-zerbitzuko 001 telefono-zenbakiaren bidez eta Euskalmeten http://www.euskalmet.euskadi.eus webgunearen eta Twitter kontuaren (@Euskalmet) bidez.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko