Eu

Kontu ekonomikoen hiruhilekoko balorazioa “Euskal ekonomiak urtean hazkunde erritmo sendoari eutsi dio” (Gobernu Bilera 2018-02-27)

2018.eko otsailak 27

EUSTATek gaur goizean jakinarazitako kontu ekonomikoek adierazten dute euskal ekonomiak urtean hazkunde-erritmo sendoari eutsi diola, % 2,9koa 2017an. 

Hazkunde horren ezaugarriak honako hauek dira: 

  1. Enpleguak, guztira, % 2,0 egin zuen gora laugarren hiruhilekoan, eta % 2,1 urtean; bi zifra horiek Gobernuak abenduan eginiko aurreikuspenetik hamarren bat gorago daude. Hau da, bilakaera oso egonkorra da, eta, horrela, produktibitate-irabazia posible da ekonomia nabarmen orokorrerako, Estatuan oro har lortzen denaren oso gainetik. Lortu da denbora osoko 19.000 lanpostu sortzea urte osoan, eta, urteko batez bestekoa, 935.000 enplegutik gorakoa da, 2011. urtetik zifrarik altuena.Sektore guztiek izan dute eragina enpleguaren sorreran, baina jarraitzen dute zerbitzuek nabarmenago izaten (urte arteko % 2,2 2017an) eta bultzada handia izan dute industriak eta eraikuntzak (% 1,7 eta % 1,6, hurrenez hurren). 
  2. Amaierako kontsumoak eta kapital-eraketa gordinak erritmo onean egin dute gora. Nabarmentzekoa da azken horren indarra; urteko batez bestekoan 2016ko emaitza hobetu du (lehen % 3,1ekoa zen eta, orain, % 3,5ekoa). Ona da ekonomia agregatuetako batean bakarrik ez oinarritzea, eta bien arteko oreka egotea. Are hobea da inbertsioa izatea gehien hazten den agregatu makroekonomikoa, kontsumoaren gainetik; izan ere, inbertsioak etorkizuneko hazkundeari bide ematen dio. 
  3. Aurreko urteetan antzematen zen ekipo-ondasunetako inbertsioa zela nagusi, baina, une hauetan, inbertsioaren bi osagaiak bateratu egiten dira: ekipoko inbertsioa 2017an % 4,7 hazi zen, 2016an baino pixka bat gutxiago, eta inbertsioaren gainerakoa % 2,7, aurreko urtean baino ia puntu bat gehiago. 
  4. Kontsumo pribatuak moteldu egin du hazkunde-erritmoa, % 2,8ra arte; hamahiru hiruhileko egon da, elkarren segidan, hazten, % 3,0 edo gehiagora arte. Dezelerazio hori espero zen duela denbora asko, baina ez zen guztiz gauzatzen. Ona da kontsumoa BPGd-a baino gehiago ez haztea, familien zorpetzea ez areagotzeko, kontuan hartuta aurrezki-tasa (Estatuan, oro har) nahiko baxua dela.
  5. Kanpo-sektorea dinamizatu egin da mundu guztian, baita Europan ere, eta horrek euskal enpresen jarduera esportatzaile eta inportatzaile handiagoa dakar. Bi aldagaiak % 3,0 inguru hazi ziren 2017an, termino errealetan. Hori dela eta, BPGd-ari eginiko ekarpena ia nulua da. Horrek ez du esan nahi kanpo-arloarekiko merkataritza garrantzitsua ez denik, baizik eta esportazioen ekarpen positiboa ez dela konpentsatzen inportazioen ekarpen negatiboarekin, baina biak atzeraelikatzen dira eta jarduera ekonomikoa areagotzen laguntzen dute. 
  6. Eskaintzaren aldetik, industriaren bultzada da nabarmena (% 3,7 laugarren hiruhilekoan eta % 2,7 urteko batez bestekoan), eta eskarien sarreran gorakada handia egon da, eta horrek bermatu egiten du sektorearen etorkizuneko bilakaera ona. Gainera, industrian lanaren faktorearen produktibitatea nabarmen berreskuratu dela nabarmentzen da, kontuan hartuta hiruhileko batzuetan batez besteko historikotik urrun egon dela.

Eraikuntzak sendotu egiten du hazkundea % 3,0ren gainean urteko bigarren erdialdean. Sektorearen martxa ona eraikuntzaren bilakaera onean nabarmentzen da, baina urtearen amaierako tartean lizitazio ofizialaren gorakada handiak agerian uzten du azpiatal horrek ere areagotu egingo duela bere jarduera laster.

Zerbitzuek gora egin dute 2017an (% 3,1), 2016an baino pixka bat gehiago. Bereziki merkataritzan, ostalaritzan eta garraioan sartzen diren zerbitzuek izan dute bultzada handiagoa urtean zehar (% 3,7), baina azken laurdenean % 3,1era iritsi ziren. Administrazioari, hezkuntzari, osasunari eta gizarte-zerbitzuei lotutako zerbitzuek hobetu egin zuten beren balio erantsia % 2,7ra arte, baina, hala ere, gorabehera nabarmenak izaten dituzte. Azkenik, gainerako zerbitzuak 2016an erregistratutako % 2,8an mantendu ziren.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko