Eu

Gobernu Kontseiluak onetsi du 4,79 milioi euro bideratzea gizartean esku hartzeko eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzera (Gobernu Bilera 2018-02-27)

2018.eko otsailak 27

Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak, gaur, 4.792.480 milioi euroko partida gizartean esku hartzeko eremuan hirugarren sektoreko jarduerak sustatzera bideratzea onetsi du. 2017an baino ia 500.000 euro gehiago dira.

Laguntza-mota horiek abenduaren 4ko 271/2012 Dekretuan arautzen dira, eta pertsona, familia eta taldeen autonomia pertsonala eta integrazio komunitarioa babestera eta sustatzera bideratutako jarduerak finantzatzen laguntzen dute.

Gizarte-zerbitzuez gainera, ekintza-mota horiek gizarte-inklusioaren eremuan, familiaren babesaren eta haur eta nerabeentzako arretaren eta babesaren eremuan kokatzen dira. Era berean, etorkinen integraziora eta, oro har, kulturartekotasunera, adinekoen, mendekotasun-egoeran daudenen eta desgaitasunen bat dutenen arreta eta babesera eta askatasun eta aniztasun afektibo-sexualera bideratzen dira.

Diru-laguntzen lehenengo lerroak pertsona, familia, talde eta erkidegoekin gizartean esku hartzeko jarduerak aurreikusten ditu. Laguntza horiei bide emateko, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, 2018an, 3.743.480 milioi euro bideratuko ditu.

Bigarren lerroa gizartean esku hartzeko ekintza boluntarioa eta elkarteen parte-hartzea sendotzeko jarduerak diruz laguntzera bideratuko da. Atal horren barruan, finantzaketa izan ahalko dute ekintza boluntarioa eta elkarteen parte-hartzearen garapena areagotzeko jarduerek: zehazki, erakundeak, sareak edo federazioak sortu eta hobetzeko ekintzak. Laguntzen kapitulu honek 599.000 euroko zuzkidura du.

Hirugarren lerroak gizartean esku hartzeko ezagutza kudeatzeko jardueretarako diru-laguntzak sustatzen ditu; horretarako, 450.000 euro bideratzen ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak