Berriak Segurtasuna
Eu

Trafiko Zuzendaritzak aurtengo jarduera-plana aurkeztu dio Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordeari

2018.eko otsailak 27

Lantalde bat sortuko da hiri eta herrietako pertsonen mugikortasunerako garraiobide berriak aztertzeko

Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak eta Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak gaur goizean aurkeztu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Bide Segurtasuneko Batzordearen osoko bilkuran 2017ko Memoria eta aurtengo urterako aurreikusitako jardueren plana. Aurretik, Batzorde Iraunkorrean erabaki da hiri eta herrietako pertsonen mugikortasunerako bizikleten, patineteen, segway-en eta beste ibilgailu batzuen zirkulazioari buruzko gaiak aztertzeko lantalde bat eratzea.

Gaur egin da Bilbon Euskal Autonomia Erkidegoko Bide Segurtasuneko Batzordearen urteko osoko bilkura, eta bertan izan dira Ertzaintzaren, udaltzaingoen, udalen eta foru-aldundien ordezkariak eta bide-segurtasunaren arloko eskumenekin zerikusia duten Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzenak (hezkuntzakoa, osasunekoa, garraiokoa, larrialdietakoa), bai eta mugikortasuna hobetzearekin zerikusia duten hainbat sektore ekonomiko eta profesionaletako gizarte-eragileak ere.

Osoko Bilkuraren aurretik Eusko Jaurlaritzaren, foru-aldundien eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizeko udalen ordezkariek osatzen duten Batzorde Iraunkorra elkartu da. Foro horretan proposatu eta onartu da lantalde bat eratzea pertsonen mugikortasunerako bizikleten, patineteen, segwayen eta beste ibilgailu batzuen zirkulazioaren arazoak eta ezaugarriak aztertzeko.

Gaur egun trafikoaren arloko Estatuko arautegian ez dago jasota pertsonen mugikortasunerako ibilgailu horiei buruzko araurik, nahiz eta DGTk zabaldu zuen jarraibide bat 2016ko azaroan hainbat irizpide proposatzeko. Udal batzuk ordenantza bidez ari dira arautzen bidea oinezkoekin eta txirrindulariekin partekatzen duten ibilgailu horien zirkulazio-baldintzak. Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzaren ustez Bide Segurtasuneko Batzordearen baitan gai zehatz hori aztertzeko lantalde bat eratzeak udalek bertako ordenantzetan jasoko duten tratamendua uniformizatzea ahalbidetuko duten irizpide bateratuak ezartzen lagundu dezake.

Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagak 2017ko ezbehar-kopuruari buruzko datuak aurkeztu ditu Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroan, Bilbon, egindako bileran. Nabarmendu du hildako pertsonen kopuruan izandako beherakada (% 15,2). Iaz 39 pertsona hil ziren zirkulazio-istripuetan, 2016an baino 7 gutxiago, 46 pertsona hil baitziren. Nahiz eta gora egin zuen zauritu larrien kopuruak (% 17), agerikoa da bilakaera positiboa denbora-tarte luzean hildako pertsonei buruzko zifrak alderatzen badira. 2001ean, esate baterako, 190 pertsona hil ziren zoritxarrez.

Alde horretatik, honako hau esan du Josu Zubiagak: “Orain dela hogei urteko zifrak onartezinak iruditzen zaizkigu gaur egun, eta gehiago kontzientziatuta gaudela eta bide-segurtasunaren arloan gehiago eskatzen dugula jartzen du agerian horrek. Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordea osatzen dugun gainerako erakunde eta eragileek lanean jarraituko dugu heriotza eragiten duten istripuen kopuruak behera egiten jarrai dezan".

2017an hildakoak eragin zituzten istripuen % 87 hiriarteko errepideetan gertatu ziren eta % 13 hiri eta herri barruan. Hildako pertsonen % 30 motor gidariak izan ziren eta % 70 beste era bateko ibilgailuen gidariak, gehienak auto-gidariak. Hildako pertsona horietako bakar bat ere ez zihoan bizikletan. Heriotza eragiten duten istripuetan pilatzen diren faktoreei dagokienez, nabarmendu behar dira arreta galtzeak edo arretarik gabe gidatzea eta gehiegizko abiadura edo abiadura desegokia.

2017ko memoria eta 2018rako jarduerak

Bileran 2017ko Memoria banatu da, Trafiko Zuzendaritzak iaz gauzatutako jarduerak jasotzen dituena. Agiria Trafiko Zuzendaritzaren www.trafikoa.eus web-orrian dago, interesa duten pertsonek bertan sartu eta 2015-2020 aldirako Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoaren baitan egindako lana ikusteko.

2017ko Memorian jasotako ekintzen artean nabarmentzen da “Don't be dummy! Zuk ez duzu ordezkorik” programa ibiltaria, joan den irailean Durangon aurkeztu zena. 2017aren amaierara arte 9 herri bisitatu zituen, guztira 14 saio egin ziren eta saio horietan 3.751 ikaslek parte hartu zuten. Proiektu horri eskaini zitzaion ETBk 2017an emandako azken iragarkia.

2017ko Kudeaketa Plana betetzeko abian jarritako ekintzak gainbegiratzean, Trafiko Zuzendaritzak 2018rako aurreikusten dituen jarduera-lerro nagusien laburpena egin du Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak. "Don’t be dummy” programaren baitan, esate baterako, kontzientziazio-saioekin jarraituko da, baina, gainera, 16 urtetik 20 urtera bitarteko gaztetxoentzako lehiaketa bat jarri da abian. “'Zuk ez duzu ordezkorik’ lehiaketaren bidez azaldu du Sonia Díaz de Corcuerak– errepideak dituen arriskuez kontzientziatu nahi dira motordun ibilgailuen gidari berriak edo gidari berriak izango direnak edo adiskideekin bidaiari gisa ibiltzen diren gaztetxoak”. Bi modalitate aurreikusi dira: bideko arrisku-egoerak eta horiei aurre egiteko proposamenak jasotzen dituzten istorioak islatuko dituzten bideoak eta mezu argiak eta laburrak jasoko dituzten audioak.

Ertzaintzak udaltzaingoekin egiten dituen zaintza eta kontrol kanpainei dagokienez, aurten 40 jarduera aurreikusi dira, iaz baino 3 gehiago. Motozikleten abiadura kontrolatzeko bi kanpaina bereziak mantendu egingo dira –lehenbiziko aldiz 2017an egin ziren–, era guztietako ibilgailuen abiadura kontrolatzeko 5 kanpaina egingo dira aurten (iaz 4 egin ziren), arreta-galtzeak kontrolatzeko 4 (iaz 3 egin ziren), eta eskola-garraioa kontrolatzeko 2 (iaz bakarra egin zen).

2018an, bestalde, Trafiko Istripuetako Biktimen Euskal Erregistroa sortzeko dekretua onartuko da, 3 herri txikitan edo oso txikitan (zehazki, Urretxun, Ibarrangelun eta Kanpezun) bide-segurtasuneko planak egitea sustatuko da, Euskadiko ezbehar-tasa aztertzeko lantalde bat eratuko da eta bide-segurtasuna sustatzera bideratutako sentsibilizazio-kanpainak garatzen jarraituko da: publizitate-kanpaina berri bat diseinatuko da eta Aste Santuan aurkeztuko da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak