Eu

Erkoreka: “Kontzertuari egiten zaizkion kritika gehienak erkidegoak egungo finantziazio-erregimenarekin pozik ez egotearen ondorio dira”

2018.eko otsailak 28

Exekutiboaren bozeramailea kexu agertu da PPk Gernikako Estatutua ez duelako nahi bete ezta erreformatu, eta adierazi du transferentzien negoziazioa “geldituta dagoela”

Kontzertu Ekonomikoak 140 urte betetzen dituen egunean, Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak gogorarazi du Euskadik egonkortasun eta bake fiskaleko bost urte dituela aurretik, Kupoaren Bost Urteko Legeari esker. Josu Erkorekak espero du Autonomia Erkidegoen finantziazio-erregimen orokorra akordio berri bati esker egonkortzea, “presioa arintzeko”, une hauetan Kontzertuari egiten zaizkion kritika gehienak egungo erregimenarekin "pozik ez egotearen” ondorio direlako. Hala adierazi du gaur goizean Onda Vascan egindako elkarrizketan.

Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak gogorarazi du akordio itxi bat dagoela 2021 urtera arte, horri esker berretsi dela Kontzertua eta, beraz, Estatuko edozein instituziok eredu horren kontra hartu dezakeen edozein erabaki hartzeko hipotesia baztertu du. Bere ustetan, adostutako marko horren aurkako kritikak, horietako asko “sorrarazitakoak”, ez dira onak “sistemaren egonkortasunerako, ezta Kontzertuarentzako eta erregimen orokorrarentzako ere”, eta espero du erkidegoen finantziazioa arautzen duen egungo erregimenaren “disfuntzioak” ebaztea, “hainbeste urte eta gero”.

Ildo horretatik, Erkorekak aintzat hartu du Gobernu espainiarrak Kontzertuarekiko duen konpromisoa; aldiz, ez da hori transferitzeke dauden eskumenen kasua. Exekutiboaren bozeramailea kexu agertu da, negoziazioari ekiteko saiakeren aurrean −horrek barne hartzen du Eusko Legebiltzarrak eskatutako transferitzeke dauden eskumenen zerrenda bidaltzea− ez delako Mariano Rajoyren Exekutiboaren erantzunik jaso, harremana “geldituta” baitago. Ildo horretatik, ohartarazi du PPren aldetik egoera “bitxia" gertatzen ari dela, Autogobernuaren Ponentzian Estatutuaren erreforma jorratzearen aurkako jarrera adierazi duela "baina ez dutela ezer egiten egun indarrean dagoena garatzeko".  “Estatutua ez dute nahi bete, ezta aldatu ere”, adierazi du.

 

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak, bestalde, Legebiltzarreko gainerako indarrak “jarrerak hurbildu eta adostasunak bilatzeko” eta beren proposamenak indarrean dagoen marko juridikoaren arabera txertatzeko egiten ari diren ahalegina txalotu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)