Berriak Hezkuntza
qrcode

2018ko EPE Hezkuntzan:izena emateko epea irekitzear da

2018-02-26
  • EPErako eskaerak aurkezteko epea asteazkenean irekiko da, otsailaren 28an, eta martxoaren 19ra arte izango da zabalik
  • Lehen probak: ekainaren 21ean Lanbide Heziketarako, eta  ekainaren 23an Bigarren Hezkuntzarako
  • Hezkuntza Sailak Lanbide Heziketa eta Bigarren Hezkuntzako irakasleentzako 1.511 plaza eskaintzen ditu

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak bihar argitaratuko du, otsailaren 27an, Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegoan eta Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegoan sartzeko hautaketa-prozedura deitzen duen Agindua. 1.511 plaza eskaintzen dira orotara, kidego bietarako. Deialdi hau argitaratu ondoren, Hezkuntza Sailak asteazkenean irekiko du, otsailaren 28an, eskaerak aurkezteko epea. Martxoaren 19ra arte egongo da zabalik epe hori.

Lehen probak, ekainaren 21ean eta 23an

Oposizio-aldiak bi proba izango ditu, eta horietako bakoitza bi zatitan egituratuko da. Proba bakoitza kanporatzailea izango da. Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoen Kidegorako lehen proba ekainaren 21ean burutuko da, eta Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegorakoa berriz, ekainaren 23an. Era honetan pertsona bat, hala nahi badu, bi kidegoetan aurkez daiteke.

-Bi probetan lehenak, aukeratutako irakaskuntza-espezialitateari buruzko berariazko jakintzak frogatzea izango du helburu. Honako bi zati hauentan banatuko da:

a) Izangaiek gai bat idatziz garatu beharko dute, espezialitate bakoitzeko gai-zerrendatik epaimahaiak ausaz hautatutako gaien artetik aukeran.

b) Ondoren, bigarren zatian, proba praktikoa izango dute –hau ere idatziz egin beharrekoa-, hautagaiek aukeratutako espezialitateari dagokion prestakuntza zientifikoa eta trebetasun teknikoak menderatzen dituztela frogatzeko. Lanbide Heziketako espezialitateetan eta atal honen baitan, honakoak burutu ahal izango dira: proba praktikoak, simulazioak, ariketak ebaztea, planteamendu didaktikoak (erronkak, proiektuak), edo balizko kasuak, betiere espezialitateari dagokion curriculumean jasoriko eremuei loturik.

-Bigarren proba. Lehen proba gainditzen duten izangaiak bigarrenera pasatuko dira. Bi atal hauek izango ditu bigarren probak:

a) Programazio didaktiko bat aurkeztu eta defendatu: programazio didaktiko hau, parte hartzen den espezialitateari lotutako gai edo eremu bati buruzkoa izango da edo, horrela eskatzen duten planteamendu metodologikoak erabiliz gero, zenbait gai edo eremuri buruzkoa, parte hartzen den espezialitateari loturik. Izangaiek programazio didaktiko hau aurkez dezaten epea 2018ko maiatzean irekiko da.

b) Unitate didaktiko bat prestatu eta aurkeztea. Izan daiteke izangai bakoitzak aurkeztutako programazioarekin lotua.

Hautagaiek kontuan izan beharreko egutegia:

-       Eskaerak betetzeko epea: otsailaren 28tik martxoaren 19ra

-       Programazio didaktikoa aurkezteko epea: maiatzaren 2tik 14ra

-       Merezimenduak aurkezteko: maiatzaren 2tik 14ra

-       Lehen probak: ekainaren 21ean eta 23an

Deialdi honekin, eta 2015, 2016 zein 2017an burututako enplegu eskaintzen ondotik, Hezkuntza Sailak segida ematen dio Enplegu Publikorako Eskaintzekiko izan duen politikari, eta legealdi honetan urtero eskaintza bat deitzeko konpromisoa ere berresten du, orotara 5.000 plaza eskainiz legealdian. Era honetan Hezkuntza Sailak kalitatezko enplegu publikoaren alde egiten du, eta egonkortasun handiagoa ematen Euskal Hezkuntza Sistemako irakasleei. Egonkortasuna handitzeak formazioa hobetzen laguntzen baitu, eta baita irakaskuntzaren kalitatea hobetzen ere.

Hautaketa-prozeduraren inguruko informazio zehatzagoa Hezkuntza Sailaren webgunean dago eskura, esteka honetan:    https://goo.gl/Z86e3B

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)