Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailearen alokatzeko eta birgaitzeko helburuak azken urteotako asmo handieneko helburuak dira

2010.eko abenduak 29

Ezker Batua taldeko Mikel Arana ordezkariak egindako adierazpenen ildotik, Etxebizitza Sailak zenbait xehetasun egin nahi ditu, 2010-2013 aldirako Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailearen gainean.

Gobernu-talde honek alokairuaren eta birgaitzearen alde egindako apustua sekula baino sendoagoa eta agerikoagoa da. Izan ere, Plan Zuzentzaileak aurreikusten du 40.000 familiak baino gehiagok etxebizitza bat eskuratu ahal izatea, hurrengo lau urteotan. 40.000 horietatik, % 58 alokairuan izango da (23.100 etxebizitza); helburu hori ez da orain arte sekula ezarri.

Aurreko Plan Zuzentzaileak, Mikel Arana Etxebizitza Saileko zerbitzuen zuzendaria zenean egindakoak, hasitako etxebizitza babestuen % 32 alokairukoak izatea aurreikusten zuen. Helburu hau ez da inondik ere bete, egindako Planaren Ebaluazioan egiaztatzen den bezala.

Egia da Jaurlaritzaren konpromisoa dela 20.000 etxebizitza eraikitzea, eta, horietatik, % 41 -alegia, 8.100 etxebizitza- alokairukoa izango da; baina, bestalde, egia ere bada egungo Etxebizitza Sailak behin eta berriz azaldu duen borondatea daukala, hiri trinkotua, iraunkorra eta atsegina defendatzeko, etxebizitza eta eraikin zaharrak birgaitzearen bidez, gauzatze berriaren bizigarritasun-baldintzak parekatzeko, energia-eraginkortasuna hobetzeko eta milaka pertsonaren irisgarritasuna hobetzeko eta, horrela, hurrengo urteotan etxebizitza berriaren eskaria gutxitzeko. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak helburu gisa ezarri du birgaitze babestuko 70.500 jarduketari ekitea.

Harrigarria da, behintzat, abenduan Plan Zuzentzailea onesteagatik, Aranak gaur egungo Jaurlaritza kritikatzea; izan ere, bere sailak egindako 2002-2005 aldirako Plan Zuzentzailea 2002ko azaroaren 5ean onetsi zuen Jaurlaritzak eta 2006-2009 aldirako Plan Zuzentzailea 2006ko urriaren 3an.

Jakin badakigu etxebizitzaren aurrekontu-programak aurten funtzionatu duela, 2010-2013 aldirako Planaren 2010eko helburuak betetzeko (gainera, emaitza onak izan ditu, eta horiek laster kontuak emateko balioko dute), 2002an eta 2006an gertatu bezala; orduan, urteko etxebizitza-programen emaitzak, logikoa den bezala, kontuan hartu ziren, lau urtez behingo planak gauzatzeari dagokionez.

Iñaki Arriola Etxebizitza sailburuak adierazi zuen bezala, atzo onetsi zen Plan Zuzentzailea 77 gizarte- eta ekonomia-erakunderekin sinatutako Itun Sozialaren babesean egin da, eta horietatik sei sustatzaileak dira. Itun Soziala orain arte Euskadin sekula egin ez den adostasuna bilatzeko jardutea izan zen.

Prozesu horretan agente parte-hartzaileek gobernu-talde honek datozen urteotako etxebizitza-politika markatuko duten erabaki garrantzitsuak hartzeko duen borondatea ulertzen jakin zuten; izan ere, aro zailak dira, eta guztion parte-hartzea behar dute.  Itun Sozial honek, batez ere, honakoa erakutsi du: borondatearen bidez, desberdinen artean erabakiak har daitezke. Eta erabaki horiek Plan Zuzentzailean erakutsi dira.

Gobernu-talde honek konpromiso argiak eta asmo handikoak hartu ditu alokairuari dagokionez; izan ere, Etxebizitzaren aldeko Itun Sozialaren gainerako sinatzaileek bezala, alokairua herritarren beharrei aurre egiteko formularik egokiena dela uste du. Arana, gobernuko kide zen aldetik, 8 urte izan zituen, orain aldarrikatzen ari dena eta orduan egin ez zuena errealitate egiteko.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko