Eu

Etxebizitza Sailak alokairuko 162 etxebizitzaren eraikuntzaren lizitaziorako deialdia egin du

2018.eko martxoak 01
  • Gazteentzako 107 zuzkidura-bizitoki (Txurdinagan) eta 44 etxebizitza sozial (Arangoitin) eraikiko dira, eta azken urteetan etxebizitzaren arloan egin den jardunik garrantzitsuenetako bat izango da
  • Bi proiektuetarako aurrekontua 15 milioi eurotik gorakoa da, eta obrak aurten hastea espero da.

 

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak Bilboko bi auzotan alokairuko 162 etxebizitza eraikitzeko bi proiektu aurkeztu ditu gaur goizean. Proiektu horien lizitazioa joan den asteartean onartu zuen Gobernu Kontseiluak. Lehen proiektuaren barruan, 107 zuzkidura-bizitoki eraikiko dira (ahal den heinean, Txurdinagako gazteentzat). Bigarrenak, berriz, Arangoitin 55 etxebizitza sozial eraikitzea du helburu. Sustapenek 15 milioi eurotik gorako inbertsioa izango dute, eta obrak aurten hastea espero da.

Arriola sailburuak adierazi duenez, “azken urteetan etxebizitza sozialen arloan egin den jardunik garrantzitsuenetako bat da, eta, haren bidez, Bilbon merkatu librean aukerarik ez duten pertsonen alokairu-eskari handiari erantzungo zaio eta beren baliabideekin etxebizitzarik lortu ezin duten pertsonek etxebizitza egoki bat izateko duten eskubide subjektiboa onartzen duen 2015eko Etxebizitzaren Legearen agindua beteko da”.  

Gaineratu duenez, “Txurdinagan lehiaketara atera den proiektuak berretsi egiten du gure Saila batez ere gazteei zuzenduta dauden alokairuko zuzkidura-bizitokien alde egiten ari den apustua. Izan ere, Euskadin azken hamar urteetan alokairuko zuzkidura-bizitokien arloan egin den sustapenik handiena da”.

Etxebiden alokairuko etxebizitza bat eskatzeko izena eman duten 51.171 pertsonetatik, 10.524 logela bateko etxebizitzak eskatzen dituzten 35 urtetik beherako gazteak dira. Gehienak emakumeak (% 54,1) eta ezkongabeak (% 94) dira.

Aurreikusitakoaren arabera, Txurdinagako alokairuko zuzkidura-bizitokien eta Arangoitiko etxebizitza sozialen eraikuntza abuztuko oporren aurretik esleituko da, eta obrak irailean hasiko dira, egikaritzeko bi urteko epearekin.

107 zuzkidura-bizitoki Txurdinagan

Eraikina Orueta oinezkoen kalean kokatuta dagoen eta 2.082 m2-ko azalera duen lorategi-lurzati batean eraikiko da. Higiezinak behe-solairua eta lau altuera izango ditu, eta gazteek alokatzeko 107 etxebizitza egingo dira bertan. Haietatik, 81ek dependentzia bakarra izango dute, eta gainerako 26ak, berriz, logela batez hornituta egongo dira. Azken horietako hiru mugikortasun urria duten pertsonentzat egokituta egongo dira. Halaber, aurreikusitakoaren arabera, 107 aparkaleku-plaza eta 43 trasteleku eraikiko dira. Proiektuak 10,6 milioi euroko aurrekontua du.

Etxebizitza horiek esleitzeko, Euskadiko araudian ezarritako baldintzei eta betekizunei jarraituko zaie.  Zuzkidura-bizitokien alokairurako aurreikusi den gehieneko epea bost urte da, asmoa ez baita gazte esleipendunak apartamentu horietan behin betiko geratzea, aldi horretan familiartean bizitzeko etxebizitza egonkorrago bat aurkitzea baizik (jabetzan edo alokairuan). Eta libre uzten duten apartamentua beste gazte batek hartu ahal izatea. Esleipendunek hileko kanon bat ordainduko dute, bizitokiaren eta beren errentaren arabera.

Energia-jasangarritasunari dagokionez, hiru bero-ponpa aerotermikoko sistema bat erabiliko da berokuntzako eta ur bero sanitarioko zerbitzurako. Hortaz, kontsumitutako energiaren % 70 energia berriztagarrietatik lortuko da. Horrela, beraz, eraikinak A energia-ziurtagiria izango du, eta ia energia-kontsumorik gabeko eraikina izango da. Bizitokietan, tenperatura baxuko sistema bat erabiliko da beroa emateko, zoru bero-emailearen bidez. 

55 etxebizitza sozial Arangoitin

Proiektua Arangoiti auzoko mendebaldean egingo da, Ganeta mendiko hegoaldeko hegalean, ur-deposituaren ondoan. Proiektua, nolanahi ere, lurzatiko aldapa handiak baldintzatzen du. Hori dela eta, mailakako bi bloke eraikiko dira, bata 24 etxebizitzakoa eta bestea 31koa. Bi blokeetarako sarbidea emango duen gune bat egongo da tartean. Etxebizitza Saila 60 etxebizitza sozial ari da eraikitzen gaur egun lurzati horren ondoan, eta aurten amaituko dira.

Proiektua Deurbe arkitektura-taldeak idatzi du, eta bi blokeen arteko plataforman sortutako erabilera publikoko espazioen urbanizazioa, mendebaldetik jaisten den hiri-eskailera eta eraikinaren erremate-eremuak ere kontuan hartzen ditu. Aurreikusitako inbertsioa 5,2 milioi eurokoa da.

1. blokea lurzatiaren goialdean kokatuta dago, eta 24 etxebizitza izango ditu: 13k hiru logela izango dituzte, bederatzik bi logela, batek logela bakarra, eta beste bat –bi logelakoa– egokituta egongo da. 2. blokea lurzatiaren behealdean kokatuta dago, eta 31 etxebizitza izango ditu: 11k hiru logela izango dituzte, 16k bi logela, bik logela bakarra, eta beste bi –bi logelakoak– egokituta egongo dira. Eraikitako guztizko azalera 6.913 metro koadro izango da, 55 trasteleku eta beste hainbeste aparkaleku-plaza barnean hartuta.

Eraikin bikoitzak, aurreikusitako eraikuntza-elementuei eta berokuntza eta aireztapeneko sistemei esker, energia-efizientziarik handiena izango du (A kalifikazioa). Energia-eskaria fatxaden itxitura orokor baten bidez murriztuko da. Horretarako, 8 cm-ko harri-zuntzezko isolamendua erabiliko da fatxadetan, eta 12 cm-ko poliestireno estruisionatuzkoa estalki lauan.

Ur beroaren eta berokuntzaren hornidura energia berriztagarrietatik lortuko da ehuneko ehunean, biomasarekin egindako pelletekin funtzionatuko duen galdara bat izango baitute blokeek. Halaber, fluxu indibidual bikoitzeko bero-berreskuratzaileak izango dituzte etxebizitzak aireztatzeko. Horrela, beraz, etxebizitzetan aurrez berotutako aire berria eta garbia sartzean, energia-eskaria murriztu egingo da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak