Eu

Euskadik % 26 murriztu ditu bere berotegi-efektuko gasen emisioak 2005 urteaz geroztik

2018.eko martxoak 02
  • Garraioa da klima-aldaketa sortzen duten gasak murrizteko joera orokorra hausten duen sektore bakarra, gaur aurkeztu den 2016ko Emisioen Inbentarioaren arabera.
  • Ingurumeneko sailburuorde Elena Morenok “ahalegin berezi bat” eskatu die instituzio, enpresa eta herritarrei garraioaren inpaktua murrizteko.   

                                                                                                                                                             

Euskadik murrizten jarraitzen du klima-aldaketari egiten dion ekarpena, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak prestatutako 2016ko Berotegi-efektuko Gasen Emisioen Inbentarioan bildutako datuen arabera. Zehazki, berotegi-efektuko gasen (BEG) emisioetan gertatutako jaitsiera % 26 izan da 20051 urteaz geroztik eta % 12 19902 urteaz geroztik.

Murrizketa orokor hori Barne Produktu Gordinari lotuta ere antzematen da. Hala, 2005 urteaz geroztik, BEGen emisioen kantitatea % 34 jaitsi da (% 51eko jaitsiera 1990eko emisioen aldean), sektore ekonomikoen ekoizpenaren ondorioz, BPGaren unitate bakoitzeko. Zehazki, 2016an 18,9 milioi tona BEG igorri ziren atmosferara, hau da, Europar Batasunaren emisio guztien % 0,4.

“Euskadiko BEGen emisioak EBko emisio guztien oso ehuneko txikia izan arren, klima-aldaketa sortzen duten kausak murrizteko konpromiso sendoa dugu hartuta. Konpromiso hori bai euskal sektore publikoak eta bai enpresek konpartitzen dute, klima-aldaketa moteltzeko eta berari egokitzeko xedez enpresa eta ikerketa-zentroekin batera egiten ari diren proiektu guztiek erakusten bezala, hori guztia Eusko Jaurlaritzaren Klima Aldaketari aurre egiteko KLIMA 2050 Estrategiaren baitan”, adierazi du Elena Moreno Ingurumeneko Sailburuak, txostenaren aurkezpenean.

 

Garraioa: puntu beltza

Nolanahi ere, Inbentarioaren datuek erakusten dute sektore ekonomiko guztiek ez dutela berdin jokatu. Hala, energia-sektoreak % 11 murriztu zituen bere emisioak 2016an, kontsumo elektrikoaren jaitsierari esker (kontsumo hori % 5 jaitsi zen, batez ere industrian eta etxebizitzetan); horren eraginez, ekoizpen elektrikoak behera egin zuen Euskadin, bai baterako sorkuntzako sistemetan eta bai ziklo konbinatuko sistemetan; gainera, energia elektriko gutxiago inportatu zen. 2005 urteaz geroztik, sektore honek % 41 murriztu ditu CO2aren emisioak ekoiztutako kWh bakoitzeko.

Garraioaren kasuan, aldiz, emisioak % 5 igo ziren 2016an, eta horrek berresten du sektore horren protagonismo negatiboa BEGen kontrol eta murrizketan. Sortzen dituen emisioen % 96 errepide-garraioari lotuta dago; horietatik, emisioen % 60 ibilgailu partikularren zirkulazioaren eraginez sortzen da, eta ia % 40 merkantzien garraioari dagokio. “Datu honek erakusten digu non kontzentratu behar dituzten ahaleginak, bai enpresek eta bai instituzioek eta herritarrek, zeren haien esku baitago joera honi buelta ematea”, azpimarratu du Ingurumeneko sailburuordeak.

Beste alde batetik, industria-sektoreak Euskadiko emisio guztien % 21 sortzen du, eta 2016an % 0,3 jaitsi ditu bere emisioak. Sektore horrek % 31 murriztu ditu emisioak 2005 urteaz geroztik, txertatutako murrizketa- eta kontrol-neurriei esker eta enpresa gehienek urte horretatik hona izan duten eraldaketa teknologikoari esker.

[1] Hau oinarri-urtea da bai Euskadiko Klima 2050 estrategiarako eta bai Europako herrialdeentzat, emisio lausoak banatzeari buruzko 406/2009/EE  erabakiaren arabera

[2] Kyotoko protokoloaren arabera, 1990 urtea oinarritzat hartzen da CO2, N2O y CH4-en emisioietarako, eta 1995 urtea SF6, HFC eta PFCen emisioetarako.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak