Eu

Euskal arteak ARCOn duen presentzia babestu dute Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Kulturako sailburuorde Joxean Muñozek

2018.eko otsailak 23

-          Euskal galeria batek eta Euskadiko artisten ordezkaritza nabarmen batek parte hartzen du mundu osoko 211 galeria bildu dituen elkargune honetan.

Gaur bisitatu dute Madrilgo ARCO azoka Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak eta Kulturako sailburuorde Joxean Muñozek. Azokaren aurtengo 37. edizioak 29 herrialdetako 211 galeria bildu ditu guztira. Hala, artearen munduan bereziko garrantzia duen elkargune honetara bertaratutako izen handiko galerien artean, Bizkaiko Carreras Múgica galeria dago, baina euskal artisten presentzia nazioartetik etorritako beste hainbat galerietara ere zabaltzen den. Eusko Jaurlaritzako arduradunen helburua da, hain zuzen ere, orain Madrilen den euskal artearen ordezkaritza hori babestea, eta Esther Ferrer donostiarraren erakusketa ere bisitatu dute gaur goizean Reina Sofia Museoko Velázquez Jauregian.

Nazioarteko artearen agertokian ARCOk hartu duen garrantzia nabarmendu du Zupiria sailburuak, eta baita elkargune horretan bildu diren euskal sortzaileen presentzia handia ere. “Azken urteotan bizitako krisia gorabehera, galeria ugari aurretik eraman dituena, ARCOk berebiziko garrantzia izaten jarraitzen du eta ikusten da aurten ere oso nabaria dela euskal arteak azoka honetan duen presentzia. Euskal galeria bat dugu ARCOn eta euskal artista ugari daude beste galeria batzuetan ere”, adierazi du.

Hala, euskal arteak bizi duen momentu ona eta ospea nabarmendu ditu sailburuak. “Euskal artistak oso estimatuak dira gure mugetatik kanpo, eta ez bakarrik Estatuan. Gainera, Euskaditik kanpo irteten diren euskal artisten agertokia oso joria dela ikusten dugu; ARCO bezalako halako elkargune batek aukera paregabea eskaintzen du Eduardo Chillida bezalako artista historikoen obra gozatzeko, ospea zabaldua duten beste artista batzuenarekin batera, eta, haiekin batera, oso artista gazteak ere ditugu bertan, nazioarteko galerien arreta erakartzeko gai izan direnak”, azaldu du, eta, era berean, ‘Preso politikoak Espainia garaikidean’ obraren zentsura salatu du.

Aurreko edizioetan ez bezala, non herrialde edo eskualde jakin bat baitzen azokaren ardatza, 2018ko edizioak kontzeptu bat hartu du ardatz gisa: ‘Etorkizuna ez da gertatzekoa dena, egiteko duguna baizik’. Azokan bildutako 211 galerietatik 160k osatzen dute guztira Programa Orokorra, eta horiei gehitu behar zaie etorkizunaren inguruan antolatutako atalak, 20 galeria hautatu dituztenak; Diálogos, 14 galeriarekin, eta Opening, 19rekin. Azoka igandera arte luzatuko da eta azkeneko hiru egunak arte-zaleei eta publiko orokorrari zuzenduko zaizkie.

Bestalde, Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko arduradunek Esther Ferreren ‘Todas las variaciones son válidas, incluida esta’ erakusketa bisitatu dute gaur, Reina Sofía Museoko Velázquez Jauregian. Artista donostiarrak performance bat eskainiko du bihar, eta igandera arte egongo da Madrilen erakusketa zabalik, lau hilabetez hiriburuan ikusgai egon ondoren.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak