Berriak Kultura
Eu

Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek Udal Euskaltegien finantzaketa hitzartu dute

2010.eko abenduak 29

Euskarari bultzada emateko euskaltegiek egiten duten lan itzela goraipatu du Urgellek

Kultura Sailak udal euskaltegiak laguntzeko ahalegin handia egin du. Hala, 2010-2011 ikasturterako diru-laguntzetan % 12,5eko beherapena aurreikusten bazen ere, beherapen hori % 1,96koa soilik izango da, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren esfortzuari eta erakundeen arteko elkarlanari esker.

Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek sinatu duten akordioaren helburu nagusia udal euskaltegi bakoitzean dagoen euskarazko eskolen eskari errealari erantzuten saiatzea da. Horrek dakar, alde batetik, aldez aurreko neurriraketarik ez ezartzea udal euskaltegi bakoitzaren finantzaketarako; eta, bestetik, finantzaketa publikoaren eraginkortasuna bermatzea, euskaltegi bakoitzeko giza baliabideak eskari errealera egokitzeko ahalegina eginez. Adostutako irizpideen arabera, ikasturte honetan udal euskaltegiek bermatuak izango dituzte eskolak emateko baldintzak eta beraz, hiritarrek eskolak jasotzekoak ere bai.

Euskaltegiek egiten duten lan itzela goraipatu du Blanca Urgell Kultura Sailburuak. "Euskarari bultzada emateko euskaltegiek egiten duten lana ezinbestekoa eta goraipatzeko modukoa da. Eskerrak beraz, egunero-egunero euskaltegietan buru-belarri lanean ari zareten guztioi. Krisi ekonomikoak eragindako koiuntura ez da xamurra, eta ahalegin izugarria egin dugu euskaltegiei ahal izan dugun gutxiena eragiteko".

Helburu hori betetze aldera, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta HABEk euskarazko eskolen eskari homologatu osoa atenditzeko behar diren giza baliabideen soldata gordinen eta antzinatasunaren kostua finantzatuko dute, aldez aurreko naurriketarik aplikatu gabe. Finantzaketa hori HABEren deialdiaren bidez gauzatuko da. Gainera, udal euskaltegietan dituzten matrikula-sarrerengatik aplikatzen den kenketa ezabatu egingo du. EUDELek, bere aldetik, udalek euren udal euskaltegietarako baliabideak euskara-eskolen eskari homologatu errealera egokitu ditzaten bultzatuko du, horretarako egon daitezkeen aukera ezberdinak erabiliz.

Akordioaren sinaketan beste zenbait neurri eta ekimen ere adostu dira. Besteak beste, eta HABEren sorrera legean jasota ez badago ere, EUDELek ordezkari bat izango du aurrerantzean HABEren Zuzendaritza Batzordean.

Horrez gain, ikas-materialei dagokienez hiru egitasmo jarriko dira martxan. Batetik, BOGA programa eguneratuko da. Bestetik, autoikaskuntzarako planteamenduarekin, sarean, doan eta tutorizazio beharrik gabe, 60-80 orduko moduluak egingo dira alor profesional zehatzei zuzenduak. Eta azkenik, testuliburu bat egingo da euskarazko lehen mailen irakaskuntzari zuzenduta.

Hitzarmenarekin Eusko Jaurlaritzak eta EUDELek 2009ko uztailaren 17an hartutako erabakiak berretsi dituzte. Gaur adostutako irizpideak 2010-2011 ikasturtean egongo dira indarrean.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Blanca Urgell Kultura Sailburua