Eu

Arriola sailburuak Etxebizitza Sailak Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko 128 etxebizitzaren garapena amaitu du Irungo Oinaurre auzoan eraiki dituen alokairuko etxebizitzak bisitatuko ditu

2018.eko otsailak 23
  • Etxebizitzako sailburuak eta Irungo alkateak azken faseko 64 etxebizitzak (Visesak eraikitakoak eta alokairura zuzendutakoak) bisitatu dituzte gaur goizean
  • Iñaki Arriolak adierazi du Etxebizitzaren Legea garatzen jarraitu behar dela herritarren premiei erantzuteko.

 

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak, Irungo alkate José Antonio Santanorekin batera, Eusko Jaurlaritzak Visesa sozietate publikoaren bitartez Irunen eraikitako alokairuko 64 etxebizitzak bisitatu ditu gaur goizean (32 etxebizitza sozial eta babes ofizialeko 32 etxebizitza). Higiezin horiek hirigintza-garapen garrantzitsu baten parte dira (Irungo etxebizitza publikoen sustapenik handiena biltzen duen OInaurre urbanizazioaren parte, alegia). Azken fase horren entregarekin, Irungo Udalarekin sinatutako hitzarmen baten bidez Oinaurren konprometitutako babes ofizialeko 128 etxebizitzaren eraikuntza amaitu du Etxebizitza Sailak. Eusko Jaurlaritzak 9 milioi euroko inbertsioa egin du jardun osorako.   

Sailburuak eta alkateak etxebizitzak bisitatu dituzte Irungo Udalean lan-bilera bat egin ondoren. Bilera horretan, ingurumenari, lurralde-plangintzari eta etxebizitzari lotuta dauden eta elkarrekin lantzen ari diren alderdi batzuk berrikusi dituzte.

Arriola sailburuak gogorarazi duenez, Etxebizitzako sailburu gisa bete zuen aurreko agintaldian bultzatutako lehen jardunetako bat izan zen Oinaurreko sustapena, eta Etxebizitzaren aldeko Gizarte Itunean txertatuta dago (itun hori Euskadiko sektore horretako ehun bat agentek izenpetu zuten). Itunean, Irungo Udalak parte-hartze garrantzitsua izan du, eta “itun horretan islatutako erronkak lortzen laguntzeko prestasuna agertu du beti”.

Bestalde, José Antonio Santanok adierazi duenez, "Irunen Eusko Jaurlaritzarekin batera egindako lanaren barruan etxebizitzaren –eta, bereziki, alokairuko etxebizitzaren– arloan espero ditugun albiste on horietako bat da hau”. Gaineratu duenez, “espero dugu egingo diren eragiketen arteko lehena izatea, hirian ditugun premiei erantzun ahal izateko ".

Arriolak balio handia eman dio Euskadin urte hauetan egin den eta 2015eko Etxebizitzaren Legearekin amaitu den bideari eta ahaleginari. “Sozialki oso aurreratuta dagoen araudia da, eta orain garatu eta bete egin behar dugu, ezein pertsona baliabide ekonomikorik ez edukitzeagatik etxebizitzarik gabe gera ez dadin”. Arriolak gaineratu duenez, “etxebizitza lortzeko aukera herritarren eskubide subjektibo gisa arautu nahi duten beste autonomia-erkidego batzuen erreferentzia bihurtu da Legea”.   

Era berean, Irungo alkateak azpimarratu duenez, "Udalak eta Eusko Jaurlaritzak urrats gehiago egingo ditugu eremu horretan, eta gazteentzako eta etxebizitza lortzeko zailtasunak dituzten beste kolektibo batzuentzako 34 zuzkidura-apartamentu garatuko ditugu. Etxebizitza-arloko jardunik garrantzitsuenetako bat izango da, Alberto Larzabaleko apartamentuen proiektua ahaztu gabe (horrelako beste 43 apartamentu daude aurreikusita bertan)”.

Etxebizitzen tipologia

Oinaurreko azken faseko 64 etxebizitzetatik, 32 etxebizitza sozialak dira, eta gainerako 32ak, berriz, BOEak.

32 etxebizitza sozialei dagokienez, 18k hiru logela dituzte, eta gainerako 14ek, berriz, bi logela. Azken horietatik, bi mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta daude.  32 BOEei dagokienez, berriz, bi etxebizitzak lau logela dituzte, 18k hiru logela (horietako bi mugikortasun urria duten pertsonentzat egokituta daude), eta gainerako 12ek, berriz, 2 logela.

Halaber, Etxebizitza Sailak 34 zuzkidura-apartamentu eraikiko ditu auzo horretako lurzati batean, eta Arriola sailburuak eta Santano alkateak lurzati hori bisitatu dute. Adierazitako apartamentuak gazteek alokatzeko erabiliko dira nagusiki. Izan ere, Eusko Jaurlaritza apustu berezia egiten ari da gaur egun gazteen emantzipazioa eta lehen etxebizitza lortzeko aukera bultzatzeko.  

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @GlaciarBlue
    2018.eko otsailak 23

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko 128 etxebizitzaren garapena amaitu du Irungo Oinaurre auzoan ➡︎ https://t.co/3b0APRl2Kc ht…

Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • José Antonio Santano, Irungo alkatea