Eu

Eusko Jaurlaritzak Sophie Cluzel ministroari, Frantziako Gobernuko Desgaitasunak dituzten Pertsonen arduradunari, autismoaren, haren arreta goiztiarraren eta hezkuntza inklusiboaren inguruko euskal politika azaldu dio

2018.eko otsailak 23
  • Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak Euskadin garatutako kudeaketa azaldu du, “Frantzian autismoa duten pertsonen inklusioari buruz prestatzen ari diren lege-proiektuari buruzko eztabaida aberasteko”
  • Topaketa Eusko Jaurlaritzak Madrilen duen egoitzan izan da, eta, bertan, Karène Martinon, Jean-François Renucci, Lide Amilibia, Maite Alonso, Lucía Torrealday, Juan Aguado eta Mikel Antón bildu dira. 
  • Amilibia: “Itzela da Europa sozial eta solidarioago hau eraikitzen parte hartzea, kontuan hartuta gure proiektuak gero eta gehiago partekatzen direla”
  • Alonso: “Hezkuntza-politikak lehenetsi egiten ditu ohiko neurriak ezohikoen aldean”

 

Madril, 18 02 23

Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Enplegu Saileko Gizarte Politiketako sailburuordeak, gaur goizean, Sophie Cluzeli, Édouard Phillippe lehen ministroaren Estatuko idazkariari, Frantziako Gobernuko Desgaitasunak dituzten Pertsonen arduradunari, autismoaren eta haren arreta goiztiarraren inguruko euskal politika azaldu dio. Bestalde, Maite Alonso Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburuordeak Cluzeli azaldu dio “hezkuntza-politikak lehenetsi egiten ditu ohiko neurriak ezohikoen aldean. Ondorioz, ikastetxe arruntetan eskolatutako hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak % 95 da”.

 

Topaketa Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan izan da, 10:30etik 12:30era bitartean; bertan, Karène Martinon, Caroline Janvier, Jean-François Renucci MadrilenFrantziako Enbaxadako Gizarte Gaietako sailburuak, Lide Amilibia Gizarte Politiketako Sailburuordeak, Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak, Lucía Torrealday Hezkuntza Berrikuntzako zuzendariak, Juan Aguado eta Mikel Antón Europako Gaietako zuzendariak parte hartu dute.

 

“Sophie Cluzel ministroak ezagutzen zituen “Euskadin autismoaren inguruan dauden jardunbide egokiak”; izan ere, Frantziako biltzarreko diputatu batek horren jakitun jarri zuen. Hori dela-eta, eta Madrileko bisita ofiziala aprobetxatzeko, Eusko Jaurlaritzarekin batzeko eskatu zuen, kolektibo horri laguntzeko kudeaketa xehetasunez ezagutzeko –etxeko laguntza, laguntzak, autismoa duten pertsonak gizartean integratzea, eskola inklusiboa, euskal eskola publikoek desgaitasunak dituzten adingabeak hartzea– eta, azken batean, aurrez aurre ezagutzeko politika horien xehetasunak, gaien euskal arduradunen eskutik”, azaldu du Mikel Antón Europako Gaietako zuzendariak.

 

 “Uste dut gure erreferentziak interesekoak izan direla gaur erreferentzia gehiago izateko eta, horrela, Frantzian eztabaida aberasteko bisitatu gaituen Frantziaren ordezkaritzarako, kontuan hartuta autismoa duten pertsonen inklusioari buruz prestatzen ari diren lege-proiektuari buruzko eztabaida egiten ari dela bertan”, esan du Lide Amilibia sailburuordeak.  Lide Amilibiaren hitzen arabera, “itzela da Europa sozial eta solidarioago hau eraikitzen parte hartzea, kontuan hartuta gure proiektuak gero eta gehiago partekatzen direla”

 

Bestalde, Maite Alonso sailburuordeak, Frantziako ordezkaritzari egin dion aurkezpenean, honako hau zehaztu du: "aitortzen da haur-hezkuntza pertsonaren garapenerako funtsezko elementu dela. Euskal hezkuntza-sisteman, 2 urteko umeen % 92,9 eta 3 urteko umeen % 99,4 eskolatuta dago.  Esparru horretan, hezkuntza-premiak goizetik detektatzea eraginkortasunez jarduteko oinarri da”.

 

 “Kontuan hartuta Europak gizarte-oinarri hori sendotu nahi duela, truke horrek baieztatzen du zer garrantzitsua den harremanak ezartzea, horiek hobetzea eta, azken batean, gaurkoa bezalako topaketak izatea”, esan du Mikel Antón´ek. Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak Euskadik Europar Batasunean presentzia izatea sustatzen du, Euskadi Basque Country 2020 Nazioarteko Estrategia eguneratzean argi geratu den bezala; horren bidez, Euskadiren ikuspegia eskaintzen da EBren etorkizunari buruzko hausnarketa- eta eztabaida-esparruan.

 

Topaketak

Duela bi urte –Madrilen pasa den legegintzalditik Eusko Jaurlaritzako arduradunen eta kidego diplomatikoko ordezkarien artean gobernuaren plan eta ekimen estrategikoen berri emateko egiten diren bileren esparruan–, Eusko Jaurlaritzak Madrilen duen ordezkaritzan topaketa bat egin zen, Euskadiko Enpleguko eta Gizarte Politiketako Plan Estrategikoa aurkezteko enbaxaden talde bati eta, bertan, Jean-François Renucci Frantziako Enbaxadako Gizarte Politiketako kontseilariak Eusko Jaurlaritza gonbidatu zuen Frantziako Gobernuko, Frantziako beste erakunde batzuetako eta eremu pribatuko solaskideei, aldian behin Madrilen topaketa sektorialak egiten dituztenei, bere enplegu-politikei, gizarte-politikei eta osasun-politikei buruz hitz egiteko. 

 

Lan-jardunaldi horietan, nabarmentzekoak dira IHEPS-Gizarte Babesteko Goi mailako Ikasketa Institutuarekin eginiko topaketa eta duela hiru aste egin zena, Frantziako Kontu Epaitegiko kontseilari nagusiaren eta Darpon sailburuaren artean osasun-arloko Euskadiko Plan Estrategikoaren ingurukoa.

 

Cluzel

Sophie Cluzel Marsellan jaio zen, 1961ean. Masterra da Marsellako Merkataritzako Goi Eskolan. Ezkonduta dago eta lau seme-alaba ditu; horien artean, bat txinatarra da, Julia; 1995ean jaio zen eta Down-en sindromea du. Ontziola bat kudeatzen zuen Floridan eta etxeko arropen denden sare bat; senarrak fusioen eta eskuratzeen sektorean lan egiten zuen. Lanbide-karrera hori utzi zuen, Juliak hiru urte bete zituenean, eta konpromisoa hartu zuen elkartze-militantismoarekin, desgaitasunen bat duten pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko; horretarako, eskolatzea eta lanbidean txertatzea hartu zituen oinarri.

 

Zenbait elkarte sortu zituen desgaitasuna duten umeak eskolatzeko, besteak beste, SAIS 92 Kolektiboa eta Grandir à l’école (Eskolan hazi) elkartea; azken horretako presidente da. Elkarte hori Down-en sindromea duten umeez arduratzen da, bereziki (laguntzaileak kontratatzeko aukera ematen du, umeak eskolara joan ahal izateko).

 

2011ko ekainetik, FNASEPH (Desgaitasunen bat duten ikasleen zerbitzura dauden elkarteen Federazio Nazionala) elkarteko presidentea da eta UNAPEIko administratzailea (Desgaitasunen bat duten pertsonen eta beren familiartekoen interesak ordezkatzeko eta defendatzeko elkarteen Frantziako lehen Federazioa), 2011tik 2013ra.

 

Halaber, Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubide eta Aukera Berdintasunerako, Partaidetzarako eta Herritartasunerako 2005eko Legea prestatzen eta haren segimendua egiten parte hartu zuen. 2012ko urtarrilean, lehen “Desgaitasuna duten Gazteak Gizarteratzeko Grenellea”antolatu zuen. Topaketa horretan, toki- eta nazio-mailako 50 elkarte inguru batu ziren, eta, bertan, zenbait neurri idatzi ziren, eta horiek 2012ko presidentetzako hauteskundeetara aurkeztu ziren hautagaiei proposatu zitzaizkien.

 

Haren konpromisoaren erakusgarri, 2002an Merezimenduaren Ordena Nazionalaren Zaldun maila jaso zuen eta 2016an Ohorezko Legioaren Ofizial maila. Emmanuel Macronen hautagaitza defendatu zuen, 2017ko presidentetzarako hauteskundeetan, eta maiatzaren 17an ministro izendatu zuten, Lehen ministroaren Estatuko idazkaria, desgaitasuna duten pertsonen arduradun.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
Beste gonbidatu batzuk
  • Shophie Cluzel,