Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak “esleipendun-profila” izeneko tresna informatikoa jarri du martxan, administrazioaren kontratuak modu gardenean kudeatzen laguntzeko.

2010.eko abenduak 29

Eusko Jaurlaritzak enpresekin egiten dituen kontratu-esleipenak Esleipendun-profilaren bitartez kontsultatu ahal izango dira aurrerantzean.

Gobernuak eta erakunde publikoek zer, nola, nori eta noiz kontratatzen duten jakin nahi izanez gero, horretarako bidea emango du tresna honek.

Esleipendun-profila, beraz, eskaintzaren merkatuari zuzendutako tresna da; horri esker, batetik, lehia sustatuko da, komunikazio-bide hauek erraz erabiltzeko modukoak baitira, eta, bestetik, kontratazio publikoen prozesuak kudeatzeko kostuak murriztuko dira.

Esleipendun-profila martxan jarrita, Gobernuak bere borondatez hartutako konpromisoa bete du, eta, era horretara, tresna honen bitartez aurrerantzean edozein herritarrek kontsultatu ahal izango ditu Gobernuak eta erakunde publikoek enpresekin dituzten kontratu-esleipenak.

Esleipendun-profila izeneko aplikazio berri hau on line erabiltzekoa da, eta aurrez ezarritako epean sortu da, garaiz, 2010. urtea joan baino lehenago amaituta egongo zela ezarri zen-eta aurreikuspenetan.

Euskal administrazio publikoan esleipendun diren enpresen profila ikusita, enpresei esleitutako kontratuei lotutako datuak eta fakturazioak kontsultatu ditzakete herritarrek.

Gobernuak nahi du modurik gardenean jardun, enpresek, herritarrek, komunikabideek eta esleipen publikoetan interesik izan dezakeen beste edozein eragilek informazioa eskuratzeko bidea izan dezaten.

Esleipen-profil horretan ikusgai daude 2010.eko urritik aurrera izan diren esleipen guztiak, bai esleipen irekiak, bai mugatuak baita negoziatuak ere.
Izan ere, hilabete horretan erabaki zen, horretarako konpromiso publikoa hartuta, tresna informatikoa sortuko zela, euskal administrazioak eragindako esleipen publikoak herritarren begien aurrean egon daitezen. Dena dela, data hori baino lehenagoko esleipenak ere ikusgai izango dira, eta euskal administrazioaren web atarian berreskuratzeko eta kontsultatzeko moduan izango dira OPEN DATA formatuan.

 

Tresna hau, norentzat? Lehenik eta behin, lehiaketa publikoetan parte hartzen duten enpresentzat, eta etorkizunean inoiz parte hartzeko asmoa dutenentzat ere bai. Horrez gainera, tresna honen erabiltzaile izan daitezke talde politikoak, elkarteak eta herritarrak, gai ekonomikoetan espezializatuta dauden kazetariak, eta, oro har, beste edozein pertsona edo kolektibo, baldin eta gobernuak eta erakunde publikoek zer, nola, nori eta noiz kontratatzen duten jakin nahi badute behintzat.

Tresna honetan, RSS erabiliz posible izango da esleipen-prozesuetan izaten diren berrikuntzen berri jasotzea. Formatu horri esker, beraz, edukien sorburuan izena eman duten erabiltzaileek aukera ezin hobea izango dute informazio eguneratua izateko eten gabe. Erabiltzaile batek, agian, datu konkreturen bat aukeratu nahi izango du, esate baterako, ea zer-nolako esleipenak eman zaizkion enpresa jakin bati, edo nolako esleipenak ematen dituen Gobernuko sail jakin batek, edo zein esleipen sortzen diren arlo jakin bati lotuta...

Nahi izanez gero, beste formatu batzuetan ere atera liteke informazioa esleipendun-profil honetatik, gero, era askotako ustiapen informatikoak egin ahal izateko. Tresna honek dokumentuak sor ditzake Excelen edo PDF formatuan, era horretara, estatistikak, konparatiboak eta segimendu-txostenak egin ahal izateko.

Gainera, esleipendun-profil hori pasabide modura ere erabil daiteke, kontratatzaile-profilak eskaintzen dituen datu guztietara iristeko. Interesatuak oso datu garrantzitsuak eskuratu ditzake; esate baterako, aurrekontuaren eta esleipen-balioaren arteko aldea zein den jakin dezake, edo kontratu-esleipenen ebazpenen berri jaso.


Administrazioan lizitatzen duten enpresek, aurreko erabilerez gainera, merkatua analizatzeko tresna gisa ere erabili ahal izango dute esleipendunen profila. Enpresek, horrela, beren lehiakideen mugimenduak eta posizioak erraz eta eroso ikusteko aukera izango dute, lizitazioak egokitzeko.

Tresna honek, azken batean, kontratatzailearen profila osatu eta indartu nahi du. Gobernuaren esleipenei buruz, orain arte, ez da sekula hainbeste informazio eskaini, hain modu errazean. Garapen-fasean, hiru hilabetez, lizitatzaileek egindako iradokizun, iritzi eta oharrak hartu dira kontuan, tresna hau hobetzeko. Beraz, eskaintzaren merkatuari zuzendutako tresna da, batetik, komunikazio-bideak erraz erabiltzeko modukoak izanik, lehia sustatzeko, eta, bestetik, kontratazio publikoen prozesu-kostuak murrizteko; baliabide gutxiagorekin, gauza gehiago egin nahi ditugu, azken batean.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Ignacio Alday