Eu

Eusko Jaurlaritzak egindako ebaluazio baten arabera, langile publikoen % 71 euskaraz lan egiteko gai da; 1990an kopuru hau % 23,5 zen

2018.eko otsailak 27

-          Euskararen erabilera normalizatzeko V. Plangintzaldiaren ebaluaziotik atera da datua, Bingen Zupiria sailburuak Eusko Legebiltzarrean aurkeztu duena.

-          38.039 lanpostutan aztertu dira hizkuntza-eskakizunak: horien  % 28,5etan B2a esleitu da; %25,84etan C1a; eta % 35,71tan ez da eskakizunik egiaztatu behar.

-          Aztertutako lanpostu-moten % 94,72tan hizkuntza-eskakizunak “zehaztasun handiz” esleitu dituzte Eusko Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Eusko Legebiltzarrean azaldu du 38.039 lanpostu publikoren inguruan egin den hizkuntza-eskakizunen gaineko ikerketa, bai eta V. Plangintzaldiaren Amaierako Ebaluazioa ere. Sailburuak gogoratu du hizkuntza-eskakizunak lanbide bakoitzari dagozkion funtzioen eta inguru soziolinguistikoaren arabera esleitzen dituztela euskal erakundeek, eta gaineratu du, horri jarraiki, ikerketan sartutako lanpostu-mota guztien % 94,72tan zehaztasun handiz esleitu direla. Horrekin batera, 38.039 lanpostu horietan hizkuntza-eskakizunak nola banatzen diren ezagutzera eman du: aztertutakoen % 35,71tan ez da derrigorrez hizkuntza eskakizunik egiaztatu behar; guztien % 5,95etan B1 maila eskatzen da; % 28,56tan B2 maila eskatzen da; % 25,84tan C1 maila eskatzen da; eta, azkenik, % 3,94tan C2 maila eskatzen da. Datu hauek baino harago, azaldu du euskara era batera edo bestera ezagutzen duten langileak administrazioan % 71 direla; 1990ean kopuru hau % 23,5 zen.

Euskal administrazioan euskarak duen egoeraren inguruko hiru puntu jorratu dira gaur Eusko Legebiltzarreko Euskara, Kultura eta Kirol batzordean. Lehenengo, V. Plangintzaldiaren Amaierako Ebaluazioaz aritu dira. Bigarrenik, VI. Plangintzaldirako Eusko Jaurlaritzan eta bere erakunde autonomiadunetan euskara planak egiteko proposamenaz mintzatu dira. Azkenik, hizkuntza-eskakizunen inguruko ikerketa eta datozen urteotarako proposamenaz hitz egin dute. Eusko Legebiltzarrean aurkeztu baino lehenago sailburuak puntu hauek gaurko Gobernu Batzordera eraman ditu gaur bertan.

Ikerketa 38.039 lanposturen artean

Euskal erakundeek esleitutako hizkuntza-eskakizunen inguruko ikerketa bat eskatu zuen Eusko Legebiltzarrak orain dela zenbait hilabete. Errebisio honetan, euskara administrazioan normalizatzeko 86/1997 Dekretuaren eraginpeko lanpostu guztiak sartu dira: 38.039 lanpostu. Dekretu honetatik kanpo geratzen dira Ertzaintza, Osakidetza, Justizia eta Hezkuntzako lanpostu gehienak; hala ere, EAEko sektore publikoaren inguruko argazki orokor bat ere eman du sailburuak, bestearekin bat datorrena. Gaia testuinguruan jartze aldera, gogoratu du EAEn dugun hizkuntza-eskakizunen sistemaren arabera Eusko Jaurlaritza, aldundiak eta tokiko administrazioak direla horiek esleitzeko arduradunak, eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak loteslea ez den txosten bat egiten duela lanpostuei dagozkien hizkuntza-eskakizunak gomendatuz.

Horrekin batera, gogoratu du bi irizpide nagusi hartzen direla kontuan hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun kopuruak ezartzeko orduan. Lehenik eta behin, lanpostuaren ahozko eta idatzizko funtzio komunikatiboak begiratzen dira; alegia, lanpostuen zereginek eramaten dute hizkuntza-eskakizun bat edo beste ezartzera. Bigarrenik, erakundearen egoera soziolinguistikoa hartzen da kontuan: hizkuntza-eskakizun bat derrigorrez egiaztatu beharra duten lanpostuen zenbatekoa ez da berdina elebidun portzentajea handia den  udalerri batean edo gaztelaniazko elebakarren portzentajea nagusia den udalerri batean.

Hori azalduta, Zupiria sailburuak aditzera eman ditu 86/1997 Dekretuaren eraginpean dauden 38.039 lanpostu horien datuak, bai hizkuntza-eskakizunei dagokienez, bai derrigortasun kopuruei dagokienez. Datuak honela banatzen dira: lanpostu horien % 35,71etan ez da derrigorrez hizkuntza eskakizunik egiaztatu behar; guztien % 5,95etan B1 maila eskatzen da; % 28,56tan B2 maila eskatzen da; % 25,84tan C1 maila eskatzen da; eta, azkenik, % 3,94tan C2 maila eskatzen da (horietako asko itzultzaileak edo euskara teknikariak). Sailburuak gogoratu du, bestalde, meritu gisa asko jota % 20ra arte baloratu daitekeela oposaketetan C1 eta C2 eskatzen denean; eta gehienez ere % 10era arte B1 edo B2 eskatzen denean.

  • 86/1997 Dekretuaren eraginpeko lanpostuetan hizkuntza eskakizunak (guztira 38.039): ikusi grafikoa erantsitako prentsa-oharrean.

Lanpostu hauen artean daude EAEko administrazio orokorraz gain, udal mankomunikate, koadrila, foru aldundi edota batzar nagusietako lanpostuak. Ez dira sartzen euskal sektore publikoko hainbat lanpostu (irakasleak, ertzainak, Osakidetzako medikuak, erizainak…); hala ere, horiek guztiak kontuan hartzen badira, argazkia ez da ia-ia aldatzen. EAEko sektore publiko guztia hartzen bada, kenduta, noski, Estatuaren eskumenen menpe dauden lanpostu publikoak, 93.962 lanpostu ateratzen dira. Horien artean, honela banatzen dira hizkuntza-eskakizunak: euskal sektore publiko guztiaren lanpostuen % 40,91tan ez da derrigorrez hizkuntza-eskakizunik egiaztatu behar; horien % 2,43tan B1 maila eskatzen da; % 26,12tan B2 maila eskatzen da; % 28,91tan C1 maila eskatzen da; eta, azkenik, % 1,63tan C2 maila eskatzen da.

  • Hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun kopuruak EAEko sektore publikoan (93.962 lanpostu): ikusi grafikoa erantsitako prentsa-oharrean.

Ikerketan islatutako homogeneotasuna

38.039 lanpostu horien gainean aurkeztutako ikerketa honetan, besteak beste, baieztatu nahi izan da zer neurritan errespetatzen den administrazioek esleitutako lanpostuetan hizkuntza-eskakizunak ezartzeko lehen irizpidea: lanpostuaren zereginaren araberakoa izatea. Horretarako, lanpostu-motetan multzokatu dira lanpostu ezberdinak eta haietan bete beharreko zereginak aztertu dira. Eta egiaztatu da irizpide hori ia beti jarraitu dela. “Baieztatu egin dugu  sistemak funtzionatu egin duela eta profilak ezartzeko eskumena izan duten erakundeek zehaztasun handiz jokatu dutela. Beraz, hemendik gure aitortza erakunde hauei guztiei, 250 baino gehiago guztira”, adierazi du Zupiriak.

Ikerketak baieztatu du aztertutako kasu guztien %94,72tan zehaztasun handiz esleitu direla hizkuntza-eskakizunak, alegia, lanpostuen funtzioen arabera zegozkien hizkuntza-eskakizunak esleitu zaizkiela; aldiz, aztertutako kasuen %5,28tan ikusi da lanpostuari ez dagokion  hizkuntza-eskakizunen bat esleitu dela, beti ere funtzioak kontuan hartuta. “Esate baterako, ikusi dugu 5.785 administrariren artean, bati eskatu zaiola B1 maila, eta 9ri C2 maila, eta horiek disfuntzioak lirateke. Hala ere, ikusi dugu 4.268ri, B2 maila eskatu zaiela derrigorrez eta 1.507ri C1 maila, dagozkien funtzioak kontuan hartuta onargarriak izan daitezken bi hizkuntza-eskakizunak. Beraz, salbuespenez ari gara, eta batzuetan lanpostu horiei ez zegozkien funtzioak ezarri zaizkielako gertatu dira”, adierazi du.

Horrekin batera, funtzioen arabera egon daitekeen malgutasunaz hitz egin du Zupiria sailburuak: "Lanpostu bati dagozkion funtzioak ez dira beti eta administrazio guztietan berdinak; ondorioz, funtzioen araberako malgutasuna egon behar da horrelako sistema aurreratu baten barruan. Onargarria da hizkuntza-eskakizun bat baino gehiago egotea lanpostu-mota bati lotuta; onar daiteke leku zehatz batean B2 maila eta bestean C1 maila esleitzea, beti ere funtzioek hala eskatzen badute. Ez dena onargarria da gehiegizko aniztasuna egotea, leku batean B1 eskatzea lanpostu baterako eta, aldiz, beste batean C1, baina horrelako oso kasu gutxi topatu dira ikerketan”.

Proposamena

Euskara administrazioan normalizatzeko 86/1997 Dekretua epe laburrean aldatu behar bada ere, bitartean, hizkuntza-eskakizunak esleitzeko orduan kasu bakanetan aurkitu den gehiegizko aniztasuna ekiditeko, proposamen bat egin dute HAKOBAn dauden erakundeek (Eusko Jaurlaritza, aldundiak, hiriburuetako udalak, EUDEL eta UEMA). Legebiltzarrera eraman duten proposamen horretan, malgutasunez jokatzea proposatzen zaie administrazioei, orain arte neurri batean egon den bitasun hori onartuz, beti ere funtzioek hori ahalbidetzen badute.

Hala, taula batzuk onartu dira hizkuntza-eskakizunen esleipenak modu erabat bateratuan egiteko. Taula horietan, lanpostu-mota ezberdinak multzokatuta agertzen dira, eta bakoitzari esleitu beharko litzaiokeen hizkuntza-eskakizuna edo eslei lekizkiokeen hizkuntza-eskakizun biak agertzen dira (gogoratu behar da lanpostu guztiek dutela horiei lotuta hizkuntza-eskakizun bat, nahiz eta gero derrigorrez ez eskatu inguru soziolinguistikoaren arabera).

V. Plangintzaldiaren ebaluazioa

Gaurko batzordean aurkeztu dira, baita ere, V. Plangintzaldirako (2013-2017) Eusko Jaurlaritzan euskararen erabilera normalizatzeko plan nagusiaren Amaierako Ebaluazioaren datuak. 2013ko abenduan onartu zen plan hau eta tarteko ebaluazio bat egin zen 2015an; gaurkoan plangintzaldiaren bigarren partearen ebaluazioa aurkeztu da. Lehen aldiz metodologia aldatu egin da eta kanpo enpresa baten aholkularitzaz eta laguntza teknikoaz egin da ebaluazioa. Ebaluazioaren unibertsoa, guztira, 323 erakundek eta 38.000 langile inguruk osatzen dute. Datuak estatistikoki adierazgarriak izateko, 1.800 langileren lagina egin da, eta 203 erakundetako ordezkarien erantzunak ere jaso dira.

Ebaluazioaren arabera, 86/1997 Dekretuaren eraginpeko administrazioko langileen  % 71k era bateko edo besteko hizkuntza gaitasuna dute eta, beraz, neurri handiagoan edo txikiagoan, prestatuta daude euskaraz ere lan egiteko. Horien artean batzuek hizkuntza-eskakizunik egiaztatu behar izan dituzte, eta beste batzuek ez. Edozelan ere, kopuru hau 1990an askoz ere txikiagoa zen: % 23, 5. Ebaluazioak, bestalde, argi utzi du gazteen artean nabarmenagoa dela euskararen ezagutza eta erabilera administrazioan.

Herritarrekiko harremanari dagokienez, Administraziora idatziz jotzen duten herritarren % 30ek euskaraz edo ele bietan egiten dute; eta kopuru hori handitu egiten da komunikazioa ahoz gauzatzen denean. “Ondorioztatu dezakegu euskal hiztunek euskara erabiltzen dutela administraziora jotzean; beste edozein eremutan baino gehiago erabiltzen dute eta, oro har, badakite administrazioa euskaraz erantzuteko gai izango dela”, adierazi du Zupiriak.

Hala ere, hobetzeko tarterik badago. Idatzizko komunikazioen kasuan, haiek hautatako hizkuntzan erantzuten zaie Administraziotik, kasu gehien-gehienetan (10etatik 9tan; hortaz, bati gaztelaniaz erantzuten zaio, nahiz eta euskara hautatu); aurrez aurreko harremanetan, herritarrak euskara aukeratzen duenean lau alditatik hirutan euskaraz artatzen da. Barne harremanen kasuan, alde nabarmena agertzen da idatzizkoaren eta ahozkoaren artean. Idatzizkoari dagokionez, erdarak pisu handiagoa hartzen du barruan, herritarrekiko harremanetan baino: azken harreman horietan elebitasunak indar handia du, baina, barrura begirakoetan, gutxiago ageri da, eta gaztelania hutsezko jardunak hartzen du indarra. Alderantziz gertatzen da ahozko harremanetan. Ahozkoan, herritarrekin baino gehiago erabiltzen da euskara lankideen artean.

Ebaluazio honetan aztertu da, baita ere, erakundeen erlazioak nolakoak diren gainerako administrazio publikoekin eta harremana duten enpresekin. Erakundeen arteko harremanei dagokienez, errotuta ageri da ele bietako jarduna idatzizkoan, eta euskararen eta gaztelaniaren erabilera paretsu samar dago; enpresekin, berriz, erdarazko jarduna nagusi da. Sortze hizkuntzari dagokienez, gazteen artean gehiago erabiltzen bada ere produzitzeko orduan, langile guztien % 38k du euskara sortze hizkuntza bezala.

Euskararen bilakaeraz administrazioan ere galdetu zaie. Langile gehienek uste dute bost urteotan paretsu dagoela erabilera, batez ere, idatziz. Ahoz aurrerapauso handiagoa nabari dute. Erakundean euskarak daraman bilakaerarekin positibo ageri dira langile gehienak (% 52). Azkenik, sozietate publikoei dagokienez, datuek erakutsi dute hizkuntza-gaitasuna administrazio publikoetan baino baxuagoa dela, nahiz eta euskaraz ondo edo oso ondo idazten eta hitz egiten dutela aitortzen dutenak % 50 izan.

 

 

VI. Plangintzaldirako gida-lerroak

Halaber, Zupiria sailburuak Plangintzaldi berrirako gida-lerroak aurkeztu ditu Legebiltzarrean. Hauexek dira garrantzitsuenak:

-          Hizkuntza-eskakizunei dagokienez, HAKOBAn dauden erakundeen proposamena izango da erreferentzia nagusia harik eta 86/97 Dekretua aldatu arte.

-          Euskara derrigorrezkoa duen lanpostu batean aritzen den langileak prest egon beharko du bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan lan egiteko, erabilera planetan ezarritakoaren arabera eta erakundeen laguntzarekin.

-          Administrazioek laguntza eman behar die euskaraz lan egingo duten langileei, langile horiek behar bezala treba daitezen

-          Euskarazko komunikazioak bultzatze aldera, barruan euskaraz lan egiteko zirkuituak bilatuko dira eta administrazioen arteko harremanetan euskararen erabilera sustatu nahi da.

-          Idatzizko komunikazioak ahaztu barik, ahozko komunikazioek izan behar dute lehentasuna plangintzaldi honetan.

-          Hizkuntza Ofizialak erabiltzeko irizpideak ezinbesteko gidari dira euskararen normalizaziorako, planaren helmuga eta pausoak zedarritzen baitituzte. Administrazioak ele bietan jardun dezan, behar-beharrezkoa da langile, atal eta sail bakoitzak jakitea zein egoeratan erabili behar dituen bi hizkuntza ofizialak.

-          Datozen urteotan hainbat gazte administrazioan sartuko direnez, protokoloak ezinbesteko tresnak izango dira horiek euskaraz era naturalean lan egin dezaten.

-          Kontratazio-organo guztiek nahitaez sartu behar dituzte kontratuak burutzean bete behar diren hizkuntza-baldintzak, eta neurriak hartu beharko dituzte kontuan hartzen ez badira.

Azkenik, Zupiria sailburuak sustatuko diren erabilera plan berriek izan beharko dituzten ezaugarriez hitz egin du. Adierazi duenez, Hizkuntza Politikako sailburuordetzak erabilera plan eredu bat diseinatu du VI. Plangintzaldi honetarako, Bikain-eko Erreferentzia Marko Estandarrekin (EME) lerrokatuta. Eredu hori herri-administrazioetan ez ezik, enpresa publikoetan eta pribatuetan ere erabiltzeko prestatuta dago. Horrez gain, esan du plan hauek parte-hartzaileak izan beharko dutela, metodologia berri bati jarraiki ebaluatuko direla eta, azkenik, gaineratu du kudeaketa aurreratuaren sistema sustatuko dela.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak