Eu

Arriola sailburuak hasiera eman dio Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko Legearen eta Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzko Legearen aurreproiektuak lantzeko prozesuari

2018.eko otsailak 21
  • Arauak lantzeko prozesua parte-hartzean oinarrituko da eta herritarrentzat irekita egongo da

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriolak Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko Legea eta Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzko Legea lantzeko prozesuari hasiera eman dioten aginduak sinatu ditu. Ekitaldi horrekin, ingurumen-arloko euskal legegintza-esparrua eguneratzeko prozesua hasiko da. Prozesu horren barruan, egun indarrean dauden Ingurumena Babesteko Legea eta Natura Kontserbatzeko Legea aldatuko dira. Hasiera batean, arau bakarra lantzea aurreikusi zen (Ingurumenari, Klima Aldaketari eta Naturaren Kontserbazioari buruzko Lege Orokorra). Operatibitateari eta arau-koherentziari lotutako arrazoiak direla eta, ordea, hiru lege tematikotan banatzea erabaki da: agindu honen bidez abian jarriko diren Ingurumen Administrazioari buruzkoa eta Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzkoa, eta datozen hilabeteetan izapidetzen hasiko den Klima Aldaketari buruzkoa.

Euskadi autonomia-erkidego aitzindaria izan da ingurumen-arloko legerian. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legea aldarrikatu zuen 1994an (2014an testu bategina egin zen, egindako aldaketak txertatzeko), eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko Lege Orokorra onartu zen 1998an. Hala ere, Europako jarraibideen ondoriozko legegintza-garapen handia dela eta (2000. urteaz geroztik batez ere), arlo horretako euskal legeria zaharkituta geratzen ari da, eta aplikatzeko zailtasunak agertzen ditu.

Hasiera batean, eguneratzea lege bakar batean jasotzea aurreikusi zen, baina aurretiazko lanetan ikusi zen araua zabalegia izango zela, artikulu asko izango zituela eta herritarrentzat oso konplexua izango zela. Ingurumen-arloko ordenamendu juridikoaren eremu guztiak biltzen eta laburtzen dituzten ingurumenari buruzko lege orokorren garaia joan da dagoeneko. Egiaztatu denez, behar bezala koordinatutako lege sektorialak eraginkorragoak dira ingurumen-sektorean gertatzen diren aldaketen erregulazioari, aldaketa horiek gauzatzeari eta aldaketa horietara egokitzeari dagokionez. Gainera, natura-ondarearen eta biodibertsitatearen kontserbazioa, ingurumen-arloko esku-hartze administratiboa eta klima-aldaketa ingurumen-arloko ordenamendu juridikoaren berezko sektoreak dira, eta ezaugarri berezi garrantzitsuak dituzte babes-tresnen ikuspegitik zein eskumenen ikuspegitik. Hori guztia kontuan hartuta, hiru lege izapidetzea erabaki du Ingurumen Sailak.

Parte-hartzean oinarritutako prozesu irekia

Ingurumen Administrazioari buruzko Legearen eta Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzko Legearen aurreproiektuak lantzeko prozedura konplexua da, eta, aginduzko kontsultez, txostenez eta entzunaldiez gain, herritarrek parte hartzeko prozesu bat egingo da. Prozesu hori hainbat erakunde, kolektibo eta gizarte-eragilerentzat eta herritar guztientzat egongo da irekita, eta aurreproiektuak lantzen diren aldi berean egingo da.

Etorkizuneko Ingurumen Administrazioari buruzko Legeak honako funtsezko eduki hauek arautuko ditu, besteak beste:

 

  • EAEko herritarren babesa ingurumen-presioen eta ingurumen-arriskuen aurrean.
  • Baliabideen kudeaketa efizientea; ildo horretan, klima-aldaketaren eragina mugatuko duen karbono urriko ekonomia jasangarri bat sustatuko da.
  • Erantzunkidetasun publiko eta pribatua ingurumenaren babesean.
  • Informazio publikoa eskuratzeko eta parte-hartze publikorako aukera; alderdi hori bereziki garrantzitsua da herritarrek ingurumenarekin duten kezka kontuan hartzen bada.
  • Ingurumena sustatzeko tresna berriak.
  • Ingurumen-arloko esku-hartze administratiborako prozedura guztien erregulazioa eta antolamendua, sinplifikazio administratiboko irizpideetan oinarrituta; ildo horretan, proiektuak eta jarduerak abian jartzean ingurumenaren eta osasunaren babesa ez kaltetzea bultzatuko da.

Bestalde, Natura Ondarea Kontserbatzeari buruzko Legeak honako alderdi hauek arautuko ditu, besteak beste:

  • Herritarren betebeharrak eta eskubideak.
  • Eskumen- eta antolamendu-erregimena.
  • Natura-ondarearen jakintza, plangintza eta babeserako tresna orokorrak. Besteak beste, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Ondarearen inbentarioa, baliabide naturalen antolamendu-planak, natura-ondarearen egoerari buruzko txostenak eta hartu beharreko neurriak hartuko dira kontuan.
  • Gune babestuak. Tipologia, deskribapena eta erregulazioa.
  • Basoko flora eta faunako espezieen babesa
  • Ikuskapena eta zigor-erregimena.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak