Eu

Fernando Buesa eta Jorge Díez oroitzeko ekitaldietan parte hartu du Eusko Jaurlaritzak

2018.eko otsailak 22

Duela 18 urte ETAk hildako Fernando Buesa eta Jorge Díez oroitzeko Gasteizen antolatutako ekitaldietan parte hartu du gaur Eusko Jaurlaritzak. Arratsaldean, Artium Museoan`Esan-nahi, esanahia, esan nahi´ leloraren bidez egin den ekitaldian izan dira Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriola, Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Alfredo Retortillo, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia, eta Laneko eta Justiziako sailburu María Jesús San José. Bertan parte hartu dute Giza Eskubideen, Bizikidetzaren eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernándezek, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernandok, eta Gogora Institutuko zuzendari Aintzane Ezenarrok.

Hori ez da gaur egin zaien omenaldi bakarra izan, ordea. Goizean, Legebiltzarrak minutu bateko isilunea gorde du eta ondoren, Askatasuneko Lorategiaren Monolitoan, Buesa eta Díez hil zituzten lekuan, lore-eskaintza bat egin zaie eta bertan izan dira, Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Iñigo Urkullu Lehendakaria, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal, Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu Iñaki Arriola, Turismoa, Merkataritza eta Etxebizitzako sailburu Alfredo Retortillo, eta Laneko eta Justiziako sailburu María Jesús San José. Jonan Fernández eta Monika Hernando ere egon dira bertan.

Fernando Buesa eta Jorge Díez ETAk hil zituen 2000ko otsailaren 22an. Beste kargu batzuen artean, Lehendakariorde eta Hezkuntza, Unibertsitateak eta Ikerkuntzako sailburu izan zen Buesa 1991 eta 1995 urte bitartean, eta baita legebiltzarkide ere hil zuten arte. 53 urte zituen. Jorge Díez 26 urte zituela hil zuten; Ertzaintzako agentea zen eta ETAk mehatxatu eta jazarritako pertsonen babes-eginkizunetan egiten zuen lan.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak