Berriak Kultura
Eu

Arraunari laguntzeko hainbat dirulaguntza onartuta (2010-12-28(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2010.eko abenduak 28

Kulturako Sailburuaren proposamena entzunda, Eusko Jaurlaritzak ontzat jo du Orioko Udalari dirulaguntza ematea Arrauneko eta Piraguismoko Teknifikazioko Zentroa berritu eta modernizatzeko. 700.000 euroko dirulaguntza izango da.
Eusko Jaurlaritzaren ustez, Orion Arrauneko eta Piraguismoko Teknifikazio Zentroa berria sortzea lagungarria izango da oso, kirolariak teknikan espezializatu daitezen, hasiera-hasierako urratsetatik eta goi-mailako kirolari izan arte. Kirolarien prestakuntza orobatekoa lortzeko ere lagungarri izango da, hots, kirolean aritzeaz gain, ikasketak ere ondo lantzeko. Zentroaren helburua da proiektu tekniko bakarra lortzea, autonomietan egiten den teknifikazio fasean ez ezik, gerora ere, goi mailako lehiaketa nazionalean aplikatzeko modukoa izango dena; gainera, kiroletarako bereziki iaioak detektatzen lagunduko du proiektuak.

Horrez gain, Arrauneko Euskal Federazioari 300.000 euroko dirulaguntza emateko erabakia hartu du Jaurlaritzak, Legutioko (Araba) estropada-eremua egokitzeko.

Legutioko Urrunaga urmaeleko estropada-eremua egokitzeko proiektua ezinbestekoa da Euskadin arraun olinpikoan behar bezala jarduteko instalazioak egongo badira, gaur egun ez baitago azpiegiturarik halako lehiaketak egin ahal izateko. Eta Urrunagako urmaela ezin hobea izan daiteke estropadak egiteko, baldintza bikainak ditu-eta: nahikoa zabala da eta ez da ibiltzen ez haizerik ez marearik. Halaber, orain arte ez bezala, ez da Euskaditik kanpora joaten ibili beharrik izango, lehiaketak estropada-eremu egokian egiteko.

Azkenik, Donostia Kultura enpresa-arloko erakunde publikoari ere dirulaguntza eman zaio, 15.000 eurokoa, "Emakumezkoen III Kontxako bandera / III Bandera Femenina de la Concha" estropada antolatzeko. Arraun-proba horrek laguntza ematea merezi duela uste du Jaurlaritzak, batetik, emakumeari kiroletan sartzeko bultzada ematen diolako, kirol-ikuskizunetako ekintzetan parte hartzeko aukera emanez, eta, bestetik, banku finkoko emakumeen arrauna jendartean agerian jartzen duelako. Duela gutxi hasi da emakumea kirol modu horretan, nahiz eta gure kostaldean aspalditxotik errotutako kirola izan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan