Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzaren segurtasun-dispositiboak osteguneko partidetarako

2018.eko otsailak 20
Ertzaintzako agenteak Salzburgora joango dira eta Errusiako poliziak Bilbaora iritsiko dira segurtasunean laguntzeko
 
Ertzaintzak segurtasun-dispositibo berezia ezarri du datorren ostegunean jokatuko den Athleticen eta Moskuko Spartaken arteko futbol-partidaren inguruan. Dispositiboaren alde nagusia bihar, asteazkena, hasiko da, Errusiako zaleak partidaren bezperan Bilbaora iristearekin. Moskuko taldeko zuzendaritzak UEFA araudiak aurreikusitako 2.500 sarrerak eskatu ditu, baina taldeko zale gehiago iritsiko da Bilbaora, Errusiatik zuzenean zein penintsulan bizi direnak. Errusiako poliziako hiru agente ere etorriko da Bilbaora, Ertzaintzarekin bertatik bertara elkarlanean jarduteko. Aldi berean, eta Realaren eta Salzburgoren arteko partidaren ondorioz, Ertzaintzako zenbait agente Salzburgora joan da Austriako poliziari laguntzeko.

Aurreikusi da Moskuko Spartak taldea bihar, asteazkena, iristea Bizkaiko hiriburura. Taldearekin batera, partidaren bezperan, zale ugari etorriko da. Athleticek UEFA araudiaren indarrez emandako 2.500 sarrerak dituzten zaleez gain, zale gehiago ere etorriko dela aurreikusi da; izatez, espero da ehundaka zale gehiago hurbiltzea penintsulan bizi diren lekuetatik, batik bat Levantetik eta hegoaldetik.

Ertzaintzak segurtasun-dispositibo berezia prestatu du, hurrengo egunetan herritarren segurtasuna zaintzeko. Dispositiboa hiriaren osotasunean hedatuko da, baina, bereziki, futbol-zelaiaren inguruetan eta barruan, eta partidaren aurretik, partidaren unean eta partidaren ondoren.

Horretarako, zenbait bilera egin dute Ertzaintzak, Bilbaoko Udaltzaingoak eta Athleticen segurtasun-zerbitzuak, baita Errusiako poliziak ere. Izatez, Errusiako poliziako hiru agente etorriko da Bizkaiko hiriburura “in situ” elkarlanean jarduteko Errusiako zaleak kontrolatzeko neurrietan. Moskuko poliziak, halaber, elkarlanean jardun du Ertzaintzak helarazitako segurtasun-aholkuak Spartakeko zaleen artean zabaltzen, barnean direla San Mamesera hurbiltzeko hartu beharreko bideak.

Horrez gain, zenbait aholku helarazi dira saltokien eta ostalaritzako elkarteen bitartez, edariak kristalezko edalontzietan edo botilatxoetan ez zerbitzatzeko, sor daitezkeen istiluen aurrean terrazetako altzariak kentzeko, eta abar.

Hiriaren osotasunean hedatuko diren zaintza neurriez gain, dispositiboak arreta berezia jarriko du futbol-zelairako sarbideetan eta inguruetan. San Mameseko sarrerako kontrolak zorrotzak izango direnez gero, gomendatzen da garaiz hurbiltzea eta, hartara, metaketak saihestea. Gogorarazten da Kirol Legeak debekatzen dituen objektuak ezin izango direla sartu, hala nola bengalak, petardoak edo ke-poteak. Artefaktu horiek eramaten dituzten pertsonen kontrako zigor-espedientea ireki ahal izango da, eta ezin izango dute futbol-zelaira sartu.

Objektu arriskutsuez gain, legez kanpoko ikurrak edo mezuak dituzten pankartak edo bestelako euskarriak kontrolatuko dira, baita indarkeria eragin dezaketen mezuak dituztenak ere. Edari alkoholdunen edo drogen eraginpean dauden pertsonak sartzea ere eragotziko da.

Ertzainak Salzburgon

Aldi berean, Red Bull Salzburg eta Real Sociedad taldeen arteko partida dela eta, Ertzaintzako lau agente Salzburgon daude Austriako poliziarekin elkarlanean jarduteko. Izatez, Austriako poliziako zenbait agente aurrez Donostian izan da itzuliko partidarako segurtasun-dispositiboa Ertzaintzarekin batera koordinatzeko. Dispositiboaren helburua da partida normaltasunez joka dadin bermatzea eta Salzburgora joango diren Donostiako 2.000 zaleen segurtasuna zaintzea.

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @IbarluzeaGaizka
    2018.eko otsailak 21

    Comentario de Twitter:
    RT @rgartzia: Dispositivos de seguridad de la Ertzaintza para los partidos del jueves... https://t.co/yC5wBuXQH9

  • @rgartzia
    2018.eko otsailak 20

    Comentario de Twitter:
    Dispositivos de seguridad de la Ertzaintza para los partidos del jueves... https://t.co/yC5wBuXQH9

Komunikabideek behera kargatzeko