Berriak Osasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak 5.250.000 euro bideratu ditu 2017an, koordainketa farmazeutikoa gorabehera, beharrean dauden pertsonek agindutako mediku tratamendua jarraitu ahal izateko laguntzetara (Gobernu Bilera 2018-02-20)

2018.eko otsailak 20

Gobernu Kontseiluak gaur baimendu du 2018ko laguntzetarako 6.625.000 euroko gastu zabalgarria, eta laster hasiko da 2017ko 2. epeari dagozkion laguntzak ordaintzen
Euskadi aitzindaria izan da laguntza horiek ezartzen, eta bost urtez jarraian 400.000 eskaera baino gehiago onartu ditu eta 25 milioi eurotik gora ordaindu ditu

Gobernu Kontseiluak gaur baimendu du, Osasuneko sailburu Jon Darpónek proposatuta, 6.625.000 euroko gastua, euren egoera babesgabea dela eta koordainketa farmazeutikoak ezarritako kostu gehigarriari aurre egiterik ez duten pertsonek tratamendu farmazeutikoak jarraitu ahal izatea bermatzeko 2018ko laguntzetarako. 

Laguntza horiek bideratu dira Eusko Jaurlaritzak koordainketa farmazeutikoaren aurrean hasieratik adierazi izan duen kontrako jarreraren baitan, eta gaitzespen irmo horren ondorioz izan zen Euskadi pentsiodunetara eta gizatalde ahulenetara bideratutako konpentsazio-neurriak ezarri zituen Estatuko lehenengo autonomia-erkidegoa, pertsona bakar batek ere ez diezaion utzi agindutako botikak hartzeari arrazoi ekonomikoengatik.

Bost urte hauetan 400.000 laguntza baino gehiago eman ditu Eusko Jaurlaritzak, guztira 25 milioi eurotik gora, eta horri erantsi behar zaizkio 2018ko aurrekontuetan izendatutako eta gaurko Gobernu Kontseiluak baimendutako 6.625.000 euroak (behar izanez gero zabalgarriak).

Iaz, 2017an, Urkullu lehendakariaren gobernuak guztira 5.250.000 euro bideratu zituen artatutako 95.625 eskaeren onuradunentzat. Lehenengo epea 2017ko uztailaren amaieran ordaindu zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, guztira 2.107.989,27 €, eta laster hasiko da bigarren epea ordaintzen.

Honakoak dira 2017ko daturik adierazgarrienak:

- Pertsonako batez besteko laguntzaren zenbatekoa:                         61,72 euro.

- Laguntza handienaren zenbatekoa:                                                 824,34 euro.

- Laguntza txikienaren zenbatekoa:                                                       0,01 euro.

- Pentsiodunen %:                                                                                 % 97,7

- Langabezia-prestaziorik eta diru-sarrerak bermatzeko errentarik jasotzen ez duten eta legezko langabezia-egoeran dauden pertsonen %:                                            % 2,3

Osasuneko sailburu Jon Darpónek azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak koordainketa farmazeutikoaren eraginak arintzeko egin duen ahaleginaren onuradunak egoerarik ahulenean dauden herritarrak direla, eta adierazi du “gure ustez osasunean ekitatea bermatzea uko egin ezin zaion printzipioa da, eta horregatik jarraituko dugu gure osasun-sistema babesteko eta osasunerako eskubidea pertsona guztien eskubidea izan dadin lortzeko lanean”.

Gogoratu behar da Eusko Jaurlaritzak joan den azaroan onartu zuela diru-laguntza hauen dekretua aldatzea beste bi onuradun-talde sartzeko: langabeziako prestazioa jasotzen duten eta legezko langabezia-egoeran dauden pertsonak eta diru-sarrerak bermatzeko errenta (DBE) jasotzen duten pertsonak, euren lan-errentak osatzearren. Bi kasuetan lan-errenta horiek ezin dituzte 18.000 euroak gainditu. Gizatalde horiek batu zaizkie, beraz, orain arte diru-laguntza horiek jasotzen zituztenei: urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituzten pentsiodunak, diru-prestaziorik ez duten eta langabezian dauden pertsonak eta bizitegi-egoera irregularrean dauden etorkinak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko