
Trafiko Zuzendaritzak lehiaketa bat antolatu du gidari hasiberrien artean trafiko-istripuak saihesteko eta mugikortasun iraunkorra sustatzeko
‘Don´t be Dummy!’ programarekin lotuta, “Zuk ez duzu ordezkorik” leloaren bidez, errepideko arriskuen arloan kontzientziatu nahi dira gidari hasiberriak
Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariak eta María Jesús Iturralde Trafiko Zuzendaritzako bide-heziketaren arloko arduradunak gaur goizean aurkeztu dute ‘Don’t be dummy! hezkuntza-programarekin lotzen den “Zuk ez duzu ordezkorik” lehiaketa.Lehiaketa horren bidez, Trafiko Zuzendaritzak trafiko-istripuak saihestu nahi ditu eta mugikortasun iraunkorra sustatu nahi du gidari hasiberrien artean.Gaurtik bertatik eta maiatzaren 6ra bitartean eman daiteke izena www.trafikoa.dontbedummy.eus web-gunean.
“Gaur aurkezten den “Zuk ez duzu ordezkorik” lehiaketaren bidez errepideko arriskuen aurrean kontzientziatu nahi dira gidari hasiberriak edo laster motor-ibilgailu bat gidatuko duten pertsonak, edo lagun gidariekin bidaiatzen duten pertsonak. Era berean, modu seguruan eta iraunkorrean mugitzeko beste aukera batzuk bultzatu nahi dira” adierazi du Sonia Díaz de Corcuera Trafikoko zuzendariak ekimena aurkezteko ekitaldian. Aditzera eman duenez, ekimenak "bide-portaera seguruen aldeko eta mugikortasun iraunkorreko ohituren aldeko konpromiso pertsonala eta kolektiboa islatu nahi du”.
Lehiaketan Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren edo ikasten duten 16 eta 20 urte arteko gazteek parte har dezakete. Bi modalitate hartu dira aintzat: bideoa eta audioa. Bideoaren modalitatean bide-arriskuko egoerak eta egoera horiei aurre egiteko proposamenak islatzen dituzten sormen-istorioak aurkeztu beharko dira, eta audioaren modalitatean mezu argi eta laburrak aurkeztu beharko dira.
Edozein adierazpen artistiko onartuko da (poesia, bertsoa, bideo-klipa, film laburra, animazioa, abestia, koreografia, flashmoba…), baldin eta beharrezko formatuan erregistratzen bada, iraupen maximoa errespetatzen badu (hiru minutu bideo modalitaterako eta bi minutu audio modalitaterako) eta orijinala eta koherentea bada lehiaketaren xedearekin.
Bideo kategoriako lanak banakoak edo taldekoak izan daitezke, baina audio kategorian soilik banako lanak onartuko dira.
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegiturak Saileko Garraio Zuzendaritzak ere sarietan lagunduko du, eta zenbateko desberdineko garraio publikoko bonuak emango ditu, epaimahaiak emandako sailkapenaren arabera. Halaber, saritutako lan guztien egileek bisita gidatua egin ahal izango dute Euskotreneko aginte- eta kudeaketa-postuetan. Bestalde, Interneten boto gehien bildu dituen lanari BTT bizikleta bat eta kasko homologatua emango zaizkio.
Proiektu guztiak formatu digitalean aurkeztu beharko dira, lehiaketarako sortutako orriko estekaren bitartez: www.trafikoa.dontbedummy.eus. Lanen edukiak islatu beharko du bide-portaera seguruen aldeko eta mugikortasun iraunkorreko ohitura seguruen aldeko konpromiso pertsonala eta/edo kolektiboa. Bideoko zein audioko edukiek “Zuk ez duzu ordezkorik” mezua sustatzen lagunduko dute.
Adinen eta sarien araberako kategoriak
Bi kategoria daude: lehena 16 eta 18 urte arteko gazteentzat eta bigarrena 19 eta 20 urteko gazteentzat. Kategoria horietako bakoitzeko bi modalitateetan (bideoa eta audioa) nahi adina lan aurkeztu ahal izango da. Guztira 12 sari egongo da, modalitate eta kategoria bakoitzeko hiru. Ondorio horretarako sortutako epaimahaiak erabakiko ditu lehen eta bigarren sailkatuak, baina modalitate eta kategoria bakoitzak beste sari bat izango du Interneten boto gehien biltzen dituen lanarentzat. Kategoria bakoitzeko lehen sailkatuak 200 euroko balioa duen garraio publikoko bonua jasoko du (pertsona bakoitzeko bonu bat, talde batek irabazi badu), eta bigarren sailkatuak 100 euroko balioa duen garraio publikoko bonu bat. Internet bidez boto gehien jaso dituen lanari dagokionez, BTT bizikleta bat eta kasko homologatua izango ditu saritzat.
Izena emateko epea maiatzaren 6ra arte egongo da zabalik. On line bozketak, berriz, maiatzaren 7tik ekainaren 10era bitartean izango dira zabalik, eta sariak ekainaren 27an ematea aurreikusi da. Web-gunean duzue baldintzei eta sariei buruzko informazio gehiago: www.trafikoa.dontbedummy.eus
‘Don’t be dummy! Zuk ez duzu ordezkorik’ programa ibiltaria
Gaur aurkeztu den lehiaketa “Don’t be dummy! Zuk ez duzu ordezkorik” bide-heziketako proiektuaren parte da. Segurtasun Sailak irailaren 22an jarri zuen abian gazte ikasleei zuzentzen zaien proiektu hau. Proiektuaren aurkezpena Durangon egin zen eta Iñigo Urkullu lehendakaria izan zen bertan. Orduz geroztik, ekimen ibiltariak 14 udalerritan egin du geldialdia (Durangon, Zarautzen, Eibarren, Gernikan, Ermuan, Irunen, Galdakaon, Amurrion, Agurainen, Laudion, Zornotzan, Arrasaten, Eskoriatzan eta Tolosan). Orain arte, berrogeita hiru ikastetxek hartu dute parte jarduera horretan, eta guztira 5.694 pertsona bertaratu da.
Aurreikuspenen arabera, aurten Laguardian, Getxon, Barakaldon, Santurtzin, Bilbaon, Donostian eta Vitoria-Gasteizen, besteak beste, egingo dira saioak.
-
2018-02-23
Comentario de Twitter:
La Dirección de Tráfico impulsa un concurso para prevenir los accidentes de tráfico entre jóvenes y promover una... https://t.co/pO0QrBxFHM