Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak harrera egin die Euskadiko Lanbide Heziketan prestakuntza jasotzen ari diren irakasle txiletarrei

2018.eko otsailak 20
  • Irakaskuntzako metodologia berrien gaineko prestakuntza jasotzen ari dira, Lanbide Heziketako euskal ikastetxeetan
  • Txileko Gobernuak finantzatzen duen programa bateko kide dira

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin eta Jorge Arevalo sailburuordearekin batera, Txileko lizeo teknikoetako irakasle talde bati harrera egin dio gaur eguerdiz Lehendakaritzan. Irakasle talde hau gure artean da hilabete hauetan, Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeetan, irakaskuntza prozesuko aldaketa metodologikoaren inguruko prestakuntza jasotzen.

Txileko lizeo teknikoetako 17 irakasle dira –lizeo horietako zenbait unibertsitate ospetsuek administratuak izanik, hala nola, Santiagoko Unibertsitateak edo Txileko Unibertsitate Katolikoak-, guztiak ere hango Hezkuntza Ministerioaren beka jaso dutenak, Técnicos para Chile programaren barnean. Programa hau, Txileko Gobernua bultzatzen ari den Hezkuntza Erreformaren baitan funtsezkotzat jotzen da.

Iazko azaroaren erdi aldera iritsi ziren Euskadira irakasle hauek, eta datorren martxoaren 3ra arte Tknikan daude (Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzarako Euskadiko Zentroan) honako ikastaro hau jarraitzen: “Konpetentzien garapena Erdi mailako Heziketa Tekniko eta Profesionalean”. Egonaldi honetan zehar, irakaskuntzako metodologia aktibo eta kolaboratiboen inguruko prestakuntza ari dira jasotzen irakasleok, eta bereziki, Lanbide Heziketako gure sisteman nola ari den hedatzen ETHAZI eredua (Errendimendu Handiko Zikloen metodologia). Aipaturiko eredu honetan elementu nagusia lankidetzazko ikaskuntza da, erronketan oinarritutakoa. Era berean, metodologia horiek euren ikastetxeetan aplikatzeko proiektua egiteko aholkularitza ere jasotzen ari dira. Izan ere, hemen ikusia eta ikasia praktikara eraman beharko baitute Txilera itzultzean

Txileko ordezkaritzak txundituta ikusi du nola metodologia honek ikaslearen gainean jartzen duen arreta –izan ere, ikaslea bera baita ikasketa prozesuaren protagonista-, eta nolako garrantzia duten zeharkako gaitasunek bertan, hala nola, talde lanak, erantzukizunak edo ekimenerako gaitasunak.

Técnicos para Chile programa

Gaur goizez Lehendakariarekin elkartu den irakasle talde honekin batera, hobekuntza ikastaroak egiten beste 49 ikasle txiletar ere badaude Euskadin hil hauetan, Lanbide Heziketako ikasleak denak, Txileko Gobernuaren programaren bidez beka jaso dutenak. Sei eta bederatzi hilabete arteko egonaldiak eginez, gazte hauek Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeetan osatzen dute euren prestakuntza, honako arlo hauetan: Diseinu eta fabrikazio mekanikoa; Mekatronika; Elikagaien zientzia eta bioteknologia; Logistika integrala eta ekoizpena; Eraikinen energia-eraginkortasuna; eta Eguzki instalazio fotovoltaikoen proiektuen antolaketa.

Euskadik 2008tik du, Hezkuntza Sailaren bidez, Txileko Hezkuntza Ministerioarekin lankidetza hitzarmena, herrialde hark Técnicos para Chile programa abian jarri zuen lehen urtetik, hain zuzen ere. Lehen urte hartan programak 150 beka eman zituen, eta horietatik 55 bekadun Euskadira etorri ziren prestakuntza jasotzera. Ordutik hona, 525 teknikari txiletar (ikasle nahiz irakasle) izan dira euskal ikastetxeetan euren prestakuntza osatzen. Ikasturte honetan, 66 bekadun txiletar ditugu Euskadin, Txileko Gobernuaren programa horrek aurtengo deialdian eskaini dituen beken %60. Gainerako bekadun txiletarrak Estatu Batuetan, Brasilen, Kanadan, Mexikon eta Zeelanda Berrian ari dira prestakuntza jasotzen.

Tknika (Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzarako Euskadiko Zentroa) arduratzen da Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeen eta Txileko programaren arduradunen arteko koordinazio lanak egiteaz. 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2018.eko otsailak 20

    Interesante intercambio, lo que se espera de estos intercambios es la factibilidad de aplicar modelos educativos en el contexto de nuestros países. El modelo colaborativo tiene una lógica interesante, no obstante, debe ser apoyada desde los ministerios respectivos, ahora, ¿podremos aplicar tales modelos en formaciones basadas en la competencia, el éxito y el individualismo, como se da en tantos países latinoamericanos que miran hacia el país del norte? ¿tendremos seguridad que va a existir seguimiento en las nuevas autoridades chilenas?
    Si se inician procesos de autonomía educacional, en relación a los marcos nacionales, pero manteniendo tales independencias, creo que ello será factible.

Ekitaldiko kargudunak