Eu

Artolazabal Sailburua: "Euskal enpresek sinatutako kontratu mugagabeen kopuruak % 50 egin du gora krisialdiaren hasieratik"

2018.eko otsailak 19
  • 2017an, hirurogeita hamar mila kontratu finkoak gainditu ziren
  • 298.281 pertsona izan ziren iaz sinatu ziren 958.100 kontratuen onuradun
  • Txandaketa-tasa 3,21 kontratukoa da pertsonako
  • Kontratu mugagabeen irmotasunik eza lan-merkatuaren oztopo nagusietako bat da

 

Azken zortzi urtean, 2009tik 2017ra, euskal enpresek sinatutako kontratu mugagabeen kopuruak % 50,8 egin du gora, aldi bereko kontratazio osoa (% 45,9) baino bost puntu gehiago, Lanbideren erregistroen arabera.

Lau urtez itxierak negatibo izaten jardun ondoren, euskal lan-merkatuan kontratu-modalitate horrek izan duen gorakada lehenengoz ikusi zen 2014an; urte horretan, 52.443 kontratu mugagabe erregistratu ziren, 759.149 kontratazioren artean (2013an baino % 17,60 gehiago). Harrezkero, ondorengo urteko balantzeak beti izan dira positiboak, eta % 14,48ko eta % 9,15eko gorakadak izan dituzte, 2015ean eta 2016an, hurrenez hurren.

2017an, lehenengoz gainditu zen atzeraldi ekonomikoaren hasieratik hirurogeita hamar mila kontratu finkoren barrera. Zehazki, iaz 73.328 kontratu sinatu ziren modalitate horretan, guztira zeuden 958.100 kontratazioen aldean; alegia, urte arteko gorakada, mugagabeetan, % 11,90ekoa izan zen (2016an 65.530). Zortzi urte lehenago, 2009an, enpresek 656.317 kontratu sinatu zituzten; horietatik, 48.634 mugagabeak izan ziren, azken ekitaldian baino 24.694 gutxiago.

“2017an zabal gainditu dira 2009tik erregistratutako kontratazio-mailak eta mugagabeen mailak, kontuan hartuta orduan sartu zela Euskadi krisiaren faserik latzenean”, esan du Beatriz Artolazabalek, Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak.

“Azken urteko kontratazio mugagabeen erritmoak hiru edo lau urte gehiagoz mantenduz gero, orain lan-merkatuan aldi baterako kontratuarekin dauden 200.000 pertsonen kontratu-erlazioa finkatu ahalko litzateke, baina hori ez da ari gertatzen”, esan du Artolazabalek.

Lanbideren datuek erakusten dute kontratu mugagabeen egonkortasun baxua edo irmotasunik eza euskal lan-merkatuaren oztopo nagusietako bilakatu dela. Enpleguko eta Gizarte Politiketako titularraren hitzetan, “izan diren lan-erreformek laburtu egin dituzte kontratazio mugagabearen eta aldi baterakoaren arteko distantziak”.

Txandakatze handiagoa

2017an, kontratazioetan ikusitako dinamismoak ez zuen ekarri, kasu gehienetan, enpleguaren sorrera garbia; izan ere, 298.281 pertsona baino ez ziren izan sinatutako 958.100 kontratuen onuradun.

Hala ere, krisialdiaren hasiera dela eta, kontratatutako pertsona-kopurua % 20,6 hazi da. Eremu horretan, lan-merkatuaren bilakaerak agerian uzten du lanpostuko txandakatze-kopuru handi batek jarraitu egiten duela; indize hori pixkanaka igotzen doa 2009tik (pertsonako 2,66 kontratuko tasa, egungo 3,21era iritsi arte). Egoera hori nabarmenagoa da espezializazio-maila gutxien duten gizonezko okupatuen artean.

Testuinguru horretan, administrazio-jarduerak eta informazioa eta komunikazioak dira krisialdian bilakaera onena izan dutenak. Aurkako poloan daude garraioa eta biltegiratzea, bai eta manufaktura-industria ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak