Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak "itxaropena" erakutsi du 2011ra begira "nabarmenki garatzen hasiko garelakoan"

2010.eko abenduak 29

Gabonetako ohiko Euskal Gizartearen Harreran Euskadiko erakunde, politika, enpresa, ekonomia, sindikatu, kultura eta gizarte arloetako ehunka pertsona bildu dira

Patxi Lopez Lehendakariak Gabonetako Jaietan ospatu izaten den Euskal Gizartearen Harrera ekitaldia aprobetxatu du etorkizunerako "itxaropen" mezua igortzeko. Ekonomiaren inguruko mezu baikorra; Lehendakariaren esanetan, 2011 urte gogorra izango bada ere, "nabarmenki garatzen hasiko gara"; baita terrorismoaren aurkako borrokan ere. Lopez jaunak bere "konbentzimendua erakutsi du, amesgaiztoaren amaierara hurbiltzen ari garela" esatean. Terrorismoaren biktimak oroimenera ekarri ostean, egungo terrorismoaren aurkako irmotasun eta tolerantzia zero politikarekiko bere konfiantza adierazi du, ezker abertzalea mugitzen hasi izana lortu duelako. "Mundu hori mugitzen bada, eta askoz gehiago mugituko delakoan nago, lehenbailehen izan bedi, bide bakarra dagoela jakinarazi diegulako da, alegia demokraziak bere arauekin eta balioekin edonolako ikaratik urrun ezartzen duena" azpimarratu du.

Etorkizunerako "Itxaropena" eta "aukera berriak", hori da Patxi Lopez Lehendakariak 2011rako Euskadiri opa diona. "Nabarmenki garatzen hasiko garen urtea" arlo ekonomikoan, zeinetan "guztion askatasuna behin-betiko finkatuko den". Bere interbentzioan Lopez jaunak terrorismoaren biktimak ekarri ditu gogora "amesgaiztoaren amaierara hurbiltzen ari garenaren konbentzimenduarekin". "Horregatik espero dut datorren urtean guztiok Euskadi berria sendotzen ikustea, txantajearen eta terrorismoaren beldurretik urrun" esan du. Askatasun horrek Euskadiren aurrerapena zein bertako herritarrena ekarriko du, "zalantzak eta aldaketak" alde batera utzita, "aukera berriak" ere sortuko dira, horien aurrean Lehendakariak "herri bateratua" defendatu ahal izan dezan. "Krisiaren alderdi gogorrena jasan behar izan dugu, baina Euskadik herri bateratuaren moduan erantzuten jakin izan du, batasuna nagusitzea lortuz. Erakunde guztien lankidetza erakutsi da" erantsi du.

Euskal Gizartearen Harreran, Euskadiko erakunde, politika, kultura, enpresa, ekonomia, sindikatu eta gizarte arloetako ehunka pertsona bildu dira.

Ekitaldian zehar, Eusko Jaurlaritzaren eta EITB-ren eskutik bultzatu den kanpainaren spota erreproduzitu da, Lehendakariaren esanetan "gure ametsetako herria erabat islatzen duen" Demokraziaren Elkarbizitzarako Planaren balioak ezagutzera ematea bilatzen duena. "Ate irekietako Euskadi, herri moderno eta anitza, hiritar askeak, beldurrik gabeak hartzen dituena, guztion artean eratutako gizartea: eskubide berdinak dituzten pertsona ezberdinekin" azpimarratu du.

Bere diskurtsoan, Lehendakariak azaldu du Euskadiko krisi ekonomikoari "aurre egiten asmatu dugula", "Europako batez besteko langabeziaren azpitik gaude, Espainiako gainerako langabeziaren erdia da gurea", jadanik hasiak gara "dirua sortzen berriro". Hala ere, horrek ez du kentzen Eusko Jaurlaritzak "gure etorkizuneko ongizatearen oinarriak bermatzeko" herstura neurriak eta erreforma sakonak egiten jarraitu behar izatea". "Sakrifizioak, soiltasun politikak egungo erreformak, ez dira kapritxo hutsak; zerbitzu publiko unibertsalak, gizarte prestazioak eta herrialde jasangarri, solidario eta lehiakorra bermatzeko egiten ditugu" azaldu du.

Zentzu horretan, Lopez jaunaren esanetan, berreskurapen ekonomiko hori lortzearren "ezinbestekoa da euskal ekonomiaren dimentsioa, ekoizpena eta lehiakortasuna hedatzea" eta enpresariak animatu ditu "mundura irten daitezen merkatu berrien bila, gure produktuen inguruko negozio aukera berrien bila". Arlo honetako Exekutiboaren jarduera arloko beste ardatzetako bat hezkuntza eta prestakuntzaren ingurukoa da, "herriaren apustu horien funtsa" Lehendakariaren ustez "gure enpresen esparrura zein nazioarteko eta berrikuntza iraunkorraren esparrura transferitu ahal izango dugun ezagutzaren sorreran datza, horrek egiten dugun guztiari balio erantsia ekarriko baitio". Eta horri guztiari eskoletako ingelesaren eta teknologia berrien ezarpena erantsi dio.

Bere interbentzioan, Lehendakariak eten bat egin du gogora ekartzeko duela gutxi hildako Sabin Intxaurraga Eusko Jaurlaritzako Sailburu ohia, Zeanurin bere hiletak ospatzen ziren aldi berean. "Sabin Intxaurraga gogora ekarri nahi dut, alkate zein sailburu eta hiritar bezala, bere ideiekiko leialtasunaren izenean egin zuen bere ekarpenagatik", azpimarratu du bertaratuen txalo ugariak entzuten ziren bitartean.

Lehendakariak, ekitaldia amaitzeko, Gabonetako ohiko brindisa egin du, "Euskadiko herritar guztion brindis sinbolikoa, datorren urtean gutxiago banandu eta gehiago elkartu gaitezen eskatuz" erantsi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)