Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
Eu

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak laguntza berriak eskatu ditu euskal zinemagintza sustatzeko Berlinaleren barruan antolatzen den European Film Marketen

2018.eko otsailak 17

-          Hitzordu honen barruan, Europar Batzordeko Ikus-Entzunezko Industrietarako arduradun Lucía Recalderekin bildu da.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Berlinale jaialdiaren barruan antolatzen den European Film Marketen egon da eta bertatik bertara ezagutu ahal izan du euskal zinemagintzak hara eramandako proiektuak. Halaber, eguerdian Lucía Recalde Europar Batzordeko Ikus-Entzunezko Industrietarako arduradunarekin batzartu da. Euskaraz eta Europako beste hizkuntza gutxitutan ekoizten den zinemagintzarako babes nabarmenagoa eskatu du bilera honetan, bai eta Media programaren bitartez Donostiako Zinemaldia laguntzeko ere. 

“European Film Market bezalako erreferentziazko hitzordu honetan azpimarratu nahi izan dugu Europak esfortzu handiagoa egin behar duela euskaraz eta Europako beste hizkuntza gutxitutan ekoizten den zinemagintza laguntzeko. Izan ere, Europatik datozen diru-laguntzen ikuspegitik, euskaraz egindako zinea Espainiakotzat hartzen da, ñabardurarik gabe, eta horrek kaltetu egiten du. Espainiako zinearen industriaren tamaina eta honek Europan duen pisuan kontuan hartuta, euskarazko zinea kaltetuta ateratzen da alderatzen badugu Estatu bat atzean duten beste herrialde batzuetako hizkuntzetan egiten denarekin”, adierazi du Zupiriak.

Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendariarekin batera, Basque Audiovisual markak merkatu garrantzitsu honetan duen gunea bisitatu du eta euskal ikus-entzunezkoaren ordezkariekin bildu da. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren menpe dauden Zineuskadik eta Etxepare Euskal Institutuak Eiken Clusterrarekin duten lankidetzari esker Basque Audiovisual markak gune bat izan du azoka honetan, ICEXen standaren barruan. Basque Audiovisual 29 proiektu dituen katalogo batekin joan da Berlinera ( 14 garapen-prozesuan daude, 8 ekoizpen-fasean eta 7 amaituta edota estreinatuta 2017an), eta hainbat euskal ordezkari hurbildu dira hara. Zupiria sailburua horietako batzuekin egon da:

“Euskaditik hurbildutako ekoizleek, jaialdiek, ikus-entzunezko enpresek eta bestelako eragileek hainbat bilera egiteko aukera izan dutela esan digute. Beste zenbait jaialdirekin, banatzailerekin eta bitartekarirekin egon dira, eta kontaktu hauek emankorrak izan daitezke etorkizunean. Adierazi digutenez, hobekuntza ekonomikoari esker, mugimendu gehiago igartzen da eta gure zinearentzat positiboak izan daitezkeen lankidetzak etor litezke”, azaldu du.

Bestalde, Euskadiko Film Commission erakundeak lehen aldiz merkatuan ordezkatuta izan da, Film Basque Country markari esker. Partaidetza hori izan da plataformaren aurkezpen ofiziala eta filmatze-lanak Euskadira erakartzeko sustapen-bide berriak topatzeko aukera bikaina izango da.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)