Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

16 eta 24 urte bitarteko gazteen % 33,1ek euskara dute ama-hizkuntz

2018.eko otsailak 20
  • Otsailaren 21a, Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna
  • 1991tik 2016ra, hau da, 25 urteko epean, euskara ama-hizkuntza duten gazteen ehunekoa nabarmen igo da, % 20,4tik % 33,1era.

 

Euskadin, euskara da 16 eta 24 urte bitarteko gazteen heren baten ama-hizkuntza (% 33,1). Ehuneko horren baitan, bi egoera bereizten dira: 3 urte bete arte etxean euskara baino entzun ez dutenena, hau da, gazteen % 20,0rena; eta bi ama-hizkuntza (euskara eta gaztelania) dituztenena, hau da, gazteen % 11,1ena.

 Otsailaren 21a Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna izendatu zuen Unescok 1999an. Haurrak 3 urte bete arte etxean jasotzen duen hizkuntzari deitzen zaio ama-hizkuntza. Hizkuntza- eta kultura-aniztasuna bultzatzea du helburu ama-hizkuntzaren nazioarteko eguna ezartzeak, hau da, munduko herri guztiek darabiltzaten hizkuntza guztiak babestea.

 Gazteen Euskal Behatokiak, Euskadiko gazteei dagokien informazio gaurkotua zabaltzeko helburua izanik, Euskadiko Autonomia Erkidegoko gazteen ama-hizkuntzari edo lehen hizkuntzari buruzko datuak aztertu ditu. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika saileko Euskararen Adierazle Sistema (EAS) hartu du oinarri. 25 urtez azpiko gazteen eta beste adin-taldeen datuak konparatzen baditugu ikus dezakegu gazteek dutela neurri handienean euskara ama-hizkuntza.

 1991tik 2016ra, hau da, 25 urteko epean, euskara ama-hizkuntza duten gazteen ehunekoa nabarmen igo da, % 20,4tik % 33,1era.

 Baina datu orokor horiek lurralde historikoen arteko aldeak estaltzen dituzte. Araban 25 urtez azpiko gazteek % 17,3k izan dute euskara ama-hizkuntza (dela euskara bakarrik zein euskara eta gaztelania batera); Gipuzkoan, aldiz, erdiek baino gehiagok (% 55,7) izan dute euskara lehen hizkuntza.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak