Berriak Hezkuntza
qrcode

Ikerbasqueko ikertzaileek Euskadira 26 milioi eurotik gorako funtsak erakartzea lortu zuten 2017an

2018-02-19
  • Ikerbasquek 221 ikertzaile zituen 2017aren amaieran, hiru kategoriatan banatuta: 149 ikertzaile kontsolidatu, 62 ikertzaile gazte eta 10 Research Associate.
  • Ikerbasqueko ikertzaileek 429 proiektu garatu dituzte kanpoko finantzaketaz, eta iazko urtearen amaieran, 804 pertsonak lan egiten zuten ikertzaile hauek zuzendutako taldeetan.
  • 2017an lortutako emaitzak aurreko urtekoak baino hobeak izan dira bai publikazioen kopuru aldetik bai proiektuen lidergoa edota funtsen erakarpenari dagokionez. Hau guztia dela eta esan daiteke IKERBASQUE mundu osoko ikertzaileak erakartzeko polotzat indartu dela eta ikerketa zientifikoaren aldeko apustua errentagarria dela.

Bilbon, 2018ko otsailaren 19an.- 2017aren amaieran, IKERBASQUEk ibilbide luzeko eta lidergo-gaitasun handiko 149 ikertzaile zituen; goi-mailako ikertzaile gazteen harrobia bultzatzen lagunduko duten 62 ikertzaile gazte, eta aurreko bi kategoriak osatuz ikertzaile-karreraren etapa guztiak estaltzea xede duen Research Associate kategoriari atxikitako beste 10 ikertzaile. Guztion ikerketa-lanak oihartzun zabala lortu zuen aldizkari zientifikoetan. Hartara, urte osoan 1.060 artikulu plazaratu zituzten guztira indexatutako argitalpenetan, eta lehenengo aldiz, urteko 1.000 argitalpenen muga gainditu zuten nazioarte mailako kualifikazio handiko hedabide editorialetan.

IKERBASQUEko ikertzaileek 2017an lortutako funtsen guztizko zenbatekoa 26.318.166 eurokoa izan zen (2016an baino 1.5 miloi euro baino gehiago). 2007az geroztik Euskadira 150 milioi euro erakatzea lortu dute guztira. Kanpoko finantzaketaz landutako 429 proiektutatik (aurreko urtean baino 24 proiektu gehiago) bederatzik ERCren (European Research Council, Europako Ikerketa Kontseilua) finantzaketa iz-an zuten. Hauxe da kontinente zaharreko erakunderik ospetsuena, ezagutzaren mugan finkatutako asmo handiko ikerketa-proiektuen sustapenari dagokionez, eta iazko urtearen amaieran, 804 pertsonak lan egiten zuten IKERBASQUEko ikertzaileek zuzendutako taldeetan.

IKERBASQUEk Euskadiko unibertsitate eta I+G zentroetan lan egiteko erakarri dituen mundu osoko ikertzaileak 34 herrialdetakoak dira, gehienak espainiarrak (124), italiarrak (21), alemaniarrak (11), errusiarrak (7), britainiarrak (7), kanadarrak (6), ukraniarrak (5) eta estatubatuarrak (5), baina badira Europa, Amerika eta Asiako beste 26 nazionalitatetako pertsonak ere. Horien artean, gizonak dira nagusi, % 77, emakumezkoen % 23aren aldean.

Ikertzaileen jakintza-arloei erreparatuta, gehienak Zientzia Esperimentaletakoak dira (% 49). % 14 giza eta gizarte zientzietako adituak dira, % 12 teknologia eta ingeniaritzakoak eta gainerako % 25 biologiakoak eta medikuntza-zientzietakoak. Ikerbasqueko ikertzaile hauek munduko zentrorik ospetsuenetatik etorritakoak dira, MIT, Harvard, Oxford eta Stanfordeko unibertsitateak, CNRS edo Max Planck Elkartea tarteko direla.

2017an lortutako emaitzen harira esan daiteke Euskadi zientziaren arloko Europako erreferentetzat posizionatu dela. Nazioartean, Euskadi ikerketa aurreratuko eskualdea dela aitortzen dute dagoeneko, nazioarte mailako euskal ikerketa-taldeei eta bertan nazioarteko kategoriako ikerketa garatzeko eskaintzen diren baldintza egokiei erreparatuta.

Nabarmentzeko moduko lan batzuk

Iaz, IKERBASQUEko ikertzaileek egindako lanen eta nabarmendutako argitalpenen artean, honako hauek aipa daitezke:

  • Xabier Irigoien AZTIri atxikitako Ikerbasqueko ikertzaileak, mikro-plastikoek Ozeano Atlantikotik Artikora osatzen duten eskala handiko garraioa lehen aldiz deskribatzea lortu duen nazioarteko ikertzaile-taldearen ikerketan parte hartu du. Science Advances aldizkari ospetsuan argitaratutako ikerlan hau giltzarrizkoa da arazo honek hamarkada gutxi batzuetan hartu duen garrantzia egiaztatu ahal izateko.
  • Maria José Sanz, iIkerbasqueko ikertzailea eta BC3 - Basque Center for Climate Change zentroko zuzendari zientifikoa, egilekidetzat (Review Editor) aukeratu du Klima-Aldaketari buruzko Adituen Gobernuarteko Taldeak (IPCC), “Klima-aldaketa eta lurzorua: klima-aldaketa, desertifikazioa, lurzoruen degradazioa, lurraren kudeaketa iraunkorra, elikadura-segurtasuna eta berotegi-efektuko gasek lurreko ekosistemetan duten fluxuari buruzko ikerketa” deritzon txosten berezia landuko duen taldearen barruan.
  • Mónica Carril CIC biomaGUNEko ikertzaileak proteinek odolean nanopartikulekin elkartzeko erabiltzen duten modua aztertzea ahalbidetzen duen ikerketa-artikulua argitaratu du Nature Communications aldizkarian. Markatzaile hau giltzarrizkoa da aplikazio biomedikoetarako nanomaterialen diseinuaren esparruan.
  • CIC bioGUNEn lanean diharduen Ashwin Woodhoo Ikerbasqueko ikertzaileak lesionatutako nerbioen birsorkuntzari buruzko egindako ikerketa  garrantzitsuenetakotzat jo du neurozientzia eta autofagiaren arloko The Journal of Cell Biology aldizkari ospetsuak. Ikerlanak frogatu duenez, nerbio-sistema periferikoko zelulek lesio baten ondorioz kaltetutako mielina barnetik kendu eta birsorkuntza-prosesu bat gidatzeko gaitasuna dute.

Helburuko zentroa

Helburuko zentroei dagokienez, Ikerbasqueko 108 ikertzaile EHU/UPV-nlan egiten dabiltza. Gainerako 113k Deustu eta Mondragon unibertsitateetan eta ikerketa zentroetan lanean dihardute, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren menpeko BERC (Basque Excellence Research Centre) izeneko bikaintasunezko bederatzi ikerketa-zentroak tarteko direla.

Hauxe da gaur egun indarrean dauden BERCen zerrenda osoa:

  • Achucarro – Basque Center for Neuroscience (Zamudio)
  • Basque Center for Materials, Applications and Nanostructures (Zamudio)
  • Polymat – Basque Center for Macromolecular Design & Engineering (Donostia)
  • DIPC - Donostia International Physics Center (Donostia)
  • Materials Physics Center (Donostia)
  • Bizkaiko Biofisika Fundazioa (Leioa)
  • BC3 - Basque Centre of Climate Change (Bilbo)
  • BCAM - Basque Center for Applied Mathematics (Bilbo)
  • BCBL - Basque Center on Cognition, Brain and Language (Donostia)

IKERBASQUEk kontratatutako ikertzaileei harrera egiten dieten bederatzi bikaintasunezko zentro eta hiru unibertsitate (EHU/UPV, Deustu eta Mondragon) horiei Ikerketa Korporatiboko Zentroak (IKZ) gaineratu behar zaizkie: biomaGUNE (biomaterialeak), biogune (biozientziak), energiGUNE (energia), eta nanoGUNE (nanozientzia), bai eta osasungintza alorreko Biodonostia eta Biocruces ikerketa zentroak, CEIT-IK4 ikerketa teknikoetarako zentroa, Tecnalia barne daudenikerketa-zentroak eta Globernance (pentsamendu politikoaren ikerketa eta hedapen zentroa). Guztira, Euskadiko 23 unibertsitate eta ikerketa zentro profitatzen dira nazioarteko ikertzaileen erakarpenaz.

IKERBASQUEri buruz

IKERBASQUE, Eusko Jaurlaritzak abiarazitako ekimen baten emaitza da, duela zenbait urtez geroztik autonomia erkidegoko administrazioek, unibertsitateek eta enpresek zientzia-ikerketaren alde egindako apustua sendotzea helburu duena, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Planean jasota dagoen moduan. Euskadi I+G+b alorreko potentzia garrantzitsuenen artean kokatzeko ahalegin honetan, talentua erakartzea da Ikerbasqueren jardunaren oinarrizko ardatza.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)
Beste gonbidatu batzuk
  • Fernando Cossío, Ikerbasqueko zuzendari zientifikoa