Eu

Kirol Lanbideen Legea ezagutzera emateko asmoz, Eusko Jaurlaritzak hitzaldiak antolatu ditu eta honen xehetasunak azaltzen dituen dokumentu bat banatu du

2018.eko otsailak 16

-          Kirolaren eremuko 400 pertsona inguru izan dira jardunaldi horietan; informaziozko dokumentuak 85 galdera eta erantzun planteatzen ditu Legeari buruz.

Kirolaren arloko 400 pertsona inguru izan dira Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaritzak azken asteotan antolatu dituen lau jardunaldietan, Euskadin Kirol Lanbideetarako Sarbideari eta Jardunari buruzko Lege Proiektua ezagutzera emateko. Lege-proiektu hau azaroaren 7an onartu zuen Eusko Jaurlaritzak eta Legebiltzarrean da orain, eztabaidatu eta ondoren onartzeko. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaritzak dokumentu bat ere banatu du kirolaren eremuko eragileen artean, araudi honen inguruko edozein zalantza argitzeko asmoz 85 galdera eta erantzun biltzen dituena.

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaritzak, Kultura eta Hizkuntz Politikako Sailaren menpekoak, lau hitzaldi antolatu ditu Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Getxon Kirol Lanbideen Legea ezagutzera emateko. Guztira, solasaldietan 400 pertsona inguru bildu dira, eta Bilbokoan, esate baterako, 171 lagun batu ziren.

Informaziozko hitzaldi horiek Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondok, Kirolaren Euskal Eskolako arduradun Joseba Bujandak eta Juantxo Landaberea legelariak eman dituzte. Gainera, ordezkari eta eragile ugari bertaratu dira zuzenean edo zeharka lege honek eragiten diena: federazio, klub, administrazio publiko, kirol enpresa eta ikastetxeetako ordezkariak, entrenatzaileak edota monitoreak.

“Solasaldi hauek oso baliagarriak izan dira Lege honen errealitatea araudiaren eraginpean dauden eragileei ezagutzera emateko. Kirolaren eta jarduera fisikoaren eremuko pertsonek zalantzak argitzeko aukera izan dute; gure ikuspegitik funtsezkoa da hori, oso araudi berritzailea baita Euskadin”, adierazi du Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondok.

Lege honen xehetasunak azaltzeko helburu berarekin etorkizunean onetsi ondoren eragingo dieten pertsonei, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaritza dokumentu bat banatzen ari da; 24 orrialde ditu eta 85 FAQ (Frequently Asked Questions / Ohiko Galderak) biltzen ditu araudi honen inguruan. ‘Zergatik da beharrezkoa kirol lanbideen lege bat?’, ‘Nori eragiten dio lege honek zuzenean?’, ‘Behartzen al du lege honek kirolaren eremuan dihardutenek lan-kontratu bat izatera?’, ‘Zer kualifikazioren jabe izan behar duzu lanbide eta jarduera profesional desberdinetan jardun ahal izateko?’ edo ‘Zer desberdintasun dago kirol monitore lanbidearen eta entrenatzaile lanbidearen artean?’. Horiek dira dokumentu honek erantzuten dien galderetako batzuk. Webgune honetan kontsulta daiteke.

Kirol Lanbideen Legea deritzanak ondorengo jarduera profesionalak arautzea du helburu: Jarduera Fisikoko irakasleak, kirol monitoreak, entrenatzaileak eta, azkenik, kirol zuzendariak. Euskadin ia 20.000 pertsonak dihardute lanbide honetan lau eremu horietakoren batean.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak