Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Lanbideren jarduera-hasierari buruzko dekretua onartu da (2010-12-28(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2010.eko abenduak 28

Dekretua, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jardun-hasiera arautzeko eta hari baliabide pertsonal eta materialak esleitzeko baldintzak arautzeko dena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren jarduera-hasierari buruzko dekretua onartu du gaurko bileran. Dekretuak erakunde publiko berriaren barne-funtzionamenduaren inguruko alderdiak jasotzen ditu, ezinbestekoak baitira kudeaketa modu ordenatuan hasi dadin.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren administrazio-kontseilua abian jartzea da alderdi horietako bat. Behin dekretua argitaratuta, Lanbideren estatutuetan aurreikusitakoaren arabera Administrazio Kontseiluan kideak izendatzeko eskubidea duten erakundeek 15 eguneko epea izango dute izendapen horiek egin eta organoko idazkaritzari jakinarazteko. Kontseiluko kideak honela banatzen dira: Gobernuko bost, sindikatuetako bost (egungo ordezkaritzaren arabera, ELAk bi, CC.OO.ek bat, LABek bat eta UGTk bat), eta Confebaskeko bost.

Dekretuaren beste alderdi garrantzitsu bat Erakunde horrek hartzen dituen eginkizunak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean, Egailan, S.A.n eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoan gaur arte bete dituzten langileen (bai lan zuzenbidekoen bai funtzionarioen) integrazioari dagokiona da.

Dekretu-proiektuak zehazten du zein baldintzetan integratuko diren langile horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan. Laburbilduz, funtzionarioen kasuan, administrazio-egoera berean jarraituko dute eta, lan-zuzenbidekoen kasuan, kontratuetan dituzten baldintza eta ordainsari berberekin jarraituko dute, erakunde publiko berriak subrogatuko baititu.

Aipatu behar da, baita ere, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak subrogatu egingo dituela bere gain hartzen dituen eginkizunei buruz Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak, Egailan S.A.k eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak onartuta dauzkaten kontratu eta hitzarmenetatik sortzen diren harreman juridiko subjektibo, eskubide eta betebehar guztiak.

Horrez gain, dekretuak berariaz jasotzen duenez, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak eta Egailan, S.A.k jarraituko dute izapidetzen Lanbide abian jartzen den datan esleitzeke dauzkaten kontratazio-espedienteak, erakunde publiko berriari esleitutako egitekoei buruzkoak izan arren. Esleipena egin ondoren, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua horien jarreran subrogatuko da, kontratua formalizatzeko eta egikaritzeko.

Esandakoa gora-behera, esparru horretan lehen ziharduten erakundeek hasi zituzten eta Lanbide erakundearen jarduerak benetan abiarazten diren egunean amaitzeke dauden espedienteei dagokienez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari dagokio esleitu zaizkion eginkizunei buruzko gainerako espedienteak ebaztea eta betearaztea.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan