Eu

Artolazabal: “2018ko bigarren hiruhilekoan identifikazio digitala ezartzeko proiektua zabalduko dugu; hasierako fasean, Lanbideren 10 bulegotan ezarriko degu”

2018.eko otsailak 16
  • Azken hileotan Lanbideren zerbitzu zentraletan abiarazitako esperientzia pilotuaren ondoren

VG 16 02 18 

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur goizean, Eusko Legebiltzarrean, hauxe esan du: “azken hileotan Lanbideren zerbitzu zentraletan Lanbideren kudeaketari kontrol biometrikoa –hatz-marka– sartzeko egin den esperientzia pilotuaren ondoren, 2018ko bigarren hiruhilekoan, hasierako fasean Lanbideren 10 bulegoren identifikazio digitala ezartzeko proiektua zabalduko dugu”.

 

Artolazabalek Legebiltzarrean esandako hitzen arabera, “identifikaziorako sistema sinplea, azkarra eta segurua gaitu behar da”. 

 

“Aurreikuspenen arabera, bigarren fasean, udatik aurrera, proiektu hori Lanbideren bulegoetatik zabalduko da, informazio hori jasotzeko”, esan du Artolazabal sailburuak.

 

Beatriz Artolazabalen iritziz, “horren bidez hobetu egingo da zerbitzua, erraztu egingo da Lanbideren plantillaren lana, laguntzen kontrol hobea eta zehatzagoa lortuko da eta arindu eta modernizatu egingo da administrazio-izapidea. Gure helburua Lanbide eta bere kudeaketa hobetzea da. Zorionez, teknologia digital berriek aukera ematen digute eremu horretan aurrerapen positiboak egiteko”.

 

“2017aren hasieran, Lanbideren identifikazio- eta erregistro-prozesuetan eraginkortasun eta kontrol handiagoa ezartzeko beharra egiaztatu genuen. Iaz, urte osoan zehar, identifikazio elektronikoaren sistema berrian lan egin dugu”, esan du sailburuak.

 

“Analisi horren ondoren, baliabide digital berria sartuko dugu, herritarren identitatea egiaztatzeko; horretarako, gizarteak gaur egun dituen beharrei erantzungo dieten prozedura arinagoak eta gardenagoak lortzeko beharrezko segurtasun teknikoa eta juridikoa izango ditugu oinarri”, esan du.

 

Sistema zabaldua

Artolazabalen hitzen arabera, “teknologia digital berria gero eta gehiago erabiltzen da finantza-erakundeetan, instituzio, enpresa, kirol-instalazio, aireportu eta abarretako sarbideetan eta abar.

 

“Orain arte, Lanbidek ematen dituen zerbitzuetara sartzen direnen identifikazio-kontrolak bazuen hobetzeko alderdia, dokumentuen bidez identifikatzeari dagokionez. Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailetik Lanbideren zerbitzua hobetzeko ildoak diseinatu ditugunean, planteatu da kudeaketa- eta kontrol-elementu moderno hori sartzea”, esan du Artolazabalek.

 

Enpresek eta beste administrazio batzuek dagoeneko erabiltzen duten zerbitzuaren azalpen teknikoa egitean, Artolazabalek hauxe esan du: “aurreko egoera abiapuntu hartuta, Lanbidek egin duen proposamenak zera planteatzen du: Lanbideko erabiltzaile guztiak identifikatzea, datu biometrikoen bidez. Horretarako, gaikuntza ematen duen xedapena behar da, eta bi helburu hauek betetzen ditu: identitate digitalaren erabileran hobekuntza ekartzea eta pertsonen identitatearen kontrola hobetzea”.

 

“Horretarako, IZENPErekin lanean dihardugu, herritarren identitatea egiaztatzeko. Sistema bat garatu da prozedura telematikoetara jotzeko identitate digitala bermatzeko, datu biometrikoak erabiliz, beste batzuen ordez, besteak beste, koordenatuen txartel, sartzeko gako eta abarren ordez”, esan du Artolazabalek.

 

Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak azaldu duenez, “azken hileotan Lanbideren zerbitzu zentraletan abian jarri dugun esperientzia pilotuan informazioaren biltegiratzearekin, aplikazioaren abiadurarekin, haren sarbidearekin, segurtasun-baldintzekin eta abarrekin zerikusia duten alderdiak landu dira”.

 

Artolazabalek Izenperen presentzia gogorarazi du; izan ere, “proiektu honetan bermatu egiten du une oro informazioa jasotzen duten fitxategiak kudeatzeko, erabiltzeko eta kontserbatzeko arauak betetzen direla, Datuak Babesteko Lege Organikoak ezarritakoari jarraikiz. Hori esanguratsua da proiektu honetan”.

 

Pasa den abenduaren 27an, sailburuaren agindu baten bidez, Lanbiderekiko harremanetarako datu biometrikoen bidez identifikazio elektronikoa ezartzen duen araua prestatzeko prozedura hasi zen.

 

Teknologia berri hori martxan jartzean, aurrerapen handia lortuko da herritarrek administrazioarekin duten kudeaketa eta harremanetan, eta, horrela, hobetu egingo da arreta eta eskainitako zerbitzuen kontrol hobea lortuko da”, esan du Artolazabalek.

 

Artolazabal sailburuaren hitzen arabera, “helburua da prozedura arinagoak, gardenagoak eta karga burokratiko hobea dutenak lortzea, gizarteak gaur egun dituen beharrei erantzungo dietenak eta hura administratiboki sinplifikatzeko eta kontrolatzeko beharra dakartenak.Identifikazio digital berria Lanbidek eskaintzen dituen prestakuntza-ikastaroetako asistentzia-kontrolean ere erabiliko da”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak