Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak terrorismoaren biktimei aitortza eta elkartasuna adierazteko ekitaldia deitu du martxoaren 10erako

2018.eko otsailak 17
  • Deialdia Terrorismoaren Biktimen Europako Egunaren ospakizunen baitan kokatzen da
  • Ekitaldia ordu erdiko elkarretaratzea izango da Bilboko Indautxu Plazan eta euskal gizarte osoko ordezkariak izango dira bertan
  • Aurtengo leloa honako hau da: “Fue injusto.Gizartea eta biktimak, elkarrekin oraina eta etorkizuna eraikiz” 

Eusko Jaurlaritzak, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritza Nagusiaren bitartez, euskal erakundeei eta Euskadiko politika, gizarte, ekonomia, kultura eta hezkuntza arloko eragileei helarazi die erakunde terroristen biktimak aitortu eta haiekiko elkartasuna adierazteko datorren martxoaren 10ean egingo den ekitaldian parte hartzeko gonbita. 

Ekitaldia elkarretaratze zirkularra egitea izango da, euskal gizarteak terrorismoaren biktimekiko duen elkartasuna adierazteko. Bilboko Indautxu Plazan egingo da martxoaren 10ean eta ordu erdikoa izango da, 10:30etik 11:00etara. Ekitaldiari amaiera emateko, Iñigo Urkullu Lehendakariak hartuko du hitza. 

Ekimenaren helburuak dira, alde batetik, terrorismoaren biktima guztiak gogoratu eta euskal gizartearen aitortza eta elkartasuna adieraztea eta, bestetik, biktimen eta gizartearen arteko batasuna sustatzea. Aurtengo leloa honako hau da: “Fue injusto.Gizartea eta biktimak, elkarrekin oraina eta etorkizuna eraikiz”. 

Deialdia martxoaren 11ko Terrorismoaren Biktimen Europako Egunaren ospakizunen baitan kokatzen da. Eusko Jaurlaritzak, Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluarekin adostuta, ekitaldia martxoaren 10 larunbatera aurreratzea erabaki du. 

Eusko Jaurlaritzak herritarrei dei egiten die, ekimen honetara batu eta terrorismoaren biktimei elkartasuna eta aitortza adieraztera.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak