Eu

Marcos Muro: “emakumezkoen ekintzailetzak 2020 Erakundeen arteko Planaren eta 2020 Enpleguaren Plan Estrategikoaren laguntza du”

2018.eko otsailak 15
  • “Eusko Jaurlaritzan eta Lanbiden proiektu eta ideiei laguntzeko baliabideak ditugu”.
  • Enplegu eta Gazteriako sailburuordea Vitoria-Gasteizen izan da, “Gira mujeres” programaren aurkezpen-ekitaldian; programa Coca Colak sustatzen du eta elikagaien eta edarien sektorean emakumezkoen lan-gaikuntza eta ekintzailetza ditu xede

 

Vitoria Gasteiz,  2018-02-15

Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak zera esan du: “ekintzailetza Gobernu honen apustua da, eta horren adierazle dira 2020 Ekintzailetzaren Erakundeen arteko Plana eta 2020 Enpleguaren Plan Estrategikoa. Eusko Jaurlaritzan eta Lanbiden, gazteen eta, kasu honetan, emakumeen proiektu eta ideiei laguntzeko baliabideak ditugu. Euskadik, gaur egun, gizarte modernoa eta aurreratua du Europar Batasunean; etorkizunera begira dago”.

 Murok, gaur, Gira Mujeres programaren bigarren edizioaren aurkezpen-ekitaldian parte hartu du. Gira Mujeres prestakuntzako eta aholkularitzako proiektua da; Coca-Colak sustatzen du eta elikagaien eta edarien sektorearekin lotura duen negozio-ideia garatu nahi duten emakumeei zuzentzen zaie. Helburua enplegua bilatzeko duten gaikuntza hobetzea da eta beren ekintzailetza sustatzea, ekintzailetzaren eta enplegagarritasunaren bidez.

 Murok zera nabarmendu du: “genero-berdintasunaren indizeari dagokionez, Europa mailan posizio ona dugu eta horrek jarrera konformista eragin beharrean, Eusko Jaurlaritzari aurrera jarraitzeko eragingarria da. Ezin gaitezke horrekin bakarrik konformatu, eta kontziente izan behar dugu urrats asko ditugula oraindik emateko, berdintasun eraginkorra lortzeko. Datuek erakusten dute gizon eta emakumeen artean soldata-arraila dagoela; emakume gutxiago dago gizon baino erabakiak hartzeko postuetan, eta, nagusiki, emakumeek erabakitzen dute beren lan-ordutegia mugatzea, seme-alabak eta mendekotasun-mailaren bat duten familiartekoak zaintzeko”.

  “Jarraitzen du berdintasun-politikak sustatzeko beharrak; izan ere, herrialde aurreratuenok ere oraindik bide erdian gaude emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko”, esan du sailburuordeak.

 Marcos Murok zera nabarmendu du: “2017-2020 Enpleguaren Plan Estrategiak arreta berezia eskaintzen dio ekonomia- eta lan-jardueran emakumeak erabateko baldintza-berdintasunean sartzea sendo bultzatzen duten neurriak sartzeari, eta helburu gisa ezartzen du ekintzailetzari bide ematea eta, horretarako, gure gizartean horrek duen garrantzia estrategikoaren balioa nabarmentzea. Gure xedea, gainera, plan estrategikoak lan-merkatuan eragin esanguratsua izatea da, eta laguntza jasoko duten 6.000 enpresa berri sortzea. Horietako 5.000, mikroenpresa berriak eta autonomoak; eta 1.000, enpresa berritzaileak”.

 “Hezkuntza-arlotik lan-arlorako iragatea murrizteko programei esker, gazteak ekitera animatzeko neurriak ere sustatzen ditugu. Beraz, 3.500 gazte ekintzaile berriri lagunduko diegu, egungo legegintzaldiak hartzen duen aldi horretan”, esan du Murok.

 Enplegu eta Gazteriako sailburuordeak ekitaldian hauxe esan du: “2017ko arrakastaren ondoren, aurten berriro ere abiaraziko ditugu “Hezkuntza-arlotik lan-arlora igarotzea” eta “Gazte-ekintzailetza” programak, Eusko Jaurlaritzak, Euskadiko hiru unibertsitateek, lanbide-heziketako zentro publikoen elkarteek eta HETEL gizarte-ekimeneko lanbide-heziketako ikastetxe pribatu eta itunduen elkarteak adostuta”.

 Bigarren programa horrek 6.600 euroko diru-laguntza zuzenak ditu, proiektu bakoitzaren lehen urratsak eman ahal izateko, eta azken mailan dauden unibertsitateko ikasleei edo azken urtean titulatu berri direnei eta lanbide-heziketako titulua duten ikasleei zuzenduta dago. Orientazioa eskaintzen da eta ideiarik trinkoenak proiektu erreal bilakatzen dira. Beldurrik gabe.

 Gira Mujeres

Ekimena Espainian eta Portugalen Coca-Cola 5by20 ekimena abiaraztearen ondorio da; horren bidez, enpresak mundu guztian 5 milioi emakumeri eman nahi die gaikuntza, 2020. urtea baino lehen. GIRA Mujeres zenbait erakunde laguntzaileren bidez gauzatzen da, besteak beste: Fundación Mujeres, Alma Natura, Dona Activa, Gurutze Gorria, EmakumeEkin edo Impact HUB.

 Otsailean eta martxoan, emakume interesdunek programaren aukera desberdinetan parte hartu ahalko dute: ekintzailetzaren bidaian edo hiru geralekuko bidaian, ekintzailetzan murgildu nahi duten baina beren negozio-ideia zehaztu nahi duten emakumeei zuzendutako prestakuntza, edo GIRA Mujeres Weekend-en, prestakuntza intentsiboa, ekintzailetzaren azken faseetan dauden edo dagoeneko ekin duten emakumeei zuzenduta.

 Euskadin, GIRA Mujeres Weekend lehen tailerrak martxoaren 17an eta 18an izango dira, Donostiako Impact Hub erakundearen egoitzan, Tabakalera eraikinean. Argibide gehiago: http://www.cocacolaespana.es/gira-mujeres

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak