Berriak Osasuna
Eu

Hasi dira garatzen “elikadura osasungarriaren aldeko ekimen-plana”ren proiektuak, elikaduraren bitartez osasuna hobetzeari begira

2018.eko otsailak 21

Jon Darpón Osasun sailburuak Eusko Legebiltzarrean nabarmendu du abian jarri den Euskadin elikadura osasungarrirako ekimenen proiektuaren bidez, euskaldunei osasun hobea izaten, elikadura-ohitura osasungarriagoak sustatzen eta hartzen eta elikadura desegokiari lotutako gaixotasunen nagusitasuna murrizten lagunduko zaiela

 

Jon Darpón Osasun sailburua, gaur, Eusko Legebiltzarraren Osasun Batzordean agertu da, Bittor Oroz Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearekin, Olatz Garamendi Hezkuntza Saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearekin eta Miren Dorronsoro Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendariarekin batera, pasa den urte-amaieran hasitako Euskadin elikadura osasungarrirako ekimenak proiektua aurkezteko.

Osasun sailburuak azaldu duen bezala, Euskadin elikadura osasungarrirako ekimenak proiektua jarduteko esparru orokorra da, elikaduraren bidez osasuna sustatzeko; bertan, pertsona eta erakunde askok koordinatuta, kolektiboan eta sormenez parte hartzen dute, guztiak giza elikadurarekin lotuta edo gure gizartean ohituren gainean eragina dutenak. Jon Darpónek esan du proiektu berritzailea eta errealista dela, euskal gizartean ohitura osasungarriagoak sustatzeko eta sustraitzeko eta, paraleloan, elikadura desegokiarekin lotutako gaixotasunen nagusitasuna murrizten laguntzeko.

Horretarako, lan-espazioak identifikatu dira hainbat eremutan, besteak beste: ekoizpena, banaketa, kudeaketa, kontsumoa eta kontzientziazioa. Horietarako, joerak aldatzeko eta elikadura-ohitura osasungarriak aldatzeko helburu eta jarduketak proposatzen dira. Zehazki, 18 proiektu zehatzetan kokatzen diren 5 jardun-ildo aurreikusten ditu. Proiektu horiek hasi dira garatzen eta honako gai hauekin dute zerikusia: informazioa eta ezagutza; eragileen inplikazioa; jarduketa bereziak ume, gazte eta helduetan; gizarte-eragina duten kontzientziazio- eta gaikuntza-programak; eta kontrol- eta ebaluazio-sistema.

Horrela, proiektuak emaitza positiboak aurreikusten ditu 1.000 egunetan eta lau helburu zehatz. Horiek posizio errealistatik hautatu dira, eta erreferentzia eta estimulu gisa baliatuko dira, elikadura-ohitura osasungarriak dituen euskal gizartean aurrera egiteko:

 

  1. % 20 areagotzea egunero fruitua eta barazkiak jaten dituzten gazte eta umeen indizea; alegia, gazteen % 60k fruitua egunero kontsumitu dezan eta % 22k barazkiak egunero kontsumitu ditzan lortzea.
  2. Gatzaren kontsumoa % 20 jaistea, eta egunean, pertsonako, batez beste, 9,6 gramo kontsumitu beharrean, 7,5 gramo kontsumitzea.
  3. Azukre libreen kontsumoa % 20 jaistea, eta egunean, pertsonako, batez beste, 100 gramo kontsumitu beharrean, 80 gramo kontsumitzea.
  4. Euskal herritarren elikadura osasungarriarekin konpromisoa duten eragile eta ekimenen % 50ek sarean lanean jardun dezan lortzea eta, behintzat, Euskadin elikadura osasungarrirako ekimenak proiektua eratzen duten ekintzetakoren batekin bat etorriz.

 

Osasun sailburuaren hitzen arabera, Euskadin elikadura osasungarrirako ekimenak proiektuak elikadurarekin lotura duten eta ohituretan eragina duten eragileen konpromisoa behar du. Eremu askotatik egin behar dugu ahalegina: familia, administrazioak, osasun-sistema, hezkuntza-sistema, elikagaigintza, ostalaritza eta jatetxeak, komunikabideak eta gizartea, oro har. Elkarrekin eta ikuspegi zabalarekin baino ez dugu lortuko gizarte osasuntsuagoa, esan du.

Ikuspegi zientifikotik, ez dago zalantzarik: elikagaiek eta horiek prestatzeko moduak zerikusi handia dute pertsonen osasun-egoerarekin. OMEk berak nabarmendu du, gaur egun, munduan osasunerako hamar arriskuetatik, sei zuzenean daudela elikadurarekin lotuta.

Elikadura, beraz, pertsonen osasun- eta ongizate-egoeraren funtsezko elementua da.Osasunaz hitz egitean, onartzen da elikadura-jokabide batzuk babeserako edo arriskurako faktore direla, minbiziaren, diabetesaren, hipertentsioaren, kardiopatia iskemikoaren eta obesitatearen kasu askotarako.

Ildo beretik, balioespen batzuek zehazten dute, gaur egun, Euskadin gaixotasun kronikoen % 95ek lotura izan dezakeela elikatzeko ohiturekin, nutrizio-defizitekin edo ariketarik ez egitearekin, besteak beste.

 

Vitoria-Gasteiz, 2018ko otsailaren 21a

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @jdarpon
    2018.eko otsailak 21
  • @jdarpon
    2018.eko otsailak 21
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak